Hizkuntz eskubidea jomugan

Hizkuntza eskakizuna jomugan

Maier Ugartemendia / Itzea Urkizu 2014ko mar. 25a, 10:32

Anoetako Udala izan zen kontratu publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeagatik helegitea jaso zuen lehen udaletako bat.
Espainiako Gobernuak 39 udalen aurka jo du iaztik; aurten Tolosakoa salatu du.

Hautsak harrotu dituzte beste behin ere Karlos Urkijo, Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak, euskararen erabilera bermatzeko akordioa sinatua duten udalen aurka jarritako salaketek. Iaztik 39 udalen kontra jo du Espainiako Gobernuak. Aurten Tolosako eta Beizamako udalak salatu ditu, eta 26ri errekerimenduak bidali dizkie. Iaz, berriz, 11 udalen aurka egin zuen; Anoetakoa izan zen Espainiako Estatuko abokatuak jarritako helegitea jaso zuen lehenengoetarikoa.
Auzia 2012ko udazkenean abiatu zen. 2009an Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizaziorako hartutako erabaki batzuk gauzatzea erabaki zuen; kontratazio publikoetan klausula batzuk gehitzen hastea, hain zuzen ere.
Orduan jada hasi ziren gai honen inguruko gorabeherak. Izan ere, oposizioko alderdiek euskara inposatu nahi zuela salatu zioten diputazioari. Karlos Urkijok ere iragarri zuen auzia ikertuko zuela. Bitartean, diputazioak kontratazioetan euskararenaz gain, bestelako irizpideak ere kontutan hartzen direla defendatu zuen.


Udalerrien urratsa
Gipuzkoako diputazioak 2012an egin bezala, 2013ko urtarrilaren hondarrean erakundeen ardurapeko lanetan eta zerbitzuetan euskarak tokia izan dezan bermatzeko, Gipuzkoako 36 udalerrik aurrerapauso bat ematea erabaki zuten. Orduan, UEMAko kide ziren Tolosaldeko 15 herrik eta Ibarrak, Tolosak eta Zizurkilek ere bat egin zuten erabaki honekin. Helburua kontratu publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzea zen. Honela, herritarrentzat eta erakundeentzat euskararen erabilera areagotzea nahi zuten. Udalen nahia erakundeek enpresen esku uzten dituzten obretan eta zerbitzuetan euskara bermatzea zen, eta irizpide horiek kontratu guztietan jartzea erabaki zuten.
Erabaki honen aurrean, Karlos Urkijok hizkuntza bazterkeriarik izaten ez zuela utziko adierazi zuen, eta berehala, ikerketari ekin zion. Maiatzean erabaki horien atzean delitu zantzuak zeudela argudiatuz helegiteak jarri zizkien zenbait udalei: Lezokoa eta Anoetakoa izan ziren helegite hauek jasotzen lehenak. Pello Estanga, Anoetako alkateak, bere udalak «historikoki» euskararen aldeko erabakiak hartu izan dituela adierazi zuen, eskainitako agerraldi publiko batean: «herritarren %70a euskaraz bizi da eta gure helburuetako bat euskara baztertua ez egotea izan da». Hala ere, argi zuen kontratazio publikoetan euskara sustatzeko neurri horien garapenean lanean jarraituko zutela adierazi zuten.


Etenik gabe
Aipatu bezala, Espainiako Gobernuak euskararen eskakizun honegatik Gipuzkoako udalen aurka egiten jarraitu du. Guztira 26 errekerimendu egin ditu eta bi salaketa ere jarri ditu. Bi horietako bat Tolosako Udalari jarri diote, gainera. «Eraso» hauei aurre egiteko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat herritako udal ordezkariek erantzun bateratu bat eman zioten pasa den astean, Espainiako Gobernuaren jarrera «gogor» salatzeko.  
Agerraldi honetan, diputazioko Euskara zuzendaria den Zigor Etxeburuk ziurtatu zuen hizkuntza politikan hasitako bideari eutsiko diotela: «gure barne antolaketaren kontra egin du gobernuak, baina gu aurrera goaz. Nahi badu, epaitegietan elkar ikusiko dugu».
Gaineratu zuen Espainiako Gobernuaren arabera, hari dagokiola kontratazioak kudeatzea; haren eskumena besterik ez dela diote. Eusko Jaurlaritzak, ordea, kontratazio orotan hizkuntza irizpideak ezartzera derrigortzen ditu bai udalak eta bai diputazioa. Ondorioz, «horma baten aurka» egongo balira bezala sentitzen dira, Etxebururen hitzetan: «Baten arauak eta bestearen inposizioak ditugu aurrez aurre. Harrapatuta gaude, euskarari behar duena eskaini ezinik».
Aurrera begira Urkijoren helegiteek zer nolako ibilbidea izaten duten ikusi beharko da; eta honen aurrean udalek zer nolako erabakiak hartzen dituzten.

 

 
 

Inaki Irazabalbeitia, Tolosako Udaleko Hizkuntza Politika zinegotzia

"Auzi hau pasatu behar dugun sukar moduko bat dela uste dut"

Tolosako Udaleko Hizkuntza Politika eta Hezkuntza zinegotzia da Inaki Irazabalbeitia (Donostia, 1957). Hizkuntza irizpideen aurkako helegitea erasotzat du Udal Gobernuak, eta erantzun bateratua eman behar zaiola uste du.

