Kilometroak jaiaren testuinguruan, Zubimusu ikastolak Mendimetroak dinamika jarri du abian. Inguru eta bazterrak ezagutarazteko mendi txangoen proposamenak bildu dituzte. Adin ezberdinetako haurrentzako eta gazteentzako neurri ezberdinetako sei txango prestatu dituzte Amasa-Villabona eta Zizurkil inguruan egiteko. Ez da, ordea, ekimen berria; izan ere, iaz, Zarautzen antolatu ziren Kilometroetan jarri zen ekimena martxan eta aurten sortutakoari jarraipena eman nahi diote.
Ibilbide horiekin Haur Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta DBHn dauden ikasleenganaino iristea da asmoa. Ibilbide bakoitzak gai batekin du lotura, eta lasai eta taldean, lagunekin edo familian egiteko prestatuta daudela azaldu dute. Gainera, ibilbidea egiteko konpromisoa hartzen dutenek, opari bat jasotzeko aukera izango dute urriaren 4a baino lehen egiten badute.
Mendiaren garrantziaz ohartarazi nahi dute neurri batean: «Gure historiari, izaerari eta nortasunarekin guztiz lotuta dagoelako, ezin diogu bizkarra eman mendiari». Hori horrela, azken lau urteetan Gipuzkoako ikastola guztiek mendira txango bat antolatu dute. Bakoitzak bere ikastolaren inguruan gauzatutako egitasmo horren bidez, «gure kolektiboa osatzen duen komunitatea indartu» nahi izan dutela azaldu dute. Eta irteera horiek ez dituzte soilik tontorretara egin, ikastola bakoitzak erabaki du nora joan: erreka batera, baso batera, zelai batera edota mendiak eskaintzen duen edozein ingurutara.
Sei ibilbide
Mendimentroak ekintzak sei ibilbide proposatu ditu aurten; Haur Hezkuntzako haurrentzako bi, Lehen Hezkuntzakoentzat beste bi eta DBHkoentzat ere bi. Besteak beste, honako lekuetara txangoa egiteko diseinatu dituzte proposamenak: Aran erreka, Zubimusu Urkamendi, Basagain, Txermine-Lastur borda, Atxulondo eta Irizibarko karobira.
Ibilbide bakoitza neurri eta zailtasun ezberdinetakoa da eta informazio guztia Kilometroak jaiaren webgunean kontsulta daiteke: mapa, ibilbidearen deskribapen orokorra, track-a, profila, distantzia edota ibilbidea egiteko aurreikusten den denbora.
Egitasmo horren bidez, Zubimusu inguratzen duten Amasa-Villabona eta Zizurkilgo txokoei arreta berezia eskaini nahi dietela azaldu dute. Horregatik herritar zein eskualdeko biztanleak ibilbide horiek egitera animatu nahi dituzte Zubimusu Ikastolatik. Animoei indar gehiago emateko, ibilbidea egiten dutenentzat opari bana prestatu dute. Oparia eskuratzeko, ordea, hainbat pauso jarraitu behar dira: ibilbidea egiteaz gain,ibilbideko guneren batean #KorriPunpaTtak eginez bideo motz bat grabatu beharko da; eta ondoren, Villabonako Kilometroak dendara joan eta grabatutako bideoa erakutsi beharko da. Hori guztia, urriaren 4a baino lehen egin beharko da.
Parte hartzaileek ibilbidean zehar grabatutako bideo hori komunitate guztiarekin partekatu nahi izanez gero, kilometroak@ikastola.eus helbidera bidaltzeko aukera zabaldu dute eta Kilometroetako sare sozialetan zabalduko dute ondoren.