Plaza, munduko sukalde bihurturik

Ataria 2022ko mai. 13a, 20:01

Ibarrako plazako aterpea munduko sukaldaritzaren elkargune bihurtu da gaur arratsaldean, Ibarrako Uzturpe Ikastolaren eskutik, Kilometroak proiektuaren barruan. 

'Munduko Gastronomiak Ibarran' izenaren pean festa izan da Ibarrako plazako aterpean, Uzturpe Ikastolako komunitateak antolatuta. Postuz postu, herrialdez herrialde bidaiatzeko aukera egon da, munduko txoko ezberdineko platerek lagundu dute horretan. Besteak beste, Aljeria, Sahara, Honduras, Maroko, Nikaragua, Nigeria, Ekuador, Kuba, Portugal eta Euskal Herriko gastronomia egon da presente.

Izan ere, aurtengo Kilometroak egitasmoaren adarretako bat kulturaniztasuna da. Kulturaniztasun horretan jarri berri du azpimarra Josu Ozaitak Kilometroetako koordinatzaileak: "Ikastolan dugun kulturaniztasunean jarri nahi izan dugu azpimarra eta horri begirako ekitaldietako bat da azoka. Hainbat jatorritako gurasoak daude ikastolan eta komunitateko parte sentitzea nahi dugu. Azken hilabete hauetan saretze bat eta harreman prozesu bat egiten ari gara eta azokan ikusiko dugu emaitza, baina tartean eman den prozesu hori oso interesagarria izan da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!