Espainiako Gobernuak auzitara eraman du Tolosako Udala kontratazioetako hizkuntza irizpideetan euskara lehenesteagatik.
Urkijo jaunaren eskakizun bat jaso genuen duela pare bat hilabete. Bertan galdera bat egin zigun: ea Tolosako Udalak bat egiten duen Gipuzkoako Foru Aldundiak kontratazioetan hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko omen duen plan horrekin.
Zein izan zen zuen erantzuna?
Guk horrelako erabakirik ez dugula hartu erantzun genion, eta ez dugula erabaki hori hartu izanaren dokumenturik. Guk udalaren barruan erabiltzen ditugun irizpideak legeak ezarritakoak direla ere gaineratu genion.
Horren ondorioz beste jakinarazpen bat jaso duzue, ezta?
Bai, erantzun hori eman eta berehala iritsi zen epaitegiko jakinarazpena. Orain gure ordezkari legalak izendatzen-eta ari gara.
Eta zein da udalaren irakurketa, horren aurrean?
Euskararen normalizazioaren kontrako neurri bat dela uste dugu, legezkoa baita kontratazioetan hizkuntza irizpideak aplikatzea. Esaterako, erakundeek hizkuntza irizpideak ezar ditzakete beren ordez hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuetan; eta hori horrela jasota dago legean. Baina badakigu hainbatek ezin dutela ikusi, Euskal Herriko gizartean, euskarak tokia hartzea. Eta bide beretik, ezin dute ikusi erabateko normalizazio bat gertatzea eta, hizkuntza normalizatu bat den heinean, esparru guztietan euskara erabili ahal izatea, baita administrazioak ematen dituen zerbitzuetan ere.
Izan ere, herritarren eskubidea da erakundeekin euskaraz aritzea, ezta?
Bai, hori da oinarria: herritarrek eskubidea dute administrazioarekin hizkuntza batean edo bestean aritzeko. Orduan, administrazioaren ordez zerbitzu horiek ematen dituzten enpresak ere horretara behartuta daude, administrazioa behartuta dagoen hein berean.
Kontseiluak babesa azaldu dizue. Paul Bilbao ordezkari nagusiak, gainera, Eusko Jaurlaritzak ere babesa eman beharko lizuekela uste du. Zein erantzun espero duzue jaurlaritzatik?
Jaurlaritzarekin harremanetan ari gara. Gainera, Tolosako Udalean dago Jokin Azkue, Euskara Sustatzeko Batzordeko burua. Azkuek eta Tolosako EAJko taldeak erabat babesten dute Udal Gobernua auzi honetan egiten ari den bidea, orduan, ikusi egin behar da zein mekanismo bateratu daukagun honi guztiari erantzuteko eta elkarlanean aritzeko. Izan ere, niri ezinbestekoa iruditzen zait Urkijo jaunaren eraso horri erantzun bateratu bat ematea, ahal den heinean.
Politikari eta erakundeen babesaz gain, herritarrek gertakari horri aldarrikapenekin erantzungo diotela iruditzen zaizu?
Herritarrek aldarrikatzeko modurik onena dute administrazioekin dituzten harremanetan euskaraz aritzea. Esaterako, laster hasiko den errenta aitorpenaren kanpainan aukera dago euskaraz egiteko. Herritarrek aitorpena euskaraz eginez, beraz, lagundu egingo lukete administrazioa euskalduntzen; areago, administrazioak Urkijo jaunari eta Espainiako Gobernuari esan beharko lioke, herritarrek eskatzen dutena egiten ari direla. Joan den urtean, esaterako, herritarren ia %20k aitorpena euskaraz egin bazuen, aurten erantzun polita litzateke %25era iristea; beren erantzunak bide horretatik joan behar duela uste dut. Horrez gain beren iritzia azaldu nahiko balute, egunkarietan gutun bidez eta abar, ondo legoke; eraginkorrena, dena den, administrazioarekin euskaraz aritzea da.
Auzia epaitegietara iritsiko balitz, Espainiako Gobernuak zerbait egiteko aukera izango luke hizkuntza irizpide horiek deuseztatzeko?
Egia esan, ez dakit noraino iristeko borondatearekin dabiltzan. Baina garbi dago, euskara Euskal Autonomia Erkidegoan ofiziala den heinean eta euskararen legea dugun heinean, herritarrek administrazioarekin hizkuntza batean zein bestean aritzeko eskubidea dutela; ondorioz, administrazioak hori bermatu egin behar du. EAEn dugun lege horren aurka egiteko, gainera, estatutua aldatu beharko lukete. Eta ez zait iruditzen horretara iristera ausartuko liratekeenik, nahiz eta PPko gobernua beste esparru batzuetan egiten ari dena ikusita, ez litzatekeen oso harritzekoa izango.
Denborak esango du, beraz?
Auzi hau pasatu behar dugun sukar moduko bat dela uste dut, eta PP eta Urkijo jauna hor dauden bitartean jasan beharko dugula. Izan ere, hau guztia ez da berria eta lehen ere egiten zituzten horrelakoak. Beharbada, Madrilgo gobernuan aldaketaren bat gertatuko balitz, eta, ondorioz, gobernu ordezkaritzan, jarrera beste bat izan zitekeen. Hala ere, horrek ez du esan nahi, guk, euskaldunok eta euskaltzaleok, ez dugunik tinko eta gogor erantzun behar, gure indar guztiarekin eta ahalik eta adostasun handienarekin.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!