Larunbata, biribila. Arrasateren aurkako partidak egutegian «X» batekin markatuta edukitzen ditugu taldeko askok. Izan ere, talde biok antzeko ibilbidea izan dugu azken urteotan, eta partida asko jolastu ditugu elkarren aurka. Gainera, tentsioz betetako partidak izan ohi dira, eta nahiz eta kantxatik kanpo harreman ona eduki, bakoitzaren irabazteko gogoak etsai izatera eramaten gaitu. Horrez aparte, esan daiteke Arrasateko Iturripe kiroldegiko saskiak aski ezagunak ditugula, batzuk besteok baino gehiago, eta atsegin ditugula.
Gauzak horrela, gogoz ekin genion partidari, eta lehenengo zati nahiko parekatu baten ondoren, markagailutik ihes egitea lortu genuen, amaiera eroso bat edukiz. Beraz, poztasun bikoitza: etxetik kanpo irabazi, eta «Mondra»-ri.
Honek, noski, ospatzera behartu gintuen eta beraz, taldeko koloredunak maisuki prestatutako afari baten ondoren, trago batzuk hartu genituen. «Zarrá»ren hitzetan, taldeko txuriak ezin izan zuen lo egin jasotako dei galdu guztiengatik, batzuk eguna ezin hobeto amaitu zutenaren seinale.
Bukatzeko, aukera aprobetxatuz, eskerrak eman nahi dizkiet TAKE osatzen duten denei. Hemen egon naizen urte guztietan etxean bezala egotea sentiarazi baitidate, eta betirako izango ditudan lagunak egiteko aukera eman baitit.