Hizkuntz eskubidea jomugan

Herritarrek gaurko mobilizaziorako deia egin dute

Ataria 2014ko api. 9a, 16:24

Tolosako hainbat euskaltzalek, "estatuen esku-hartzea salatu" eta "euskararen hizkuntz irizpideak babesteko" Kontseiluak biharko deitutako elkarretaratzea babestu dute. Protesta gaur egingo da Tolosako Plaza Zaharrean, 19:00etan.

“Euskararen normalizazioa helburu duten neurriak” babesteko eta, “Estatuen esku-hartzea salatzeko”, elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak gaurko. Horren harira, eskualdeko hainbat euskaltzalek arratsaldeko 19:00etan Plaza Zaharrera gerturatzeko deia egin dute.

Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak eta Tolosako zein Gipuzkoa eta Tolosaldeako hainbat euskaltzalek iragarri zuten protesta pasa den astean. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak duela aste batzuk jarri zuen salaketa Tolosako Udalaren kontra honek kontratazio irizpideetan euskara lehenesteagatik. Eta eskualdeko beste hainbat udali errekerimendua egin die: Irura, Albiztur, Anoeta, Ibarra eta Villabonari, hain zuzen.

Hizkuntza-eskubidea, giza eskubidea

Egoera honen aurrean, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 9. artikulua nabarmendu zuen Paul Bilbaok, “argia eta zehatza baita zentzu horretan: Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du zeinek bere hizkuntza-sistema kodetzeko, estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko, derrigorturiko edo induzituriko interferentziarik gabe”.

Hala, udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak “herritarron eskubideak bermatzeko urratsak” direla nabarmendu zuen Bilbaok, “eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu erta kanpo esku-hartzea salatzea”. Horren harira gaur 19:00etan Tolosako udaletxearen aurrean 'Estatuen esku-hartzea gelditu' lelopean egingo den elkarretaratzera egin du deia. Bertara joateko deia egin dute, halaber, eskualdeko euskalgintzako eragileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!