Infinitu Irribarra ekimena, mundura

Ataria 2022ko mar. 15a, 16:22

Uzturpe ikastolako hainbat kide, Julen eta Antton Telleriarekin batera, gaur, Tabakaleran. Iturria: Arri Studioa

Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute gaur, aurtengo Kilometroak jaiaren berrikuntzetako bat: Infinitu Irribarra.

Euskara eta Euskal Herriaren aldeko irribarreak biltzea da helburua, eta munduan zehar. Hauxe da, laburrean, aurtengo Kilometroak-eko erronketako bat. Eskualdean bertan eman zioten hasiera Infinitu Irribarra ekimenari eta orain mundura egin nahi dute salto. Helburu horrekin Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute ekimena, gaur. Julen eta Antton Telleria kazetari tolosarrek gidatutako aurkezpenean, Ibarrako Uzturpe ikastolako lau lagunek egitasmoaren nondik norakoak argitu dituzte. «Irribarre bat erakutsiz ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatu nahi ditugu, milaka eta milaka irribarreen atlas moduko bat osatuz», esan du Uzturpeko irakaslea den Aitor Bengoak. Tolosar honen aburuz, Kilometroak jaiari atxikimendua emateko modu erraz bat da, «garai bateko jaia egunean biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena». Beste alde batetik, helburu ekonomiko bat ere aipatu du Bengoak: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.

Irribarra da, hain justu, aurtengo Kilometroak-en leloa. «Irribarrea tapatuta, estalita eta ia galarazita izan dugun garai hauetan, inoiz baino behar handiagoa dugu berau egiteko eta erakusteko», esan du Usue Sukiak, Uzturpe ikastolako zuzendariak. Bera bezalako 200 boluntario ari dira lanean iaztik Kilometroak burutu ahal izateko, baina pandemiak biziki oztopatzen ari da haien lana. «Birusa kontrolatzeko neurriek hainbat egitasmo bota dituzte bazterrera, eta beste asko birplanteatu behar izan dira. Honek guztiak sekulako lan karga suposatu digu», aitortu du Sukiak. Zailtasunak zailtasun, pozik dagoela dio. «Kilometroak jaiaren berrikuntzetako honek hamaika irribarre bildu ditu. Atxikimendua helarazteko modu ederra bezain erraza da, edonork eta edonon egiteko modukoa».

Tabakaleran burututako aurkezpenean irribarreak nola zabaldu erakutsi dute, baina prozesua erraza da oso

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!