Hizkuntz eskubidea jomugan

Euskaraz bizitzeko deia Urkijoren salaketaren aurrean

Ataria 2014ko api. 8a, 17:00

Tolosako Aralar, Bildu eta EAJ alderdiek Euskara Batzordean onartutako hizkuntza irizpideak babesteko agerraldia egin dute.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, Tolosako Udalari hizkuntza irizpideak onartu izanagatik salaketa jarri zion duela aste batzuk eta Aralar, Bildu eta EAJ alderdietako kideek Euskara Batzordean onartuak izan ziren hizkuntza irizpide hauek babestu dituzte.


2013ko urte hasieran onartu zituen Tolosako Udalak hizkuntza irizpide orokorrak, tartean baita kontratazioetako hizkuntza irizpideak ere. Lehendik aplikatzen ziren irizpide horietako asko, eta batzordean adostu ondoren irizpide horiek dokumentu batean bildu zituzten.


Orain, Carlos Urkijok Tolosako Udalari salaketa jarri dio irizpide hauek onartu izanagatik eta eskualdeko beste hainbat udalei ere errekerimendua egin die: Irura, Albiztur, Anoeta, Ibarra eta Villabona. Hortaz, orain epaitegietako bidea jorratu beharko du Tolosako Udalak ere.

Honen aurrean, Euskara Batzordean parte hartzen duten Aralar, Bildu eta EAJ alderdiek hainbat puntutako adierazpena onartu dute. Batetik, hizkuntza irizpideak «euskaraz bizi nahi duten tolosarrek eskubidea» izan dezaten onartu dutela esan dute. Bestetik, irizpide hauekin euskaraz ez dakitenen hizkuntza eskubideak ere «bermatzen» direla azpimarratu nahi izan dute. Hirugarrenik, adierazi dute euskara Tolosan hizkuntza ofiziala bada ere, «berdintasun sozialetik» urrun dagoela eta horregatik, hizkuntza irizpideak onartzea beharrezkoa ikusi dutela «berditasunera hurbiltzeko». Eta hori dela eta, Espainiako ordezkaritzaren jarrera ez dutela «onartzen» ere azpimarratu dute.

Gauzak honela, orain arte egin den moduan «euskaldunak euskaraz bizi daitezen eman beharreko pausuak ematen» jarraituko dute, betiere guztien «hizkuntza eskubideak bermatuz».

Azkenik, euskarari bidea zabaltzeko «tolosarrak euskaraz bizitzera» animatu nahi izan zituzten eta horretarako aukera bat errenta aitorpena egiteko garai honetan errenta aitorpena euskaraz egitea litzatekeela gogorarazi dute.

«Esku-hartzea gelditu»

«Euskararen normalizazioa helburu duten neurriak» babesteko eta, “Estatuen esku-hartzea salatzeko”, elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak biharko, 19:00etan, Euskal Herriko hainbat udaletxeren atarietan. Tolosaldean, Tolosan egingo da elkarretaratzea. Hau da, eskualdeko herritar guztiei dei egin diete elkarretaratze hau babestera joateko.

Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak eta Tolosako zein Gipuzkoa eta Tolosaldeako hainbat euskaltzalek iragarri zuten protesta Tolosan eginiko agerraldi batean.

Bilbaoren esanetan, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako Estatuen esku-hartzeak ez dira berriak, “mendez mende pairatu behar izan ditugu horrelakoak euskaldunok. Azkenaldian aspaldiko erarik agerikoenean ari direla bi Estatuak”. Baina, zehaztu zuten horiek ez direla azkenaldiko kanpo esku-hartze bakarrak izan: “Estatu espainiarreko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste 46 udalen aurka egin du azken hilabeteotan, hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!