«Euskara entzuten da, baina etorri nintzenean baino gutxiago»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 29a, 07:59

Mirentxu Etxeberria (Donostia, 1936) 25 urterekin etorri zen Tolosara bizitzera. Ia euskararik jakin gabe.

Zuk ez duzu ama hizkuntza euskara?

Ez. Amak ez zekien euskaraz. Merkatura joaten zen, eta justu baserritarrekin tratuan aritzeko beste zekien. Bere ama neskame moduan egon zen Madrilen, eta nahikoa barre egin zioten, eta etorri zenean bere seme-alabei ez zien euskararik irakatsi nahi izan, eta guri erakusteko beste ez zekien. Aitak bai, baina gerra zela-eta, iparraldera joan ginen bizitzera, baina alemaniarrak sartzean, Ingalaterrara alde egin behar izan zuen. Ni ez naiz gogoratzen. Sei hilabete neuzkan, eta euskara irakatsi behar ziguna, beraz, ez zegoen etxean. Zerbait ikasi nuen euskaraz eta frantsesez.

Eskolan ere ez zenuen ikasteko aukerarik izan.

Ni eskolara hamar urterekin joan nintzen, Donostian. Amak liburu guztiak nire izen-abizenak euskaraz idatzita forratu zituen, eta mojak etxera bidali ninduen liburu guztiekin, eta amari gaztelaniaz idazteko esanda. Berriz forratu behar izan zituen liburu guztiak. Hori zen orduko giroa eta eskolan dena gaztelaniaz egiten genuen, noski. Amari gomendatzen zioten etxean ere euskaraz ez hitz egiteko. Azentua nuen. Erabat matxakatzen gintuzten gaztelaniaz hitz egin behar genuela esanez. 

Baina Tolosara iritsi zinen ezkontzean. 

25 urterekin ezkondu nintzen, eta Tolosara etorri nintzen bizitzera senarraren etxera. Amonak ez zekien tutik gaztelaniaz. Orduan, ikasi behar izan nuen. Ulertzen hasi nintzen, eta oinarrizkoa ikasten joan nintzen defenditzeko moduan; erantzun egin behar zen.

Hala ere, euskara zerbait bazenekien?

Oso maila baxua nuen, lau urtekoa. Belarria zerbait egina nuen, baina Donostiara etortzean eta amak ez jakitean, maila hori mantendu genuen. Nire seme-alabak izan nituenean beti euskaraz egiten saiatzen nintzen, baina umeen maila nuen. Eta euskararen munduan murgilduta ikasi nuen dakidana. Udaletxean sartu nintzen eta han neukan guztia atera behar nuen euskaraz hitz egiteko, eta lana ere Laskorain ikastolan izan nuen administrazioan. Nahiz eta kontuak nik bakarrik eraman, euskaraz hitz egin behar zen eta ulertu egin behar nuen, eta hor oinarri handia hartu nuen.

Tolosako kaleetan euskara entzuten zen?

Donostian kalean ez zen euskararik entzuten. Tolosara etorri, eta beste giro bat zegoen. Ezberdina. Nire senarraren gurasoen adinekoek guztiek euskaraz hitz egiten zuten, ez zekiten gaztelaniaz. Baserritar asko etortzen ziren. Esaterako, nire amonaren kasuan, Madrilen denek barre egiten zioten nonbait, eta bere seme-alaba guztiei gaztelaniaz erakutsi zien. Hor oinarri bat galtzen da, lotsarengatik. Hemen kalean dena euskaraz entzuten zenuen, eta gaztelaniaz ez zekiten, baina defenditzen ziren. Orain Tolosa ez da hain euskalduna. Nik uste dut gehiengoak badakiela, baina ez dute hitz egiten. 

Hori uste duzu?

Orain osasunagatik ez naiz asko ateratzen kalera, baina haur guztiek euskaraz hitz egiten dute. Orain txikitan eskola publikoan ere euskaraz ikasten dute. Giro euskalduna da, nahiz eta gurasoak beraien artean gaztelaniaz hitz egin, umeekin guztiak saiatzen dira euskaraz hitz egiten. Oso jende gutxi da euskaraz ez dakiena. Kanpotik etorri diren familia gutxi batzuk dira. Euskara entzuten da, baina etorri nintzenean baino gutxiago.

