Euskal artisten elkargune

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko maiatzaren 6a

Euskal Eskultorren Elkartea sortu berri da. J. A.

Euskal Herri osoko hamarnaka artistak Euskal Eskultoreen Elkartea sortu dute. Beren lana ezagutaraztea nahi dute; horretarako, erakusketa kolektiboak egiten ari dira, eta gaur aurkeztuko dute bat, Tolosan.

Gaur egun, ugari dira eskultura lantzen duten artistak, baina arlo horretako hainbat sortzailek uste dute horietako askoren izenak eta obrak ez direla hain ezagunak herritarren artean. «Eskultore berrien lanak ikustea falta da, izen berriak ekartzea, emakumeenak bereziki», esan du Uxue Lasa billabonatarrak, Euskal Eskultoreen Elkarteko lehendakariordeak.

Hutsune hori bete asmoz sortu dute elkartea Euskal Herri osoko dozenaka artistek. Haien lana herritarrei hurbiltzea dute helburu; horretarako, erakusketa kolektiboak aurkezten ari dira. «Ahalik eta erakusketa gehien egitea da helburua».

Azken sei urteotan Aralarren egin izan den Azken Muga jaialdiak zerikusia du elkartearen sorreran. Hainbat sortzaile bildu izan ditu jaialdiak urtero, eskultoreak tartean. «Jendea batzen hasi zen, eta antolatzeko beharra ikusi genuen». 70 kide inguruk osatzen dute gaur egun elkartea, eta eskultoreak ez ezik, bestelako artistak ere badira. «Elkartea irekia da, eta laguntzaileak ere baditugu, eskulturan ez dabiltzanak baina beren lana eskaintzen digutenak, erakusketak prestatzeko edo herriz herri mugitzeko».

Apirilaren 7an Barakaldon (Bizkaian) zabaldu zuten Bigarrena erakusketan aurkeztu zuten elkarte sortu berria. Hain zuzen, eraikin hartan Euskal Artearen Erakusketa antolatu zuten duela mende erdi. Urteurrenaren harira zabaldu dute erakusketa, 74 eskultoreren beste horrenbeste obrarekin.

Orain, berriz, Gaurko euskal eskultura erakusketa ibiltaria martxan dute. Euskal Herri osoko ehun eskultore baino gehiagoren lanak biltzen ditu. Egun euskal eskulturan lantzen ari diren bideen aniztasunaren lekuko da, askotariko obrak baitaude. «Jendea eskulturara konplexurik gabe hurbiltzea nahi dugu.

Orain arte, Lekunberrin (Nafarroa), Santurtzin (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Angelun (Lapurdi) eta Hazparnen (Lapurdi) egon da ikusgai erakusketa. Gaur, berriz, Tolosako Aranburu Jauregian aurkeztuko dute, 18:30ean. Datozen asteetan, bilduma bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.

Erlazionatuak

Irribarre bat, 41 modu

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 mai 06 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!