Euskaraldirako izen emateak herrian bertan edo webgunean egin daitezke

Ataria 2020ko urr. 29a, 15:59

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da Euskaraldia; dagoeneko norbanakoek izena eman dezakete. 

Aurten, ariguneak izango dira estreinakoz Euskaraldian parte hartuko dutenak. Ariguneak, euskaraz lasai aritzeko gune adostuak dira. Izen ematea amaitu zaie horiei, eta Tolosaldean, 290 entitate animatu dira arigune izatera. 4.200 pertsona barnebiltzen dituzte entitate horiek, beraz, aurtengo Euskaraldiak zifra hori behintzat ziurtatua du.


Hala ere, arigune izango diren entitate horietako norbanakoek konpromisoa hartua dute Euskaraldian parte hartuko dutela, eta gainerako norbanakoek bezalaxe izena eman beharko dute. Galtzaundi Euskara Taldeko Igor Agirre kideak zehaztu duenez, bi dira izena emateko moduak. Batetik, Euskaraldiarekin bat egin duten eskualdeko 24 herrietan esku orriak banatu dira etxez etxe, eta bertan jartzen du herri bakoitzean non egin ahal izango den. Eta bestetik, euskaraldia.eus webgunean egin daiteke, «minutu batean». Ondoren, txapa jaso, eta 15 egunetan ariketa praktikoan parte hartzea besterik ez da geratuko.

Izena emateko eperik jarri ez badute ere, Agirrek mezua argi zabaldu du: «Ez ezazue izena emateko azken momentura arte itxaron, egin ezazue orain, eta zabal ezazue zuen inguruetan».

Izen emateak, herriz herri

  • Abaltzisketa: liburutegian
  • Aduna: udaletxean goizez eta liburutegian arratsaldez.
  • Albiztur: udaletxean
  • Alegia: kultur etxera deituta
  • Alkiza: udaletxean
  • Altzo: ostatuan
  • Amasa-Villabona: liburutegian
  • Amezketa: kultur etxean
  • Anoeta: liburutegian
  • Asteasu: Patxinen, Iturri-Ondon eta Kabelan
  • Baliarrain: udaletxeko sarreran
  • Berastegi: udaletxean
  • Berrobi: udaletxean
  • Bidania-Goiatz: udaletxean
  • Elduain: zentroan
  • Gaztelu: udaletxean
  • Ibarra: udaletxean eta kultur etxean
  • Ikaztegieta: ostatuan
  • Irura: kulturunean
  • Leaburu-Txarama: ostatuan
  • Lizartza: udaletxean
  • Orendain: ostatuan
  • Tolosa: kultur etxean eta Galtzaundi euskara taldearen egoitzan
  • Zizurkil: udal bulegoetan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!