Hizkuntz eskubidea jomugan

“Estatuen esku-hartzea salatzeko”, elkarretaratzea deitu dute apirilaren 9an

Ainhoa Oiartzabal 2014ko apirilaren 2a

Tolosako hainbat euskaltzalek eta Kontseiluak deitu dute protesta, gaur, Tolosan. Bertan izan diren euskaltzaleen artean Tolosako Inazio Arregi zegoen, eta Ainhoa Oiartzabal kazetariarekin batera Ataria irratirako hitz egin du.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak bere aldetik, elkarretaratzearen zergatiaren berri eman du.

“Euskararen normalizazioa helburu duten neurriak” babesteko eta, “Estatuen esku-hartzea salatzeko”, elkarretaratzeak deitu ditu Kontseiluak datorren apirilaren 9rako, arratsaldeko 19:00etan, Euskal Herriko hainbat udaletxeren atarietan. Tolosaldean, Tolosan egingo dute elkarretaratzea.
Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak eta Tolosako zein Gipuzkoa eta Tolosaldeako hainbat euskaltzalek iragarri dute protesta gaur goizean Tolosako Plaza Zaharrean eginiko agerraldian. Besteak beste, han bildu dira Lizardi elkarteko Inazio Agirre eta Pepi Gorostidi, Galtzaundi euskara elkarteko Igor Mujika, Euskal Herrian Euskarazeko Xabat Laborde edota Topaguneko Mikel Ozaita.
Tokia ez da kasualitatez hautatu; izan ere, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak duela aste batzuk jarri zuen salaketa Tolosako Udalaren kontra honek kontratazio irizpideetan euskara lehenesteagatik. Eta eskualdeko beste hainbat udali errekerimendua egin die: Irura, Albiztur, Anoeta, Ibarra eta Villabona.
Paul Bilbaoren esanetan, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako Estatuen esku-hartzeak ez dira berriak, “mendez mende pairatu behar izan ditugu horrelakoak euskaldunok, euskal hiztunok. Gertatzen dena zera da, azkenaldian aspaldiko erarik agerikoenean ari direla bi Estatuak”. Besteak beste, LOMCE legea edota Frantziak ikastolen murgiltze ereduaren aurka 1850eko Falloux legea baliatzea jarri ditu adibidetzat.
Baina zehaztu du horiek ez direla azkenaldiko kanpo esku-hartze bakarrak izan: “Estatu espainiarreko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste 46 udalen aurka egin du azken hilabeteotan, hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan”. Izan ere, Tolosarekin batera, beste hainbat udali jarri die salaketa edota egin die hizkuntza-irizpideekin lotutako edozein erabaki jakinarazteko agindua.  

Hizkuntza-eskubidea, giza eskubidea

Egoera honen aurrean, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 9. artikulua nabarmendu du Paul Bilbaok, “argia eta zehatza baita zentzu horretan: Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du zeinek bere hizkuntza-sistema kodetzeko, estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko, derrigorturiko edo induzituriko interferentziarik gabe”.
Hala, udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu dituzten neurriak “herritarron eskubideak bermatzeko urratsak” direla nabarmendu du Bilbaok, “eta zentzu horretan herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu erta kanpo esku-hartzea salatzea”. Horren harira, datorren apirilaren 9an, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan Tolosako udaletxearen aurrean 'Estatuen esku-hartzea gelditu' lelopean egingo den elkarretaratzera egin du deia. Bertara joateko deia egin dute, halaber, eskualdeko euskalgintzako eragileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!