Helburua begibistan. Horixe izan zen pasa den asteazkeneko kronikako titularra. Hala zen, oso gertu zegoen EBAn mantentzea, baina ezin lasaitu. Are gutxiago arerio zuzen baten aurka. Eta ez zen gutxiagorako izan.
Izan ere, neurketa hasieratik estu hartu zuten tolosarrek Pielagos, eta segituan zabaldu ziren aldeak markagailuan. Atsedenaldira 19 puntuko abantailarekin joan baziren ere, hirugarren laurdenean estuasunak iritsi ziren, baina talde lanak bultzatuta garaipena eskuratu ahal izan zuen TAKEk.
Garaipen honi esker, mantentzearen helburua begibistan izatenik, ia eskuartean izatera pasa da talde tolosarra. Azken bederatzi neurketetatik zazpi bereganatu ditu, azken lauak, gainera, jarraian. Bosgarren postuan da sailkapenean, hirugarrenarekin berdinduta, eta jaitsiera postuak, berriz, lau neurketara ditu. Pielagos bera, Valladolid eta Burgos dira jaitsiera postu hori markatzen dutenak, zazpi garaipenekin berdinduta baitaude. Kontutan hartuta gainera, hiru talderekin average aldekoa duela TAKEk, bostekoa litzateke tartea. Eta zazpi neurketa besterik ez dira falta denboraldiari amaiera emateko.
Hau guztia esanda, horra galdera: Eta goruntz begiratuko balu TAKEk? Datozen bi neurketetek erakutsiko dute horrela den ala ez.
Izan ere, larunbatean berriro ere eremu kantabriarrean jokatuko dute tolosarrek, oraingoan Cantbasketen aurka. Santanderreko taldea TAKErekin berdinduta da sailkapeneko hirugarren postuan, baina ez da Usabalen erabateko nagusitasuna erakutsi zuen talde hura. Irregulartasunean murgildu da azken hilabeteotan, eta aukera bikaina izan liteke sorpresa emateko.
Ondoren Estelak egingo du geldialdia Tolosan. Etxetik urrun TAKEk irabazi zienetik, goruntz joan da talde kantabriarra, abiada bizian, fitxaketen laguntzaz.
Orain arte taldeak gauza politak egiteko gai dela erakutsi du, baloreak mantenduz, pausoz-pauso, lana gogor eginez. Baina bide beretik jarraituz, eta orain arte lortutakoa hasieratik amestutakoa bada ere, zergatik ez gehiago amestu?
Nesken garaipena
Azken asteotan hobekuntza nabaria izaten ari zen Kepa Jauregi eta Iker Otañok gidatutako nesken taldea. 49-39 irabazi zuten Erroibibe Irunen aurka, neurketa txukuna jokatuta. Orain, zortzigarren postutik seigarren postura egin dute salto.
Aulkitik (mutilak): Julen Aranzabal
Aulkitik (neskak): Kike Konde