Ikerketa bekaren aurkezpena eta bertso saioa urriaren 2an Zizurkilen

Ataria 2020ko ira. 24a, 16:37

Aiztondo bailarako ahozko ondarearen bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko helburuz antolatutako Pello Mari Otaño ikerketaren aurkezpena urriaren 2an izango da, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean, 18:00etan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Aiztondoren zirtotsari buruzko proiektua ezagutu ahalko da aurkezpenean. Aiztondo bailaran izan den zirto tradizioa biltzen eta ikertzen ari dira, ondoren haren aplikazioa egin eta eskualdeko ikastetxeetan lantzeko. Bilduma egite hutsarekin aski ez eta ahozko ohitura horren transmisioak kezkatuta dituenez, ondare hori ikasleek ezagutu eta balia dezaten aplikazio bat ere proposatuko dute, hezkuntza arautuan zein bertso-eskolatan landu dadin.

Aurkezpenean izango dira Harituz bertsozaleen elkarguneko Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Mikel Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal proiektuari buruzko xehetasun gehiago emateko. Haiekin batera egongo dira Mintzola Ahozko Lantegia-ko Miren Artetxe, Kilometroak Kultur Elkarteko Mikel Egibar, Zubimusu Ikastolako Nerea Zumeaga eta Hernandorena Kultur Elkarteko Joxin Azkue. 

Bertso saioa ondoren

Behin ikerketa bekaren inguruko xehetasunak emanda, eta Kilometroak antolatzen ari den egitarau bereziaren barruan, bertso saioa egingo da Zizurkilgo Intxaur frontoian, 19:00etatik aurrera. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira bertsotan. Amaia Agirre izango da saioaren gidaria eta gai jartzailea.

Bertso saiorako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude www.kilometroak.eus webgunean, Zizurkilgo Iriarte Etxean eta Villabonako Amasa kafetegian. Sarreren prezioa 10 eurokoa izango da. Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, eta saioan parte hartuko dutenen zein saioa ikustera joango direnen segurtasuna bermatzeko, sarrerak online eskuratzerakoan derrigorrezkoa izango da galdetegi bat betetzea. Sarrerak online erosten dituztenek e-mail bat jasoko dute erreserbarekin eta e-mail hori erakutsi beharko dute frontoira sartu aurretik. Sarrerak Iriarten zein Amasan erosten dituztenek beraien izen-abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!