ELKARRIZKETA

«Eredu berriarekin ez dugu beste eredu itxi bat egin nahi»

Ataria 2022ko ira. 30a, 11:59

Mikel Egibar Kilometroetako koordinatzaile orokorra. I.S.A.

Berrogeita zortzi ordu ere ez zaizkio geratzen Mikel Egibarri (Zizukil, 1963) urte honetan zehar Ibarran Kilometroekin egin duen lanaren fruituak ikusteko. Kilometroetako koordinatzaile orokorra da eta igandeko egunari aurre egiteko prest dagoela azaldu du.

Azken urte hauetan Kilometroak jaiaren ereduaren inguruan lanketa egiten aritu da Ikastolen Elkartea, eta aurten, eredu berriarekin etorri da ikastolen aldeko jaia; igandean ospatuko da jai nagusia, Ibarran.

Zenbatgarren jaia duzu koordinatzaile moduan?

2016an hasi nintzen lan honekin, eta geroztik horretan nabil. Aurtengoa zazpigarrena izango da.

Nolako egunak ari dira izaten azken hauek?

Exekuziorako fasean gaude, hau da, gauzak planifikatuta daude, eta aurrera eramatea geratzen zaigu. Koordinazioa amaitu da, eta gehienbat muntaiarekin eta egin beharreko gauzekin gabiltza. Bereziki urtean zehar antolatutako edo sortutako egitura guzti hori operatibo mantentzen ahalegintzen ari gara. Hori da gure funtzio nagusia.

Aurten berezia izango da Kilometroak, pandemia osteko lehena izango delako.

Bai, eta pozik gaude berriro itzuli garelako horrelako egoera batera, eta arazorik gabe esan diezaiokegulako jendeari Ibarrara etortzeko urriaren 2an, jai handia egingo dugula. Hori da gure poztasuna.

Lanketa bat egiten ari zineten jaiaren eredua aldatzeko eta pandemia etorri zen. Nola kudeatu zenuten?

Egia da urteetan oso eredu zurruna edo itxia izan duela Kilometroak jaiak. Berdin zen ikastola txiki bat edo handiago bat izan, edo berdin zen Gipuzkoako herri batean ospatu ala bestean. Orduan, 2016. urtean, Kilometroak zer den aztertzen hasi ginen, non kokatzen diren, helburuak zein diren, gaur egungo ikastolen mugimenduaren funtzioa Euskal Herrian zein den... Horren bueltan hasi ginen. Urteetan hor aritu ginen lanean, oso modu ireki eta parte hartzailean, eta martxan jartzeko garaira iritsi ginenean, pandemia madarikatu hau etorri zitzaigun eta ezin izan genuen aurrera eraman. Urte horretan, 2020an, Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak zuen Kilometroak antolatzeko ardura, eta egia esan, lanketa polita egina zuten ordurako, filosofia horrekin hasiak ginen lanean eta lan teoriko polita eginda zegoen, baina Kilometro egunean ezin izan genuen aurrera atera. Geroztik hor izan dugu gordeta lanketa hori, eta esan daiteke aurten egingo dugun eredu berriaren formula horren zati bat badela Zubimusurena.

 

«Jaiak berez badu bere baitan desinhibitzeko joera, bestela, jaia ez litzateke jaia izango»



Eta zertan datza eredu berriak?

Ez da erraza; izan ere, eredu berriarekin ez dugu beste eredu itxi bat egin nahi, beraz, ez dago erantzun bakar bat. Eredu berria doikuntzaren behar horretatik dator, ezin dugu garai batean antolatzen zen Kilometroen oinarri edo planteamendu horretatik jarraitu jaia antolatzen. Jendartea aldatu da, jaia egiteko modua aldatu da, aldarrikapen maila aldatu da... Gauza asko aldatu dira, beraz, Kilometroak nahi eta nahi ez doitu egin behar da egoera horietara. Kilometroak jaia da, baina aldarrikapena ere bada, hau da, 1977. urtean, Kilometroak sortu zenean, jaiaren helburua bazen ekonomikoa, baina bazen aldarrikapena ere. Kasu horretan, zein da gaur egun aldarrikatu behar dugun markoa? Hor dago inoiz baino gehiago azpimarratzen dugun indarra: bost jaien artean osatzen dugun marko nazionala. Hau da, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta Kilometroen artean marko nazional bat osatzen dugu eta denok bat egiten dugu aldarrikatzeko Euskal Herriak bere hezkuntza sistema behar duela. Aldarrikapen hori inoiz baino biziago dago.



