Pertsonak heziz, langileak haziz

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mar. 29a, 10:32

Geroz eta enpresa gehiagok ezinbestekotzat dituzte Lanbide Heziketatik joandako langileak. Eskualdean, bost dira heziketa mota hau bermatzen duten ikastetxeak, bakoitza bere ezaugarriekin, baina guztiak hobetzen jarraitzeko asmoz.

Zuzenbidean lizentziaduna den Andoni Kortazarrek, 1995ean, Euskaldunon Egunkarian idatzi zuen artikulu batean honakoa aipatzen zuen: «Lanbide heziketak onurak eskaintzen ditu enpresetarako: balioaniztasuna, produktibitatearen igoera eta abar. Zergatik ez da egiten ba?». Duela mende laurdeneko kontuak dira, baina gaur egun, bada heziketa mota honek ezertarako balio ez duela pentsatzen duenik. Izan ere, Kortazarrek zioen moduan, «ohitura horrek lanbide kalifikazio eza ekarri digu. Maisu eta kazetari pila bat daukagu baina harginik ez».

Lanbide Heziketa Bigarren Hezkuntzako edo Erdi eta Goi Mailako Hezkuntzako ikasketak dira, bi ikasturtetan banatuta, lanbide arlo batean ezaguerak eta trebetasunak lortzeko asmoz. Helburu nagusia langile direnentzat eta izango direnentzat bizitza osoko ikasketak sortzea da. Lan merkatuarekin estuen lotuta dagoen ikasketa multzoa da, eta, gaur egun, ikasleek lanbiderako gaitasuna lortzea eta lan egokiak eskuratzea bilatzen da. Modulu esaten dien ikasgaiak dituzte, eduki teoriko eta praktikoekin, baita enpresan lan egiteko praktikaldiarekin ere.

EAEn eta Nafarroan Lanbide Heziketaren barruan hiru sistema bereizi izan dira: Oinarrizko Lanbide Heziketa, langabetuei zuzendutako Lanbide Heziketa eta bizitza osoko Lanbide Heziketa edo etengabeko ikaskuntza. Oinarrizko Lanbide Heziketaren barruan, Erdi Mailako hezkuntza zikloak eta Goi Mailako hezkuntza zikloak daude. Bi horietan, 20 ziklo inguru daude onartuak, besteak beste, Nekazaritza, Kimika, Osasungintza, Elektrizitatea, Informatika, Administrazioa, Ostalaritza edota Gizarte Zerbitzuak.

Lanbide Heziketan oinarritutako bost ikastetxe daude Tolosaldean; erabat desberdinak. Tolosan, Peñascal Kooperatiba, Inmakulada Ikastetxea, Don Bosco Eskola eta Tolosaldea Institutua aurkitzen dira; eta Zizurkilen, berriz, Fraisoro Eskola. Guztiek ere parte hartzen dute, urtero antolatzen den Lanbide Heziketaren azokan. Ostiralean eta atzo zen ospatzekoa, baina osasun krisiaren ondorioz ezarritako alarma egoera dela eta, momentuz bertan behera geratu bada ere, aurrerago egin nahiko lukete. Hala ere, ikasleak eta irakasleak etxetik ari dira lanean. Izan ere, Lanbide Heziketak ez du etenik.

Ikasten eta lanean, aldi berean

Azken urteetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak ekintza ugari gauzatzen ari dira, Lanbide Heziketaren bidez gazteen langabezia tasa altuak arintzeko neurriak sustatzeko eta ikasleen lanbide kalifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko. Hori, DUAL izeneko metodologiaren bitartez lortu nahi dute, hau da, aldi berean, enpresako lanaldia eta zentroko ikasketak uztartuz. Lehen ikasturtea ikastetxean egiten da, bigarrena, berriz, ikastetxean eta enpresan, txandakako prestakuntzan.

