Elkarrizketa

«KMK egunean urte guztian egiten ari garena erakutsiko dugu»

Asier Imaz-Rebeka Calvo Gonzalez 2022ko mai. 12a, 11:59

Iraileko pintxo tertuliekin ireki zuten Kilometroak urtea eta urriaren 2ra bitarte askotariko ekitaldiak marraztu dituzte; herritar eta eragileen ekarpena goraipatu du Josu Ozaita koordinatzaileak.

Ordizia, Lazkao eta Beasainen artean antolatutako Kilometroetan lekukoa hartu zuenetik, galtzak bete lan ditu Uzturpe ikastolak. Atzera kontaketan urtearen erdia pasa da jada, eta auzolana eta herrigintza ardatz dituzten ekitaldiak antolatzen ari dira. Hurrengo hitzordua bihar bertan dute; munduko gastronomiaren lagin txiki bat ekarriko dute herriko plazako estalpera 18:00etatik aurrera.

Lehen galdera, halabeharrezkoa, zer moduz doa Kilometroak urtea?
Batzuetan gogorragoa izaten ari da eta besteetan samurragoa, baina ondo. Pausoak ematen ari gara pixkana. Momentu honetan Irribartea erakusketa dugu kultu etxean —bihar izango da bisitatzeko azken eguna— eta bihar Munduko Gastronomiak Ibarran azoka izango dugu. Ikastolako jatorri desberdineko gurasoek prestatutako jakiak izango ditugu. 10 postu egongo dira eta pintxoak egongo dira aukeran euro eta erdian.

Izan ere, kulturaniztasuna da Kilometroetako ardatzetako bat.
Ikastolan dugun kulturaniztasunean jarri nahi izan dugu azpimarra eta horri begirako ekitaldietako bat da azoka. Hainbat jatorritako gurasoak daude ikastolan eta komunitateko parte sentitzea nahi dugu. Azken hilabete hauetan saretze bat eta harreman prozesu bat egiten ari gara eta azokan ikusiko dugu emaitza, baina tartean eman den prozesu hori oso interesagarria izan da.

Azokarekin batera maiatza hitzorduz beteta duzue, hala ere.
Orain arte ekitaldi asko izan ditugu eta maiatzean ere asko ditugu. Gipuzkoako ikastoletara joango gara hilabete honetan eta piper landareak eramango ditugu, ikastoletan landatu ditzaten. Piper landareak Irribarra, logoa... barnebiltzen ditu eta sentimendu hori zabaldu nahi dugu. Horrekin batera Infinitu Irribarra aurkeztuko diegu eta parte hartzera animatu.

Eta nola doa Infinitu Irribarra ekimena?
Mundu guztian zabaldu ditugu jada irribarreak. 2.000tik pasa gara eta ibilbide polita egiten ari da. Osatzen jarraitzea da asmoa, eta irribarreen atlas moduko bat osatzea.

Ekitaldiak asko, eta ekitaldi horiek burutu edo antolatzeko eragile asko ere. Pozgarria izango da herriaren babes hori jasotzea.
Bakoitzak bere aletxoa jarri nahi du, eta oso aberasgarria da. Ibarran Uzturpe da eskola bakarra eta denak sentitzen gara parte. Azkenean herritar askok eduki dute harremana Uzturperekin, zeharka edo zuzenean. Denok dugu gure biografian ikastola sartuta. Modu batera edo bestera, herritar asko daude Kilometroak urte honetan bere aletxoa jartzen.

Herritik eta eskualdetik harago iritsi zarete ere, Milimetroak egin zen duela aste batzuk Errenterian, eta orain etxean egingo duzue.
Kilometroak eredua aldatzeko bide horretan urte guztian egingo diren ekitaldiak antolatzea izan dugu buruan eta eskualde desberdinetan Kilometroak antolatzea, Kilometro txiki moduko batzuk. Oarsoaldean egin zen, Errenterian, eta orain etxean tokatzen zaigu. Bederatzi ikastola gonbidatu ditugu, eskualdeka, eta baita ikastola festak antolatuko dituzten ikasleak ere, 400 ikasle inguru elkartuko gara. Harremanak bultzatzea da helburua. Euskal Herriko ikastola desberdinak elkartu eta goiz pasa bat egingo dugu.

