Helburua begibistan

M.Iraola 2015ko mar. 11a, 12:31

Hirugarren garaipena jarraian lortu du TAKEk etxean, Burgosen aurka (73-62).

Nork daki zergatik, baina kirolean, eguneroko lanean bezalaxe, izaten dira gauzak nahi bezala irteten ez diren egun horietakoak. Garrantzitsua izaten da, ordea, jokoa hain gustagarria ez izan arren, irabaztea. Hori izaten da sailkapeneko goiko postuetan dabiltzan taldeen gakoetako bat.

TAKEk neurketa ikusgarririk egin gabe irabazi zion larunbatean Burgosi. Presioa eta defentsa baliatu zituzten tolosarrek markagailuan alde egiteko: «Burgosek joko geldoa bilatzen du, eta estatistika onak dituzte joko mota horrekin. Ez zitzaigun komeni» aitortu zuen Yon Gonzalezek neurketa amaieran.

Irabaztea soilik ez, basket averagea berreskuratzea ere ezinbestekoa zen tolosarrentzat. Burgos arerio zuzena duela kontutan hartuta, lasaitasun gehiago izateko garrantzitsua, beraz.

Baina arrakastarako beste gakoetako bat exijentzia izaten da, eta bide horretan, Yon Gonzalez entrenatzailea ez zen guztiz gustura gelditu ikusitakoarekin. Alde batetik, aitortu zuen «azken bi neurketetan, orain arteko defentsarik onenak» egin dituztela, eta horretan oinarritu direla garaipenak. «Zentzu horretan oso pozik nago».

Baina bestalde, erasoko arazoek arduratzen dute: «Ez gabiltz batere fin erasoan, jokalariek jokaldi indibidualak bilatzen dituztelako, taldekako jokaldiak beharrean. Eta guk ez ditugu beste taldeek dituzten izarrak. Talde lana bilatu behar dugu irabazi ahal izateko». Noski, Gonzalez jakitun da zegatik eskatu dezakeen gehiago: «denboraldi hasieratik hona izugarri hazi da taldea, baina oraindik gehiago hobetu dezakeela uste dut».

Entzun Yon Gonzalezen hitzak:

Exijentziaren bide horretatik jarraituz, begibistan duten helburua, EBAn jarraitzearena, ia eskuartean izatera pasa nahi du TAKEk datorren asteburu honetan. Beste arerio zuzen bat izango du parean, Pas Pielagos, eta irabaziz gero, lau neurketako aldea (gehi averagea) izango lituzte bere alde, denboraldia amaitzeko zazpi neurketa bakarrik falta direnean.

Entzun Julen Aranzabalen hitzak:

Neskak txukun
Emaitzek lagundu ez arren, azken asteotan hobera egin du nesken taldeak. Pasa den asteburuan ere aurkari gogor bat izan dute aurrean, Bera Bera, hirugarren sailkatua. 49-40 galdu zuten, baina hortzak erakutsi zituen TAKEk, eta entrenatzaileek azken postutik ateratzeko eskatzen zuten jarrera berreskuratzen ari direla dirudi.

Harmailetatik (mutilak): Nerea Llorente
Aulkitik (neskak): Irati Fuentes

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!