Ibarrako Uzturpe Ikastolak, aurtengo Kilometroak festaren barruan, tokia egin nahi izan dio euskal kulturaren atal garrantzitsua den eskulturaren lanketari eta hedapenari. Horrela, Irribartea izeneko formatu txikiko eskulturekin osatutako bilduma jarri dute ikusgai, Benito Izagirre Kultur Etxean, maiatzaren 13ra bitarte. «Artea, euskara eta Irribarra uztartzen dituen erakusketa da», azaldu dute antolatzaileek.
Felix Aiestaran ikastetxeko irakaslea, Guillermo Olmo eskultorearekin eta Migel Zeberio musikariarekin jarri zen harremanetan. Azken Muga ekimeneko antolatzaileak dira Olmo eta Zeberio, eta ekimenaren edizio batean, euskal eskultore ugariren formatu txikiko lanak bildu zituzten, erakusketa bat osatzeko. Horrela sortu zen Ibarran antzeko zerbait egin eta Kilometroekin uztartzeko ideia.
Nerea Mendizabal: «Irribarrea adierazteko milaka aukera daude, eta hauek, horietako batzuk besterik ez dira»
Eskultura desberdinez osatutako erakusketa kolektibo bat prestatu nahi zuten. Horretarako, sortu berri den Euskal Eskultoreen Elkartearekin jarri ziren harremanetan. «Kilometroak festaren mezua eta irudia diren Irribarra leloa eta logoa gai bezala hartuta, eskultoreei obra txikiak egitea proposatu genien», adierazi du Nerea Mendizabal Irribartea batzordeko arduradunak. Behin artistei proposamena bidalitakoan, euren kabuz hasi ziren mugitzen. «Egun batetik bestera, atxikimendu handia izan zuen proiektuak, eta azkenean, 41 eskultoreren lanak biltzea lortu dugu».
Batzordeko kideak «oso gustura» azaldu dira bildumarako jaso dituzten lanekin: «Arte plastikoa zeinen hizkuntza aberatsa den erakusten du, gai berdinaren inguruan jaso daitezkeen emaitzak askotarikoak direla, alegia. Izan ere, irribarrea adierazteko milaka modu daude, eta hauek, horietako batzuk besterik ez dira. Niri oso interesgarria iruditzen zait, besteak beste, belaunaldi eta genero desberdineko artisten erakusleihoa delako», nabarmendu du Mendizabalek.
Antolatzaileek argi zuten, Ibarran bertan eta inguruko herrietan eskultoreak baleude, bere lanak aurkezteko aukera eskaini behar zietela. «Gerora konturatu ginen, bai hemen, baita oso gertu ere, artista ugari daudela». Azkenean, hiru ibartarren eskulturak lortu dituzte. «Ziur badirela gehiago, ezezaguna den modalitatea delako», nabarmendu du Nagore Leon batzordeko kideak.
Hain zuzen, hori da Euskal Eskultoreen Elkarteak bete nahi duen helburua: gizartea sentsibilizatzea. Horretarako, hezkuntza sistematik ekitea erabaki zuten, eta Kilometroekin lotutako erakusketa izan da osatu duen lehenengotariko bilduma. Bertarako atxikimendua adierazi duten eskultore guztiak, baina, ez dira elkarteko kide.
Ikasleak ere eskulturara bultzatuz
Inguruko herrietako ikastetxeei erakusketara goizez gerturatzeko gonbita luzatu diete batzordeko kideek. «Ez da ohikoa etxetik horren gertu horrenbeste euskal eskultoreen lanak biltzen dituen erakusketa bat ikusteko aukera izatea», adierazi dute. Aldiz, arratsaldez edonork bisitatu dezake erakusketa, 16:00etatik 20:00etara.
Erakusketan dauden obrak salgai daude, eta nahi duenak erosteko aukera du, bai kultur etxean, baita Kilometroak.eus webgunean ere. «Lortutako diruaren zati bat eskultoreentzat izango da, eta bestea, ikastolarentzat». Behin Ibarrako egonaldia amaituta, herri desberdinetan ikusgai jarri nahi dute erakusketa. «Beste espazio batzuetara eraman nahi ditugu eskulturak, lan oso interesgarriak iruditzen zaizkigulako, eta horrela, herritar gehiagok ikusi ahal izango dituztelako».
Oraingoz, herrian dagoela aprobetxatuz, Uzturpe Ikastolako ikasleak erakusketara gerturatzen ari dira bisita gidatuen bidez, eta horretarako, erakusketan parte hartu duten zenbait eskultoreren kolaborazioa edo laguntza izaten ari dira. Asteartean, gainera, artean aditua den Mikel Mendizabal donostiarrak, formazio saio bat eskaini zien irakasleei, arte-hezkuntzaren inguruan.
Nagore Leon: «Eskultoreei luzatu genien galdera bera luzatuko diegu ikasleei: nola adieraziko zenuke 'Irribarra' eskultura bidez?»
Alderdi pedagogikoari dagokionez, ikastolan dagoeneko eskultura unitate didaktiko modura lantzen ari dira DBH-ko 1. eta 2. mailan, eskulturaren historia eta euskal eskultoreak nahiz teknika eta material ezberdinak ezagutzeko. «Maila teorikoa lantzen aritu gara orain arte, eta aurrerantzean, eskultoreekin batera, tailerrak egingo ditugu», azaldu du Mendizabalek.
Unitateari amaiera emateko, ekainean, ikasle bakoitzak bere eskultura proposamen txikia aurkezteko aukera izango du ikasturte amaierako lan bezala. «Erakusketan bere lanak jarri dituzten eskultoreei luzatu genien galdera bera luzatuko diegu: nola adieraziko zenuke Irribarra eskultura bidez?», esan du Leonek. Horiek horrela, ikastolan lantzen ari diren kanpo espazioaren eraldaketako abiapuntua ikasleek Irribartea egitasmoaren barruan sortu dituzten eskultura ideiak izatea nahi dute, eta ikasleek hainbat sortzaileren laguntza izango dute gainera.
Irribartea batzordeko kideek, badituzte aurrera begirako erronka edo asmo gehiago: artista batek edo batzuek material iraunkorrekin egindako lanak herrian bertan jartzea edo, ikastetxeko jolastokia eraberritu dutela aprobetxatuz, eskultoreren bati, bertan jartzeko eskultura bat egiteko proposamena luzatzea dira horietako bi. «Azken hau haurrek jolasteko erabili ahalko lukete, eskalatzeko, adibidez», adierazi du Leonek.
Era berean, Kilometroak 22 ekimenak urriaren 2an egingo duen bukaerako ospakizun egunean, eskultura gunea jarriko dute batzordeko kideek, haurrek eskultoreekin batera material desberdinak sentitu eta landu ditzaten. «Sormenerako espazioa izango da. Umeek material desberdinez eskuak zikinduaz, eskulturak ezagutu, ukitu, landu eta osatuko dituzte», azaldu du Leonek.