Maiatza betea duzue aurretik, eta gero zer?
Maiatza eta gero pixkana Kilometroak egunari begira jarriko gara; hasiak gara, baina horretan sakonduko dugu. Aurretik baditugu erronkak, hala ere. Ibarrako plazatik atera eta Izaskunera iritsi nahi dugu, adibidez. Ekainaren 4an Izaskun Kultura izeneko ekimena izango dugu. Mendi buelta berezi bat antolatu dugu eta ibilbidean zehar Loatzo musika eskolakoak egongo dira, Irene Caminosek erakustaldi bat eskainiko du... hainbat geldialdi izango ditugu eta bidea talde txikitan egin ahal izango da. Bazkari bat ere egingo dugu eta ondoren, Ibarran bertan, bakarlari batzuen musika egongo da, Andoni Ollokiegi... Abuztuan izango dira herriko jaiak eta Irribarra Jangela izango dugu. San Inazio auzoan dagoen Bizi Nahi elkartea hartuko dugu, eta taberna eta jantokia irekiko ditugu Kilometroak gune txiki bat sortuz.

Hilabete honetako azken ekitaldia maiatzaren 28an izango da, eta ez da edonolakoa, kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzue.
Ikastolak 52 urte ditu eta 50. urteurrenean ikasle ohiak bildu nahi izan zituzten, baina pandemiarekin bertan behera geratu zen. Kilometroetan hori berreskuratu nahi izan dugu, eta ikastolatik pasa diren ikasle eta herritar guztiak bildu nahi ditugu, festa moduko bat eginez. Bazkari bat egingo dugu eta arratsaldean kantua eta bideoklipa erakutsiko ditugu. Bazkarian ikasle ohiak bilduko gara, baina abestiaren eta bideokliparen aurkezpenera herritar guztiak gonbidatu ditugu. Aurkezle bat egongo da prozesu guztiaz hitz egiteko.

Eta zerbait aurreratu daiteke urriko Kilometroak egunari buruz?
Egun horretarako boluntarioak lotzea da lehentasuna orain. Egunaren aurreko asteetan Piperraren Ibilbidea izango dugu, hori aurreratu genezake. Euskal Herri osora zabaldutako ekitaldia izango da. Egunari buruz ezin dugu gehiegi aurreratu baina bai esan dezaket, pista bezala, urte guztian egiten ari garen ekimenak erakutsi nahi ditugula egun horretan.

DATOZEN EKITALDIAK


Maiatza

  • Maiatzak 13. Munduko Gastronomiak Ibarran azoka 18:00etatik aurrera eta piper landaketa zein Infinitu Irribarraren aurkezpena ikastoletan.
  • Maiatzak 20. Milimetroak Ibarran; Euskal Herriko ikasleen topaketa.
  • Maiatzak 21. Kantujira herriko abesbatzaren eskutik.
  • Maiatzak 22. Mendiko Orientazio proba herrikoia, Bidetxur elkartearen eskutik. Bi ibilbide egongo dira aukeran; familian egiteko moduko bi ordukoa eta gazte eta helduei begirako lau ordukoa.
  • Maiatzak 28. Ikasle ohien bazkaria eta abestiaren zein bideokliparen aurkezpena.

Ekaina

  • Ekainak 4. Izaskun Kultura.
  • Ekainak 17. Sormenetik Gurera gazteekin, Galtzaundirekin batera.

Abuztua

  • Abuztuak 23-27. Irrabarra jangela Bizi Nahi elkartean.

Iraila

  • Irailak 17-18. Piperraren Ibilbidea.
  • Irailak 18. Dastatu Baratza: dastatzeak, bazkari komentatua...
  • Irailak 24-25. Piperraren ibilbidearen asteburua.
  • Irailak 25. Ikasbide bazkariak.
  • Irailak 28. Galtzakomik Irribarra komiki lehiaketaren aurkezpena, udalarekin eta Galtzaundi Euskara Taldearekin.

Urria

  • Urriak 2. Kilometroak eguna.
  • Urriak 31. Gau Beltza eta eskertze ekitaldia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!