Gose greba mugagabea

Garikoitz Etxeberriak gose greba utzi du

Asier Imaz 2013ko aza. 19a, 11:12

Sevilla II espetxe atarian, Elkartasun Martxa
Lizartzan manifestazioa egingo dute igandean, 18:30ean, plazatik abiatuta. Sevilla II espetxean dauden presoen oinarrizko bizi baldintzen alde.

Garikoitz Etxeberria lizartzarrak gose greba utzi du, 23. egunean. Sevilla II espetxetik iritsitako berrien arabera, lizartzarrak osasun arazoak ditu: "Hotz eta ahuldadearen ondorioz eztarria hartuta dauka. Ezin du ura sartu. Giarretako mina dauka, eta listuan odola". Etxeberria, bihartik aurrera itxialdian sartuko dela azaldu dute Lizartzatik.

Lizartzan manifestazioa egingo dute azaroaren 24an, igandean, 18:30ean. Mobilizazioan plazatik irtengo dira, eta gose greban nahiz protestan dauden euskal presoei elkartasuna azalduko diete. Garikoitz Etxeberria lizartzarrak 23 egun egin ditu gose greban. Berarekin batera hasi ziren beste bederatzi kidek gose grebarekin aurrera jarraitzen dute. "Beraiei babesa, elkartasuna eta konpromisoa adierazteko" Lizartzara deitu dituzte eskualdeko herritarrak, manifestazioaren antolatzaileek zabaldu dutenez.

Larunbatean Lizartzatik Sevillara Elkartasun Martxan joan ziren. Bertan 80 lagun inguru elkartu ziren espetxe atarian. Oihu, irrintzi eta abarren artean hartu zituzten gose grebalariek, espetxe barrutik, eta hauek ere modu berean erantzun zioten, baita txalaparta doinuekin ere.

Sevilla II espetxean guztira 13 euskal preso daude. Hauetatik 9 gose greban. Beste lauak osasun arazoengatik ez daude baraualdian, baina bai protestan, itxialdian. Guztiek aldarri bera egiten dute, hau da, oinarrizki bizi baldintzak bermatzea. Garikoitz Etxeberria, adibidez, 2011n eraman zuten Sevilla II espetxera, eta lehen egunetik isolamendu egoeran jarri zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!