Jai ereduari begira ere jarri zarete.

Bigarren hausnarketa horixe da, jaia egiteko eredua zer-nolakoa den. Egia esan, guk gure ekarpena egiten dugu, baina harago doa. Azken hausnarketa guzti hauetan harremanetan egon gara, esaterako, Baztandarren Biltzarrarekin edota Euskal Herria Zuzenean jaialdiarekin, Euskal Herrian dauden esparru ezberdinetako jaialdiak antolatzen dituztenekin, eta denok dauzkagu kezka berdinak. Badago kezka nagusi bat: zer bihurtzen ari da gaur egun Euskal Herrian jaia egitearen eredua? Konplikatua da. Alde batetik, fenomeno sozial bat dago oso orokortua dagoena: dibertitzea parrandarekin lotzen dela. Eta beste aldetik, jaia egiteko ikuspuntu oso globalizatzailea daukagu, dibertitzeko edo jaia egiteko eredua teknologia berriekin hedatzen dugu gaur egun. Beraz, hausnarketa horretatik esaten dugu jai bat garela, jai bat antolatzen dugula, baina hori horrela, zein da guk nahi dugun jai hori Euskal Herriaren ikuspuntutik?

Hori guztia euskaraz.



Guk sortu nahi duguna, metaforikoki, euskararen aldeko plaza bat da. Euskara izan behar du gure jaiaren hizkuntza nagusia eta horrek esan nahi du, aisialdirako, euskararen balorea indartu behar dugula. Eta segur aski hori izango da gaur egun euskarak daukan puntu ahulena. Badugu euskararen erabileraren inguruan egiten diren neurketen berri, baina, egia da, aisialdiaren bueltan, gazteek egiten duten erabileran euskarak puntu ahula duela. Beraz, alde horretatik, gure jaiak euskararen erabilera sustatzeko plaza izan behar du, bereziki, gune ludiko horietan. Jaiak berez badu bere baitan desinhibitzeko joera, bestela, jaia ez litzateke jaia izango. Baina desinhibizio horretan ere ohiturak, bakoitzak bere heziketagatik sortu dituen ohiturak, tartean, linguistikoak, agerian geratzen dira. Horregatik, guk sustatu nahi duguna da jaia egitea, baina euskara izatea hizkuntza nagusia.


Kilometroak antolatzen hasteko eta eragile ezberdinen ideiak biltzeko, pintxo tertulia egin zuten, Ibarrako plazan, iazko irailean. J.M.


Euskararen baloreaz gain, parekidetasuna, inklusibotasuna, aniztasuna eta beste zenbait balore ere txertatzen dituzue jaian?

Teilatu edo txapela baten pean biltzen ditugu balore horiek, errespetuaren teilatuan, zehazki. Gure jaira etorriko dena izan dadila bere buruarekin errespetua erakusten duena, primeran pasa dezala pasatu gabe; norberak jakin behar du modu osasuntsu batean jaia egiten. Gero, baita ere, besteekiko errespetua eskatzen dugu, edozein kasutan errespetatzea aurrean daukan pertsona hori. Ingurugiroa errespetatzea ere bai, jasangarritasunaren ikuspuntutik, eta herria ere zaintzea. Kasu honetan, Ibarrara etorriko dira eta herria zaindu beharko dute. Eta kultura eta hizkuntza errespetatzea ere eskatzen diegu, gure hizkuntza den euskara errespeta dezatela, eta dastatu eta gozatu dezatela gure kulturarekin.

