«Hogei bat urteren bueltan aldatu nuen hizkuntza»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 29a, 07:58

Txepe Agirrezabalak (Tolosa, 1944) etxean ikasi zuen euskara, baina joera handia izan zuen gaztelaniaz hitz egiteko. Baserrira joatean berorika hitz egiten ikasi zuen osaba edota aitonarekin hitz egiteko, baina hikaz ez da ondo moldatzen. «Lehengusuek elkarren artean hika egiten zuten, eta izugarrizko inbidia sentitu izan dut beti, eta ez dut sekula ondo hitz egiten ikasi», aitortu dio Ataria-ri.

Umetan zein harreman izan zenuen euskararekin?

Nik zortea izan nuen. Aita eta ama baserritarrak ziren, eta beraien artean euskaraz egiten zuten. Nahiz eta, beraiek guri beti euskaraz hitz egiten ziguten, guk gehienetan gaztelaniaz erantzuten genien. Hori dut gogoan. Eskolan dena gaztelaniaz egiten genuen, eta kalean ere lagun artean dena gaztelaniaz egiten genuen. Tolosan ez zen euskararik entzuten; bakarrik larunbat eta astelehenetan.

Eta gurasoek zer esaten zizuten?

Behin ere ez zidaten errietarik egin edo aurpegi txarrik jarri. Beraiek gainera euskaltzaleak ziren. Ez dakit pazientzia zen edo ez, baina beraiek dena euskaraz eta guk dena gaztelaniaz egiten genuen. Anaion artean ere dena ume garaian gaztelaniaz egiten genuen, garai batean. Gerora, hogei bat urteren bueltan aldatu genuen hizkuntza. Kaleko dinamikak eragin zigula iruditzen zait.

Eskolan ere dena gaztelaniaz, beraz.

Bai. Ni San Frantziskon ibili nintzen, eta pentsa, fraide guztiak baserritarrak ziren. Hiru urte egin nituen, bederatzi urtetik hasita, eta dena gaztelaniaz egiten genuen. Ohitura kontua da, eta gu horrela ohitu ginen. Aldiz, zorte handia izan nuen. Mutil kozkor garaian ni baserrira joaten nintzen bi hilabete pasatzera, eta han dena euskaraz egin beharra zegoen. Ez zekiten gaztelaniaz.

Behin gaztarora helduta, Tolosan, aisian, lagunartean. Zein hizkuntza zen nagusi?

Oargi mendi taldearekin irteerak egiten genituen, eta dena gaztelaniaz hitz egiten zen. Udaberri dantza taldean ere, ni sorrerako bat nintzen, eta hor ere dena gaztelaniaz egiten zen.

Zergatik zen? Jendeak euskaraz ez zekielako?

Denetarik zegoen. Baziren euskaraz zekiten eta ez zekitenak, baina dena gaztelaniaz egiten genuen. Nik hogeita bat urte nituenez geroztik hasi zen buelta pixka bat ematen. Nik hor nabaritu nuen aldea. Ikastola jada martxan zegoen, eta Lizardi elkarteak ere euskaraz lan egiten zuen.

Kuadrillan ere gaztelaniaz?

Gaztelania hutsez. Ni beti saiatzen nintzen, ordea, behin 20 urteak beteta euskarazko hitzak sartzen. Gainera kontziente nintzen baserritarrei burla nola egiten zitzaien; kaxero deitzen zitzaien, eta hitz itsusi gehiago izaten ziren, eta batik bat baserritarren kontra. Nik euskara arrunta hitz egiten nuen, eta nik neure burua jaitsi, eta baserritarrei barkatzeko esaten nien gaizki hitz egiten nuenean, ni kalekumea nintzelako. Beraiek euskaldun izatearen harrotasuna sentitu zezaten. Pentsa, Tolosan, nire kuadrillako batek el vasco deitzen zidan. Hori Tolosan. Hala ere, nik banekien euskara zerbait garrantzitsua zela.

Euskaraz zenekitenak ere izango zineten.

Hogei ginen kuadrillan, eta gutxi ginen euskaraz genekienak. Eskolan guztia gaztelaniaz eginda eta lagun artean dena gaztelaniaz eginda oso zaila da hizkuntza bat bizirik mantentzea.

Denda eta tabernetan euskaraz bazekiten?

Jakina egongo zirela, baina gaztelaniaz egiten genuen; baita sagardotegira joandakoan ere. Kalean nik ez nuen ia euskararik entzuten. Larunbat eta astelehenetan entzuten zen, eta Tolosan piztu bada euskara inguruko herri txikiei esker izan da. Eta ikastolak. Euskaraz erdipurdi egiten genuen gurasook, seme-alabak ikastolara eramatean, hor eman zen aldaketa handia. Hor ikasi genuen euskaraz. Hori potentziatu behar zen, eta militantzia zegoen. Orain ikastolara joan eta ez duzu militantziarik ikusten, normalizatuta dagoelako kontua. Baina lehen euskararen militanteak ziren bai irakasleak eta baita gurasoak ere, eta orain ez dut ikusten hori.

Euskalduna zinelako barrerik edo egin dizute?

Ez, niri ez. Euskara jakinda ligatu ere hobeto egiten genuen, pentsa, kanpoko neskekin. Asteasu edo Lizartzako festetara joan eta euskara jakitearekin kuadrillan abantaila nuen. [Barreak].

Tolosan, 100 urtean lehen aldiz kalean euskara gehiago entzun da gaztelania baino. Poza sentitu duzu?

Ez dakizu nolakoa gainera! Pena, handiagoa izan behar zuelako aldeak. Poz handia.

Alderik nabaritzen duzu gaur egun?

Bai. Batez ere gazte jendeak egiten du, eta batik bat neskek esango nuke. Mutilak euskaraz hasten dira, baina azkenean gaztelaniaz hitz egiten bukatzen dute. Aldaketa izugarria eman da, bai. Gaur egun gazte guztiak euskaldun ateratzen dira eskolatik. Euskaraz dakien bati gaztelaniaz egite hori ez gertatzeko, lehendabiziko hitza beti euskaraz egiteko ohitura hartu beharra daukagu. Eta horrekin jarraitzea lortu behar dugu. Nahiz eta besteak ondo ez jakin, lagundu egin behar diogu eta hori oso garrantzitsua dela uste dut.

Euskarari zein etorkizun ikusten diozu. 

Nik uste dut ondo doala, baina oraindik ere, militantzia pixka bat gehiago beharko genuke. Ikastolen bidea ona izan zen, eta gerora beste eskola guztiak ere sartu ziren, eta normalizaziora bidean ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!