Ikaslearen eta enpresaren artean bi motatako harremana egon daiteke: lan kontratu batekin, edota konpentsazio erregimenean ikasleei prestakuntza programak egiteko bekak emanez. Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko aukera ematea, gaitasun pertsonal eta sozial batzuk eskuratzea, enpresa baten eguneroko martxa ezagutzea eta bere behar zehatzei erantzuteko gai izatea, produkzio emaitzak lortzea, trebetasunak eta abileziak lortzea, gazteak lan mundura hurbiltzea eta sartzea, eta edukiak eta pedagogia metodoak berritu daitezen bultzatzea dira metodologia honen helburuak. Metodologia hori, ordea, ez da ikasleek aurrerapauso bat eman dezaten Lanbide Heziketak eskaintzen duen zerbitzu bakarra. Fraisoron, Inmakuladan eta Tolosaldean, esaterako, ikasleek Europako beste herrialde batzuetan ikasteko eta lan egiteko aukera izaten dute, Erasmus+ bekari esker; eta badira zentroan bertan bestelako zikloez aparteko ikastaroak eskaintzen dituzten ikastetxeak.

 

Inmakulada: hezkuntza kooperatiboa oinarri

2004an langileen kooperatiba gisa antolatu zen unetik, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola Erdi eta Goi Mailako Lanbide Heziketako itunpeko zentro pribatua da, pertsonen arteko etengabeko ikasketa bermatzen duena. Euskal izaera duen erakundea da eta hezkuntza kooperatiboan oinarritzen du bere lan jarduera. Berriztatzaileak diren teknologiekin eta ingurumenaren babesarekin nahiz jasangarritasunarekin konprometituta dago zentro hau.

Goi Mailako nahiz Erdi Mailako zentroa izanik, zenbait ziklo burutu daitezke bertan. Goi Mailakoen artean, Gizarteratzeko teknikariarena, Diagnosi irudiko eta medikuntza nuklearreko teknikariarena edo Osasun dokumentazioko eta administrazioko teknikariarena burutu daitezke. Erdi Mailan, berriz, Erizaintza laguntzailearena, Farmazia eta parafarmaziako teknikariarena eta Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikariarena daude aukeren artean.

Lan eremuan aurki daitekeen egoera erreal bati irtenbidea ematean datzan metodologia du oinarrian; ikasleak talde batean partaide aktibo moduan egiten du lan. Ikaslearen lan munduratzea ziurtatzeko, bere ibilbide profesionala garatzen ahalegintzen dira, ikerketarako grina bultzatuz. Bestetik, pertsonak kudeatzeko, eta bere eremu desberdinak landu eta garatzeko sistema bat dute: KEG (Konpetentzien Etengabeko Garapena) tresna. Lehenik, ikasle bakoitzari bere konpetentziak garatzeko Formazio Plan Indibiduala egokitzen zaio, eta amaierako ebaluazioan, bere indarguneak eta beharrak identifikatzen dituzte.

 

Don Bosco: paperaren esentzia galdu gabe

Hezkuntza eskaintza handitzeko ahaleginak egiten aritu ondoren, Tolosako Paper Eskola, Errenteriako CIFP Don Bosco Ikastetxearen antolamendu eta funtzionamendu egituran, Kimikako departamentuaren barruan kokatu zen, 2012an. Bere identitate berezi eta propioa mantendu zuen, gainera; horrela, gaur egun, eskualdearen zerbitzura jartzen du 50 urte baino gehiagoko eskarmentua. Berrikuntzan eta etengabeko hobekuntzan oinarritzen den proiektu bat da, lanerako prestakuntzari dagozkion jarduerak egiten eta enpresei zerbitzuak ematen jarraitzen duena.

Une honetan, bi ziklo eskaintzen dituzte bertan: Instalazio kimikoko Erdi Mailako teknikariarena, eta Industria kimikoko Goi Mailako teknikariarena. Horiez gain, Lanbidek finantzatutako bi ikastaro ere ematen ari dira: Paper pasten prestaketa eta Laborategi eta industria kimikoetako biltegi lan osagarriak. Bestalde, eskualdeko lanerako planaren barruan, Hiriko eta Industriako hondakinen kudeaketa ikastaroan ere hartu daiteke parte; azkenik, online bidezko ikastaroen eskaintza ere badute.