 

«Egin daiteke komunitatea sortzeko jai bat, baina ez guztia parrandara eramanda»



Aurreko eredua zergatik jarri zen zalantzan?

Bi arrazoi nagusi egon dira. Alde batetik, ikuspuntu globalizatu batetik, jaia antolatzeko garaian oso ikuspuntu kontsumista egon da oinarrian. Eta bigarren atala izan zen, kontuan hartuta gure jaiaren publiko nagusia gazteak direla, zein punturaino ari ginen ez antolatzen helduentzako zerbait, baina, aldi berean, gure jaian parte hartzeko gazteen jarrera konkretu bat erakarri nahi genuen. Kontraesan horretatik ateratzea zen asmoa, eta nola atera garen horretatik? Jai parte hartzaile bat antolatuz. Jai parte hartzaile horretan, sektore guztiei, adin ezberdinetako pertsonei bere parte hartze zuzena bermatu diegu hainbat ekintzen bidez. Izan hitzaldiak, tailerrak, herriak berak dauzkan ezaugarriak ezagutuz, parte hartuz edo modu aktiboan gauzak antolatuz. Hor dago gure erronka: guztion artean jai bat antolatuko dugu, baina jai egun hori ez da izango parranda bat. Egin daiteke komunitatea sortzeko jai bat, baina ez da zergatik guztia parrandara eramanda izan behar.



Eredu aldaketarekin etorri da makro-jaialdi bat izatetik urte guztira ekintzak pasatzearena.

Hori da berrikuntzaren beste ildo bat. Orain arte Kilometroak urriaren lehenengo igandearekin lotzen zen, baina, nahiz eta egun hori mantendu, urtean zehar ere hainbat ekintza egin ditugu. Horrek eskatzen du komunikazio ildoak, ildo nagusiak ondo zehaztea, eta Ibarran oso ondo landu da hori. Lehen ariketan hortik hasi ginen, oso modu irekian, parte hartzailean, kafe tertulia moduko bat egin genuen, jendea erakartzeko, eta horrela definitu genituen urtean zehar landu beharreko ildoak. Eta urtea horretan oinarrituta egon da, non, gastronomian, bertakoan, zero kilometroan, zentzu guztietan zentratu garen eta lanketa guztia horretara eraman dugu.

Eta Ibarrara bakarrik ez da mugatu aurtengoa. Inguruko herriak kontuan hartu dituzue, eta esaterako, Milimetroak jaia Oreretan ospatu zenuten. Sare moduko bat sortzea izan da asmoa?

Bai, eta hori da berreskuratu dugun ezaugarrietako bat. Horrekin esan dezakegu Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia dela. Kasu horretan, lanketa azpiegituran, Gipuzkoako ikastola guztiek parte hartzen dute, besteak beste, Tantaren zozketaren zabalkundean, baita arroparen salmentan ere, eta hori lorpen handia da, Gipuzkoan dauden 29 ikastolek parte hartu dutelako modu batean edo bestean. Eta bestetik, martxan jarri dugun Milimetroak topaketarekin harago joan gara. Naziotasuna modu teorikoan landu daiteke, baina naziotasuna benetan ulertzeko, eta bereziki ikasleek naziotasunaren kontzeptua barneratzeko, topaketa moduko bat eskaini genien, elkar ezagutzan oinarritutako topaketa bat, non aukera izan zuten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ikasleak ezagutzeko. Beraz, naziotasuna lantzerako garaian harremanak izan behar dute oinarrian, eta praktikan jarri genuen hori.


Kilometroen alde egindako herri kirol erakustaldia. J.A.


Nola dago gaur egun ikastolen sare hori?

Errealitate oso ezberdinak daude ikastolen mugimenduan. Alde batetik, erkidegoko lurraldeetan dauden ikastolak ditugu, eta antolatzen diren jaietan kasu ezberdinak ematen dira. Baina gero, Gipuzkoatik hautematen diren errealitateak dauzkagu. Jendeak badu pertzepzio berezi bat Nafarroa Garaiarekiko edo Ipar Euskal Herriarekiko. Eta askotan esaten dugu Araba badela hizkuntza eta hezkuntzaren inguruan lan handia egin beharreko lurralde bat, baina hori ez da hautematen modu horretan. Beraz, bost jai antolatzen ditugu, baina gero, jai baten eta bestearen artean badago elkartasunaren beharra, eta batzuetan ez dator bat guk dugun pertzepzioarekin. Kasu horretan, bereziki Arabak, nolabaiteko babesa eta indartzea merezi du.

