Datorren urtean ere EBAn jokatuko du TAKEk

M.Iraola 2015ko api. 15a, 10:13
Argazkia: Mondraberri

55-77 irabazi du TAKE-k MU-ren aurka eta datorren urtean EBAn jokatuko du berriro.

Berriro ere Arrasaten eta Mondragon Unibertsitatearen aurka. Berriro ere leku horretan eta talde horren aurka. Berriro ere historikoa: EBA ligara igoera lortu zuen TAKEk joan den urtean. Oraingoan, berriz, mantentzea lortu du, denboraldia amaitzeko lau partidaren faltan. Bejondeiela!

Oso konplikatua zirudien urrian. Zertxobait gutxiago azaroan. Abenduan aurrera begiratu zuten. Otsailean eta martxoan, berriz, amestu egin zuten. Eta apirilean, merezita, lehen helburua lortu dute.

Guztiak etxekoak izanda, lan ugari eginda, konpromisoz eta esfortzuz, baita sakrifizioz ere. Zaila zirudien hori, errazago bihurtuz. Gozaraziz.

Garaipen bikaina
Aurreko parrafoak aurtengo denboraldia laburbildu nahi badu ere, lasai asko aplika daiteke larunbateko neurketara, horrelakoxea izan zen eta: ongi borrokatua, taldean landutakoa, eta merezitakoa.

Mondragon Unibertsitatearen aurkako neurketak klasiko bihurtu dira. «Bi taldeek antzeko ibilbidea izan dugu azken urteotan. Ongi ezagutzen dugu elkar, askotan jokatu baitugu elkarren aurka, eta indarrak neurtzeko gogoz izaten gara, ikusirik pasa den urtean izan genuen lehia» dio Yon Gonzalezek.

Joaneko itzulian Usabalen jasotako porrotari buelta emateko irrikaz irten ziren tolosarrak, baina bigarren laurdenean eman zuten erakustaldia: 27 puntu lortu zituzten. Bigarren zatian berdin jarraitu zuten: gogor defentsan eta errebotean. Aipatzekoa Mikel Lakunzak egindako neurketa borobila: 15 puntu pilatu zituen eta bikain zuzendu zuen taldea.

«Ez gara lasaituko»
Azkenean 55-77 irabazi zuen TAKEk eta denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu zuen. Horrekin batera, datorren urtean EBAn izateko txartela eskuratu zuen, aparteko gertaerarik ezean. Baina horrek ez du taldea lasaituko Gonzalezen ustez: «Sailkapenean ahalik eta posturik hoberenean amaitu nahi dugu urtea eta lanean jarraituko du. Beste lasaitasun batekin, baina irabazten jarraitu nahi dugu».

Larunbatean aukera ederra izango dute kantxa gainean, presiorik gabe, gozatzeko. Bigarren sailkatua, Ardoi, izango da Usabalen. «Joko aldetik oso ongi gaudela erakusteko aukera izan daiteke» dio Gonzalezek, lasaitasun apur batekin. Ondoren Valladolid aldera joango dira, urte borobila izan dena ospatzeko asmoz. Izan ere, tolosar ugarik bidaiatuko du talde tolosarrarekin, eta giro bikaina espero da.

Aulkitik: Mikel Lakunza

Erlazionatuak

Apoteosikoa!

M.Iraola 2015 api 22 Tolosa

Izarrak, estu eta larri

M.Iraola 2015 api 01 Tolosa

Zergatik ez amestu?

M.Iraola 2015 mar 18 Tolosa

Helburua begibistan

M.Iraola 2015 mar 11 Tolosa

Indigestiorik gabe

Mikel Iraola 2015 mar 04 Tolosa

Aulkitik: Uxue Lasa

Uxue Lasa 2015 ots 25 Tolosa

Txapela kentzeko modukoa

Mikel Iraola 2015 ots 25 Tolosa

Aulkitik: Ane Aierbe

Ane Aierbe 2015 ots 11 Tolosa

Harmailetatik: Iñaki Azaldegi

Tolosaldeko Ataria 2015 ots 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!