Goza nazazu gehiago

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 29a, 07:56

Euskaraldia hamabosgarren egunera iritsi da. Ahobizi eta Belarriprest txapek hartu dute kalea ahal izan den neurrian, eta ariguneek erraztu dute euskaraz aritzeko bidea. Orain, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hasita, bideari eutsi beharko zaio.

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatu ohi da. Azken urte luzeetan aldarrikapenerako eguna, elkartzeko aitzakia, ospatzekoa, gozatzekoa, hausnartzekoa, mintzatzekoa... izan ohi da. Aurtengoa berezia izango da, bereziaren zentzu zabalenean. Alde batetik, pandemiak harrapatuko du Euskararen Eguna ere, eta ezin izango dira elkartze handiak egin euskara aitzakia hartuta. Bestetik, bigarren aldiz, Euskaraldiaren barruan, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan eginez harrapatuko gaitu. Ala ez. Konfinamendua, telelana, sei pertsonatik gora ezin elkartu, herritik ezin atera... Bizitza soziala mugatua izango da, azken finean. Azken boladan, gizarteak ohikoa baino jende gutxiagorekin ditu harremanak.

Anje Duhalderen abestiak dioen moduan, gutxiago maitatzea eta gehiago gozatzea behar du euskarak. Gehiago egin norberak, gehiagotan eragin parekoari eta gehiagorekin gozatzea merezi du euskarak. Euskaraldiak azaroaren 20an ekin zion, eta abenduaren 4a izango da txapa soinean jartzeko azken eguna. Ahobizi edo belarriprest txapak soinean jantzita dabiltza herritarrak, baina duela bi urte baino jende gutxiagorekin egingo dute txapek tupust kalean. Tabernan, erosketetan, parrandan, kiroldegian,... beste garai batzuk bizitzea tokatu da. Duela bi urte ez bezala, ordea, milaka arigune bistaratu dira, eta lasai euskaraz aritzeko aukera ematen dute.

Hamabost egunean egindako ahaleginak mereziko du, baina jarraipena eman beharko zaio. Eragin behar du eskualdean. Eragin behar du herri txiki eta handietan. Eragin behar du haur, gazte eta helduetan. Eragin behar du administrazioan, lan esparruan, hezkuntzan, osasungintzan, aisian,... Zaindu egin beharra dago maite den hori, eta Tolosaldeak duen altxor handietako bat da horixe: euskara. Hamabost egunera ezin da mugatu, ordea, ahalegina. Euskaraldian emandako pauso eta ohitura aldaketa horiei eutsi, eta 365 egunetara luzatzea litzateke egin beharreko bidea.

Aurten eman du euskarak berri pozgarririk. Galtzaundi Euskara Taldeak Leidor antzokia euskaldun eta euskaltzaleez beterik ospatu zuen, eta ez da gutxiagorako. Tolosan, 100 urtean lehen aldiz, kalean euskara gehiago entzun da gaztelania baino. Tolosak, hau da, tolosarrek hartutako bideari eutsi beharko diote. Hau da, kalean euskarak bere lekua hartzen joan beharko du. Beraz, euskarari eman beharko zaio arnasa, eta ureztatu beharko da euskararen emaria.

Martin Ricardo.  KUTXA FOTOTEKA.

Urteetako bilakaera ezagutu edota bizitu duten tolosarrekin elkartu da Tolosaldeko Ataria. Tolosan euskararen inguruan bizitu dutena jaso nahi izan da. Horretarako, Xabier Garikano, Txepe Agirrezabala eta Mirentxu Etxeberriarekin hitz egin da. Besteak beste, gazte garaian euskarari lotutako bizipenak kontatu dituzte.

Bakoitzak bere errealitatea du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!