 

«Igandea pasata, egun batzuetara ikusiko dugu zer gauza ederra egin dugun»



Eta Gipuzkoa mailan bertan badira errealitate ezberdinak?

Gipuzkoa mailan ere asko aldatzen da. Baina Gipuzkoan beti gozatu izan dugu beste errealitate batez, eta Euskal Herria nazio bezala hartuta, jaiak antolatzerako garaian, periferia da beti hizkuntza ikuspuntutik ahul dagoen zonaldea. Beraz, alde horretatik, Nafarroa Oinez Tafallan antolatzea erronka handia da Nafarroako ikastolentzat, eta zer esanik ez, beste zenbait lekutan antolatzen denean. Orduan, periferian badago bultzatu beharreko kontzientzia bat: bakoitzak bere lurraldean antolatuko du bere jaia, baina naziotasunaren ikuspuntutik komeni da ondokoa indartzea. Beraz, urriaren 2an Kilometroak ospatuko ditugun arren, ez dugu ahaztuko hamabost egunera Nafarroa Oinez ospatuko dela, eta ondo legoke Tafallako ikastola eta herria indartzea, jendea bertara joanez.


Bideoklipa grabatzen aritu ziren maiatza hasieran. J.A.


Igandeko jaia falta da aurtengo Kilometroak borobiltzeko. Momentuz zein da zure balorazioa?

Guztiz positiboa izan da orain artekoa, eta pertsonalki behintzat esan dezaket oso urte polita izan dela, eta oso gustura egon naizela Ibarra herrian eta Uzturpe ikastolan. Egia da urtea oso luzea egiten dela, oso neketsua dela dinamika honetan inplikatuta egotea. Eta kontraesan moduko bat dago: auzolanak dedikazioa eta sakrifizioa eskatzen du, gure denbora eskaintzen dugu, baina geroz eta gehiago kostatzen da proiektu baten inguruan norberaren denbora kolektibizatzea, eta alde hori bada alde gazia. Eta beste aldea satisfazioarena da; horretarako emaitzara iritsi behar da eta hortxe gaude. Baditugu urtean zehar egindako gauzak, eta jakin behar dugu egindako gauza guztiei distira ateratzen, eta nik uste Ibarran gauza politak eta handiak egin direla. Orain azken jaia falta da. Auzolana modu horretan berrindartuko da eta neurri batean bere balore osoa hartuko du. Nik metafora hauxe erabiltzen dut: mendi altu edo zail bateko tontorrera iristen zaren momentuan, nekearekin eta abar, kostatu egiten da momentu hori bere intentsitate guztiarekin bizitzea, baina behin jaitsita, momentu zail eta gogor horiek oroitzen dituzunean, izugarrizko gaitasuna daukagu alde positibo guztiak ikusteko, eta Kilometroekin antzeko zerbait gertatzen da. Igandean bertan antolaketan topera ibiliko gara, ia-ia ez gara konturatuko tontorrean gaudela, baina handik egun batzuetara konturatuko gara zer gauza ederra egin dugun. Hori da nire satisfaziorik handiena ikastola bat utzi eta beste batera noanean, ikustea jendeak satisfazio hori bizitu duela bere jaiarekin.

Nola bizituko duzu igandea?