Lehen gehiago entzuten zenuen, beraz?

Askoz ere gehiago. Lehen denak baserritarrak edo baserritarren seme-alabak ziren. Oso herri txikia zen eta oso euskalduna. PP alderdikoak izango ziren, baserritarren artean asko izan ziren, baina gutxienez euskaraz hitz egiten zuten. Komertzioetan... dena euskaraz hitz egiten zen. Ez bazenuen ikasten nahikoa zoketea izan behar zenuen. Giroa zegoen, eta hori gerora galdu da.

Administrazioa ere barrutik ezagutu duzu. Alkate izan zinen Tolosan. Zein hizkuntza erabiltzen zenuten?

Gaztelania. Bilerak eta egiten genituenean baziren euskaraz hitz egiten ez zuten zinegotziak eta gaztelaniaz aritzen ginen. Udaletxean ez nuen gehiegi ikasi. Saiatzen ginen, eta idatzi bat bidaltzerakoan bi hizkuntzetan egiten zen. Ez zegoen orain bezalako euskal girorik. Familian nuen oinarria.

Umetan ez bezala familia euskalduntzea lortu zenuen.

Seme-alabak jada koskortzen ari ziren eta dena euskaraz egiten genuen, eta errefortzu bat nuen; belarria jarrita neukan. Giro bat sortzen duzu etxean, eta orain bilobekin, berriz ere, ateratzen ari garela sentitzen dut. Noski, euskaraz dakite. Ikastolan ikasi dute, baina orain tarteka badute joera niri gaztelaniaz egiteko. Nik ez daukat beraien maila, ez da nire ama hizkuntza.

Orain gaztelania baino gehiago entzuten da euskara Tolosako kaleetan.

Poztekoa da. Oraindik ere badira kuadrillak gaztelaniaz hitz egiten dutenak. Gu oso adeitsuak gara, eta nahikoa da batek ez jakitea euskara, gaztelaniaz hitz egiteko. Askorentzat euskara kapritxo baten modukoa da eta ez duela ezer balio uste dute. Jende horri erakutsi behar zaio bere hizkuntza dela eta mantendu egin behar duela. Motibatzean dago arazoa. Ofiziala delako bakarrik ez zaio eman behar lehentasuna, motibatu egin behar da; zure lurra da, zure hizkuntza da... Eta batzuk ez dakit gehiegi daukaten.

Gaur egungo gazteek esan nahi duzu?

Bai. Saiatu gara nire ustez. Nire lau seme-alabek euskaraz hitz egiten dute, tarteka nirekin, elkarrizketa nola doanaren arabera, orduan gaztelaniaz. Motibazio kontua izan da. Ikastolan talde txiki batean hasi ginen, eta bazegoen hezkuntzan gogoa eta segituan lortu zen. Nik ez nuen zalantzarik izan. Orain lotura falta ikusten dut. Kontzientzia izan behar duzu, eta guk garbi izan genuen ikastolara eraman behar genituela. Beste eskolak baziren, baina ez zuten euskararik erakusten.

Nolako etorkizuna ikusten diozu euskarari?

Ez dakienak, ez duelako ikasi nahi da. Saiatzen bazara ikasten duzu. Urte batzuetan asko jaitsi zen maila, ikasketak gaztelaniaz egiten zituztelako eta gurasoek erosotasunera jo zutelako. Borondatea behar da. Nahiz eta euskara jakin, ez zuten erabiltzen. Orain dakienak hitz egiten du, edo giroa dauka nahi baldin badu. Norberaren borondatea da, eta motibazioa eman behar zaie gazteei. Gaur egun unibertsitatean ere euskaraz ikasi dezakete. Orain ez dago debekatuta, eta ez du zentzurik ez jakiteak. Gurasoak euskaldunak badira erakutsi egin behar diote. Eta euskara maitasunarekin hartu behar da, ez obligazio moduan. Sentimendua sortu behar da, eta hor dago lana. Gaur egungo umeak errebeldeak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!