Indigestiorik gabe

Mikel Iraola 2015ko mar. 4a, 12:55

Beste aurrerapauso bat eman du TAKEk Valladoliden 52-54 irabazi eta gero. Bosgarren dira sailkapen nagusian.

Garrantziarik gabekoa dirudien edozein txikikeriak erabaki lezake neurketa bat. Guztia zaindu beharrekoa da kirolean, baita janaria ere. Kirolariak jale onak omen, baina jakitun dira noiz zaindu behar duten.

Valladoliden jokatzen zuen TAKEk asteburu honetan, eta bidaia luzea zenez, etxetik kanpo jatea egokitu zitzaien. Oraingoan, gainera, neurketaren aurretik bazkaldu behar izan zuten. Etxeko taldeak bertako jatetxe batean lekua erreserbatu zien tolosarrei, gizalegez. Jabeari, ordea, fritoak eta plater konbinatuak ateratzeko esan zioten, partidara tripak puztu puztu eginda azaldu zitezen.

Baina azti ibili ziren entrenatzaileak eta joan aurretik jatetxera deitu eta menua adostu zuten: «Eskerrak, bestela, sekulako indigestioarekin azalduko ginateke jokatzera» aitortu zuen atzokoan Yon Gonzalezek Ataria Irratia-n.

Norgehiagoka ere, janaria bezala, ez zen pisutsua egin, nahiz eta hasieran erritmo egokia topatzea kosta zitzaien tolosarrei. «Zailtasunak izan genituen beren jokoa geratzeko, korri asko egin baitzuten, baina jokoari patxada apur bat eman eta berehala hamar puntuko abantaila lortu genuen». Hala ere, atsedenaldiaren aurretik etxeko taldeak gerturatzea lortu zuen defentsako akats batzuk baliatu ondoren.

Bigarren zatiari, ordea, indartsu ekin zion TAKEk: «Defentsan ongi ibili ginen, eta hamabi puntuko aldea zabaldu genuen». Gutxigatik, ordea. Kontrako eztarritik joan ziren ordura artekoak, izan ere, azken laurdenean arazo ugari izan zituzten tolosarrek: «Zortzi minutu t’erdian puntu bakarra sartu genuen, eta ondorengo bi saskiraketak erasoan errebotea hartu eta gero iritsi ziren». Urrearen balioa izan zuten Kaiet, Jon Azaldegi eta Goarren saskiraketek. Valladolidek partida luzapenera eramateko aukera ere izan zuen, baina ez zuten tolosarren defentsa gainditzerik izan.

Eta kontuak kontu, TAKE bosgarren da sailkapen nagusian, hirugarren sailkatutik garaipen bakarrera, eta jaitsiera postuetatik hirura. «Garaipen gehiago pilatzen jarraitu behar dugu, sei garaipenekin dagoen taldeak ez gaitzan inongo momentutan harrapatu. Eta aukera bikaina izango du horretarako larunbatean, Burgosek bisitatuko baitu Usabalgo kantxa. «Joanekoan galdu egin genuen orain arteko partidarik kaskarrenetako bat eginda. Jokalariak gogotsu daude zapore txar hori kentzeko».

Neskek, berriz, ezin izan zuten irabazi Antigua Luberri liderraren aurka baina sentsazio onak berreskuratu dituztela onartu dute entrenatzaileek. 53-39 galdu arren, ongi borrokatutako neurketa jokatu zuten tolosarrek. Zortzigarren postuan daude une honetan.

AULKITIK (mutilak): Iñaki Amondarain

AULKITIK (neskak): Kepa Jauregi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!