Egun horretan guztia prozedura baten barnean eramaten saiatzen gara. Lehen orduak oso konplikatuak izaten dira arrazoi konkretu batengatik: urtean zehar egitura bat antolatzen dugu egun horretan 900 boluntario egunean zehar lanean aritzeko. Pertsona horiek antolatu egin behar dira batzordeetan, batzorde horiek guneetara eraman behar dira, bakoitzak bere ardurak izango ditu, eta gero, autogestionatzea eskatzen dugu. Gune bakoitzak bere autogestioa eta bere dinamika propioa izan dezala. Arazo baten aurrean ahal den neurrian bere gaitasunarekin konpontzea eskatzen diegu. Beraz, lehen orduetan, mekanismo hori aktibatu behar izaten da eta kostatu egiten da. Baina horrelako dinamiketan badago zerbait magikoa, guztiak bere martxan jarraitzen duelako, eta agian, hasiera batean irribarrerik ikusiko ez badugu ere, egunak aurrera egin ahala irribarrez beteko dira Ibarrako kaleak, eta antolatzaileen artean ere beste patxada batekin gozatu ahal izango dugu jaia. Egia da beti egoten garela erne, koordinazio gela bat prestatzen dugu horretarako, eta jarraipena ematen diogu prebentzio ikuspuntu batetik. Kasu horretan ez dugu ahaztu behar errespetutik bideratu nahi dugula jaia, ez dugula onartuko inolako erasorik, neurriak hartuko ditugula. Eta amaiera datorrenean, ematen du jaia bukatzen dela, baina lana ez da bukatzen. Saiatzen gara egun horretan ahalik eta gehien desmuntatzen.

Biharamunik izaten duzu?

Asteazkenetik aurrera hasten zait. Izan ere, astelehen eta asteartean gauza asko egin behar izaten ditut. Biharamuna asteazkenetik aurrera onartzen diot neure buruari.

Uzturpe ikastolak antolatzen duen jaia da, baina herri osoak hartuko du parte. Zer suposatzen dio herri bati Kilometroak antolatzea?

Hori batzuetan bada kontraesan bat. Esaterako, Baztandarren Biltzarreko antolatzaileekin hizketan, beraien kezketako bat zen zein puntutaraino merezi duen horrelako jai bat antolatzeak, baldin eta kanpotik datorren jendeak bakarrik gozatzeko bada; alegia, zer aukera daukan bertako jendeak jai horretaz gozatzeko. Bada kontraesana. Baina saiatzen gara, gogoratuz Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia dela, deialdia zabaltzen dugu Gipuzkoako beste ikastoletara laguntza eskatzeko, horrela, ehuneko ehunean ez izateko behintzat bertako jendearen inplikazioa. Txandak egin ditugu goizez zein arratsaldez. Jai handia esaten dugunean, eredu berriarekin egin dugun beste hausnarketa bat dago: lehentasuna kalitateari eman diogu eta ez hainbeste kantitateari. Kasu horretan, gure nahia 20.000 pertsonentzako jaia antolatzea izan da, hori da benetan neurri eroso eta ona. Horrek ez du esan nahi jendea kanporatu nahi dugunik; modu teoriko batean jaia antolatzeko erabiltzen dugun formatua da jendea eroso mugitu dadin, hala ere, azpiegitura eta espazio aldetik, 60.000 pertsona jasotzeko moduan gaude.

 

«Kontziente izan behar dugu euskararen aldeko eta euskal hezkuntzaren aldeko plaza bat sortzen dugula»



Kilometroen helburuetako bat ekonomikoa da, baina helburu sozialak badu lekurik?

Badu hortik ere. Bada egun bat atxikimendua erakusteko. Alde horretatik, gaur egun bakoitzak bere hautua egiten du, baina Kilometroak badauka nolabait misio bat, aldarrikapen bat, helburu bat, eta egun horretan bere atxikimendua adierazteko bada gune bat.

Zuk eta ikastolak zein harreman duzue?

Ikastola ezberdinetan ibilitakoa naiz. Gorputz hezkuntzan lizentziatua naiz eta soziologia ere ikasi nuen. Gorputz hezkuntzako alorretik dezente landu nuen euskal jolas eta jokoaren esparrua. Eta handik urte batzuetara aukera izan nuen honetan sartzeko. Egia esan niretzat oso motibagarria da arlo honetan aritzea, nire formaziotik ere badituelako landu daitezkeen elementuak. Zer esanik ez aurten, nirekin batera koordinazioan dabilen Josu Ozaita antropologoarekin egin baitut topo. Kilometroena bada bere arloa ere, ikuspuntu antropologikotik jaien hausnarketa egiten duelako, eta nik ere aukera izan dut gehiago ikasteko.

