Urteetan landutako Kilometroak jaiaren eredu berria praktikara eramatea zegokion aurten Zubimusu ikastolari, Gipuzkoako gainerako ikastolen babesarekin. COVID-19aren pandemiak, ordea, ez du utzi asmoak behar bezala garatzen, Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariaren esanetan. "Hala ere, eredu berriaren planteamendua hasi da fruituak ematen, egin ditugunak geratzeko etorri direlako". Artolak azpimarratu du Kilometroak ez dela jaialdi "huts" bat, "ikastolen arteko zaintza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko ekimena da. Kilometroak euskaraz bizitzeko espazioa da". Datozen urteetan eredu berri horretan sakontzen jarraituko dutela hitz eman du Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, "ikastolen ereduan sakontzeko tresna baita gure jaia".
Zubimusu ikastolak badu eredu horretan sakontzeko proiektu propioa: 2ZIA. Nerea Zumeaga ikastolako zuzendari-kudeatzaileak azaldu duenez, "Zubimusun ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatz, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz". Kilometroak-ekin ere berdin egin dutela azpimarratu du Zumeagak, ikasleak eta komunitatea izan direla ardatza eta hasierako asmoak betetzea ezinezkoa izan bada ere, jai berrituaren muinari eutsi diotela.
"Urte luze honetan gure gaitasunak proban jarri ditu koronabirusak, baina ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz". Horregatik, komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, langile eta familia guztiei eskerrak eman dizkie ikastolako zuzendariak, "erakutsitako jarreragatik, eta batez ere babesagatik". "Bihotza, denbora, laguntza eta babesa eskaini diozue proiektu honi", esan du.
Beraz, zikloari behar bezalako itxiera bat eman eta jaiak barnebiltzen dituen balioak gizarteratzen jarraitzeko, Kilometroak jai handiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatu dutela iragarri du Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiaren koordinatzaileak. "Herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta antolatu da egitaraua".
- Irailak 28tik urriaren 3ra
- Kilometroak historian zehar erakusketa Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean.
- Urriaren 3ra arte
- Mendimetroak egitasmoa, dagoeneko martxan dagoena.
- Urriak 1, osteguna
- 19:00. Amasako kultur etxean, Biharko Euskal Eskola mahai ingurua. Parte hartzaileak, HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastolak
- Urriak 2, ostirala
- 18:00. Zizurkilgo Iriarte kultur etxean Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena, Aiztondoko zirtotsaren inguruan, Harituzeko kideen eskutik.
- 19:00. Intxaur frontoian Zirtotsak bertso saioa. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano. Amaia Agirre izango da gidaria eta gai jartzailea.
- Urriak 3, larunbata
- Arratsaldean. Sei urtetik gorako haurrentzat Kalean otso, etxean uso antzezlana Errebote plazan.
- 20:00. Andoni Ollokiegiren kontzertua Errebote plazan.
- Urriak 4, igandea
- 11:00. Joxe Arregi plazan, lekukoaren emate ekitaldia.
- 12:00. Zubimusuko Txermingo eraikinean ikastolako komunitateari zuzendutako ekitaldia. Zer ginateke gure amona-aitonik gabe? izenburupean, Kilometroak zikloari itxiera emateko.
Ezeizak zehaztu duenez, "egitarau xumea baino balioetan oso aberatsa" osatu nahi izan du ikastolak, "Kilometroak jaiak duen muinari sakonean helduta". Ezarrita dauden segurtasun neurriak jarraituz eta errespetatuz Kilometroak Astearekin bat egitera animatu dute antolatzaileek. (Urriaren 2ko ekitaldirako sarrerak eskuratzeko argibideak hemen. Urriaren 3ko eta 4ko ekitaldiak doan izango dira, baina sarrera beharko da, aforoa mugatua baita).
Elkartasunerako deia
Hasierako asmoak behin eta berriz aldatuz, momentuan momentuko egoerara egokitzeko ahalegina egin du Zubimusu ikastolak urte guztian zehar. Zumeagak azaldu duenez, Kilometroak jaiaren antolaketan ez ezik, ikastolaren 2ZIA proiektuan zuzenean eragin du. Horregatik Tanta zozketan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei. "Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da Tanta, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. Bost euroko ekarpena egiten da txartel bakoitzeko eta ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu. Era berean, txartela erosten dutenek, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute". Tanta txartela www.kilometroak.eus webgunean eskuratu daiteke.
"Ez da erraza izan urte honek ekarri dizkigun egoerak gainditzea; baina egokitzen jakin dugu, eta horri esker, gaur Kilometroak Astea izango dena aurkezteko moduan gaude, lehen egunean genuen ilusio hari hegoak ematen jarraitzeko indarrez", esan du Zumeagak.