Etxetik jasoa duzu euskararekiko maitasuna.
Bai noski. Ia 90 urte ditut eta gure gurasoak euskaldunak ziren. Gu euskaldun jaio ginen eta bizitza guztian bizi izan gara euskaraz. Gerra garaian eta nahikoa komeri izaten zen jendeak gaizki begiratzen zuelako, eta orduan jendeak gaztelaniaz egiten zuen, baina guk ez dugu inoiz utzi euskara.
Eskolan giroa ezberdina zen?
Ni gerra hasi zen garaian Laskorain kaleko ikastolan nenbilen ikasten. Ikastolak itxi zituzten eta orduan Jesuitinen komentura joan nintzen, eta gero hortik Eskolapioetara. Eta hor dena gaztelaniaz egiten zen, baina kalean, lagunekin eta ezagunekin beti euskaraz egin dut. Eskolan egindako lagunak nituen. Hamazazpi bat ginen, eta ez genuen denok euskaraz egiten. Bi edo hiru baziren ez zekitenak, baina beste guztiok euskaraz egiten genuen. Orduan tokatzen zitzaigun gaztelaniaz egin beharra, baina azkenerako sei lagun bakarrik geratu ginen eta guztiok euskaraz egiten genuen.
Lagun artean gaztelania ere egiten zenuten, beraz.
Bai, tokatzen zitzaigun. Baina behin 18 urteak bete, lanean hasi, eta egunero baso erdiak edatera ateratzen ginen, eta dena euskaraz hitz egiten genuen. Eta kantatu egiten genuen tabernetan, eta azkenean serenoak etortzen zitzaizkigun.
Aurpegi txarrik jartzen zuenik izaten zenuten inguruan?
Bai, gerra garaian bai. Habla en cristiano esaten ziguten. Desastre handi bat izan zen gerra.
Kalera atera, eta lehenengo hitza beti euskaraz egiten zenuen?
Bai, eta orain ere bai. Eta ez nik bakarrik, familia osoak. Sei anaia gara, eta semeak eta bilobak eta denok euskaraz egiten dugu.
Gazte garaian kalera atera eta denda eta tabernetan euskaraz bazekiten?
Bai-bai. Orduan posible zen euskaraz hitz egitea. Hori bai, gerra garaian ikaragarrizko gorrotoa izan zen. Gaztelania zen nagusi. Mendeurrena zela-eta zerbait egin behar genuela, eta antzerkia euskaraz egiten hasi ginen. Hamabost bat urte pasa genituen antzerkiak euskaraz egiten. Gure euskaran, Antonio Labaienenak-eta. Tolosaz aparte, Arrasaten, Bilbon,... eta Parisen ere bai. Parisera joan ginen euskal etxera.
Pariseraino euskal antzerkiarekin.
Komeriak izan genituen frontera pasatzen, baina bai, bertako euskal etxean egin genuen.
Noizko garaiaz ari zara?
Nik 30-32 bat urte nituen. Emaztearekin joan nintzen Parisera. Urte askoan jarraitu genuen eta antzerki-lan asko egin genituen. Lehena gogoan dut: Ezin ezkondu zitekeen mutila. Xabier Lizardiren bizitza bezala zen. Gerora berriz ere egin genuen.
Lehen larunbatetan Tolosan euskara gehiago entzuten omen zen.
Bai, baserritarrak etortzen ziren. Oso polita izaten zen azoka orduan. Tratuan aritzen ziren eta oso polita izaten zen. Orain baserritar gutxiago etortzen dira, eta gaztelaniaz gehiago egiten da.
Euskara gutxietsita zela uste duzu?
Orduan, bai, oso gutxi baloratzen zen.
Aurtengo albistea da, Tolosan, 100 urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzuten dela gaztelania baino.
Kaleetan beharko du, azokan lehen euskara gehiago egiten zen orain baino. Orain ehun urte, jendeak batezbesteko euskara gehiago egingo zuen. Aspaldian ez naiz asko joaten, baina orain azokan gaztelania asko egiten dela esango nuke. Ez dut esango gerra garaian baino gehiago egiten ez denik, orduan debekatuta zegoen eta. Nik esango nuke oraindik ere gaztelaniaz asko egiten dela.
Baina albistea poztekoa izango da, ez?
Bai, poztekoa da dudarik gabe.
Zure belaunaldiari hezkuntza, administrazioa, lan mundua,... gaztelaniazkoak ezagutzea tokatu zaizue.
Ez. Lanean hamabost urterekin hasi nintzen, eta jainkoari eskerrak, bazter guztietan euskaraz lan egin dut. Nagusiak ere guztiak euskaldunak tokatu zitzaizkidan.
Zortea izan duzu beraz.
Bai, euskaraz bizitzeko aukera izan dut. Gerra garaitik urte batzuk pasako ziren, baina 50 urteak pasata dira jada ikastolak martxan jarri zirela. Hobeto esanda, ikastolak lehenago jarri ziren martxan, ni neroni ikastolan hasi nintzen eta. Baina gerra garaiak eragin zuen.
Gaur egun, gazteek, euskararen alorrean urteetan egin den lana, baloratzen dutela uste duzu?
Oso ezberdinak gara. Gu gaztetan ginenak eta oraingo gazteen artean ez dago kolorerik. Zuriak eta beltzak. Oso ezberdina da denean, ez hizkuntzan bakarrik. Ezin da sinistu zein den gaur egungo garaia eta zer zen gerra garaia. Ezin da sinistu bizitu gabe. Eta baloratuko dute, baina ikastolatik atera eta haur asko gaztelaniaz hasten omen dira, eta etxean ere...