Soziologo bat eta antropologo bat. Tandem ona osatu duzue?

Sekulako txinpartak atera dira bion artean. Oso atsegina izan da urtea, oso emankorra.


Ibarrako gastronomia guztiak ezagutzeko azoka. R.C.

Kilometroetako koordinatzailea zara. Zein da zehazki zure egitekoa?

Nire egitekoa nahiko zabala da. Esate baterako, dagoeneko martxan gaude datorren urtean Oreretan ospatuko den Kilometroarekin. Oraindik Ibarrakoa bukatu gabe dagoenean, hasita gaude hurrengoa antolatzen. Antolaketa horren barruan, nire funtzioa da historian zehar ezagutzen dugun Kilometroak dinamikari jarraikortasuna ematea, eta ikastola eta herri bakoitzak bere ezaugarriak errespetatuz, Kilometroak daukan funtzioa transmititzea. Egituraketa horretan aritzen naiz, eta gutxi gorabehera urtean zehar hamabost bat batzorderekin aritzen gara, eta 300-400 pertsona aktibo mantentzen ditugu. Horrekin batera, baita ere, ikastola antolatzaile bakoitzari zerbitzu iraunkorrak eskaintzen dizkiogu: arroparen ekoizpenerako, segurtasun arloan, publizitaterako, administrazioan, diseinuan... Hori guztia nirekin batera doan zerbitzu sistema da. Eta gero plangintzaren metodologiara iristen gara, normalean, auzolana sustatzeko teknika parte hartzaileak sustatzen ditugu eta antolaketa hutsaz ere arduratzen naiz. Eta horrekin batera, aurrez aipatutako etengabeko doikuntza dago. Jakin gauzak kaptatzen, aztertzen, egokitzen eta ahal dela gauza berriak sortzen.


Milimetroak ospatu zituzten maiatzean, Ibarran. I.S.A.


Ardura horrekin Kilometro batzuk pasa dituzu. Ibarra da hurrengo geltokia. Zer suposatzen dizu ardura horrek?

Puntu honetara iritsita, batzorde bakoitzak bere lana egitea lortu dugu, eta batzorde aktiboak dauzkagu. Ardura handia da, aurreko egunek ere eskatzen dute ardura hori. Urduritasun puntu hori badaukagu, baina behin eguna iritsita, bi fase izaten ditugu: batetik, arrankea, eta bigarrena, dena ondo joatea, inolako arazorik gabe, ez eraso, ez istripu, ez ezbehar. Kezka hori azken momentura arte hor egoten da, puri-purian, eta erne egoten gara. Baina tira, eguna eskuetan kaña batekin amaitzen badugu, zoragarria izan den seinalea izango da.


Herritarren aurrean bideoklipa aurkeztu zuten unea. I.S.A.


Eguraldia ez da zuen esku egongo, baina Ibarrara joateko asmoa duenari zer eskatuko zenioke?

Ez dugu ahaztu behar nahiz eta aldaketa klimatologikoa hor egon, Euskal Herrian bizi garela, beraz, zirimiriak edo euri tanta apurrek ez gaituzte beldurtuko, beraz Kilometroetara etortzeko eskatu nahi nieke, planteatzen dugun atxikimenduarekin, eta nahiz eta oso zabala izan, kontziente izan behar dugu euskararen aldeko eta euskal hezkuntzaren aldeko plaza bat sortzen dugula, eta etortzen dena errespetuz etor dadila, norberarekiko, aldamenekoarekiko, ingurumenarekiko eta euskara eta euskal kulturarekiko. Errespetua gakoa da gure jaian, eta guztiok ondo pasatzeko ezinbestekoa dugu errespetatzea.

Piperraren ibilbide antzeztua egin dute. E.M.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!