Azken aurreko partida, bolada luze batean ikusitako onena izan zela esango nuke: 90 puntu, ekipoa entxufatuta, defentsa sendoa, hirukoak plisti-plasta… partida bikaina sailkapenean 2. zihoanaren aurka, eta ondo bukatzeko, askorik sufritu gabe garaipena.
Larunbatean sailkapenean azkenaren kontra aurreko partidaren oroitzapen ezin hobeekin buruan gerturatu ginen Usabalgo “inpernura». Spiker-animatzaileak maiz esaten du, nahiz eta inpernua gu bezalako beteranoon belarriei min egiten dieten musikaren bolumenak dirudien, izan ere, jendea animatzen jartzerik ez zuen lortu, eta bide batez esanda, kosta behar zaio! Euskaldunak gara amigo, eta halaxe jarduten dugu, nahikoa lotsati, isil eta erreserbatu moduan, salbuespenak salbuespen.
Non zen TAKE? Non ezkutatu zitzaizkien aurreko larunbateko gure jokalari trebe eta ausartei, kemena, sendotasuna eta batik bat, punteria saskian sartzerakoan? Astebetean txuritik ia beltzera pasatu ziren, berez, irabazteko partida zenean. Egun txarrak denok ditugu eta baita denboraldi bikaina egiten ari diren TAKEko jokalari hauek ere, baina Kalderero egunak aurreko larunbatarekiko bi desberdintasun ekarri zituen: bata jende gutxiago ikusleen artean (normala Kalderero egunean), eta bestea, Inauterien gertutasunak, tolosarrez osatutako edozein ekipok nozitzen duen aztoramendu, kontzentrazio falta eta hegohaizea buruan.
Ez dakit, baina Inauteriek nahi eta uste baino eragin handiagoa izaten ote dutelakoan nago, aste hauetan burua ez ote den gehiago karrozetan, konpartsetan, gaueko parrandetan, eta harrigarria egiten zaidan Ostegun Gizen bezperako sagardotegian, izan ere, inauterietan parranda gutxi egingo dutenez jokalari askok Ostegun Gizen bezperan sagardotegia egite hori... Alkoholari ongi etorria ematen hasteko modua izango da, Ostegun Gizenekoan gainezka egin ez diezaien jokalariei. Hala izango al da!
Beno, denboraldi bikaina TAKErena, ia inork espero ez genuen bezalakoa. Tartean, honengatik edo hargatik, larunbateko ezusteak, beti ere tristeak. EUTSI TAKE, jokatzen badakizuela astebete lehenago ederki ikusi genuen-eta! 1-2-3 TAKE!!!