Ikastetxearen oinarrizko helburua sistemak eskatzen dituen baldintzak betetzea eta bere eragingarritasuna etengabe hobetzea da, inguruarekiko errespetua eta pertsonen segurtasuna bermatuz. Horretarako, zenbait balore jartzen dituzte mahai gainean: talde lana, koherentzia, erantzukizuna eta egokitzeko eta erantzuteko gaitasuna. Ikasleei egungo eta etorkizuneko lan jardunerako beharrezkoak izango dituzten gaitasun tekniko eta trebetasun orokorrak eskuratzen laguntzen diete. Gainera, Ikastetxeak indar berezia jartzen du euskararekin eta ingurumenarekin loturiko gai guztietan, hauen garapen eta ezarpenera bideraturiko ekimenetan parte hartuz.

 

Peñascal: pertsonak gizarteratzeko grina

Irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundea da Peñascal Kooperatiba, 1986az geroztik onura publikotzat aitortua. Hainbat arrazoi pertsonal, akademiko edo sozialengatik gizartean bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea du helburu. Horretarako, haien prestakuntza eta kalifikazio profesionala, lan aktibazioa eta enpleguaren sorrera lantzen dituzte, elkartasunezko eta herritartasunezko jarrerak eta balioak sustatuz eta motibazioa aurkitzen lagunduz, pertsonak gizarteko protagonista aktiboak izan daitezen.

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxetan 14 urteko gazteak eta 65 urte bitarteko helduak irakasten dituzte. Eskualdeko zentroa Tolosako Usabal industriagunean kokatzen da, eta bertan, hiru ziklo burutu daitezke: Soldadura eta galdaragintzako Erdi Mailako zikloa, eta Elementu metalikoen fabrikazioko eta sukaldaritzako Goi Mailako zikloak. Azken horretan, Leaburuko Ostatuan egiten dituzte praktikak.

Prestakuntzaren arloko jarduerak izateaz gain, enpleguarekin konprometituta dago Peñascal; bitartekari lanak egiten dituzte enplegu zerbitzuekin eta enpresekin, eta gizarteratze enpresak sortu eta kudeatzen dituzte. «Lanean ikasi» esamoldea erabiltzen dute lema moduan. Metodo pedagogiko berritzailea garatzen dute, praktiketan oinarritutakoa, eta beraientzat ezinbestekoa da familiekin harreman zuzena eta etengabea izatea.

 

Fraisoro: baserria eta baratza, eskola bihurtuta

Fraisoro Eskola Lanbide Heziketako ikastetxe publikoa da. 115 urte baino gehiago daramatza nekazaritzari eta abeltzaintzari zerbitzua ematen, betiere, ikuspuntu berritzaile eta aurrerakoi batekin, eta prestakuntza, enplegu eta ekintzailetza zerbitzu integralen bidez, lehen sektorearen lehiakortasuna hobetu asmoz. 1898an inauguratu zuten, zientzia eta teknologia oinarri hartuta, Gipuzkoako nekazaritza eta abeltzaintza indartzea helburu zuen eskola. 1904az geroztik, ordea, baserritarren prestakuntzaz eta trebakuntzaz ere arduratzen da.

Fraisoro Gizartearekiko erreferentzia zentro bat izatea da asmoa. Pertsonen garapena, talde lana, partaidetza, kooperazioa, berrikuntza, etengabeko hobekuntza, sektorearekiko nahiz gizartearekiko konpromisoa eta ingurunearekiko errespetua dira eskolatik ikasleei irakasten dizkieten baloreak. Horretarako, metodologia parte hartzaileak bultzatzen dituzte, gaitasun teknikoak, sozialak eta zeharkakoak landuz.

Erdi Mailako eta Goi Mailako hiru ziklo eskaintzen dituzte Fraisoron: Lorezaintza eta loregintza, Nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena, eta Baso kudeaketa eta natura ingurunea. Bestetik, zenbait ikastaro izaten dira, lehen sektoreko profesionalentzat eta landa eremuko biztanleentzat. Lanbideren bitartez ere, ziurtagiri profesionalak lortzeko aukera eskaintzen dute zenbait arlotan. Azkenik, lan poltsaren zerbitzua eskaintzen dute, lana eskatzen duenaren eta eskaintzen duen enpresaren artean zubi lana eginez.

Eskolak dituen azpiegituren artean, aipatzekoa da duen abeltzaintza ustiategia, eta bertako animaliak, hala nola, oiloak, untxiak, ardiak, haragitako eta esnetarako behiak azken hauek, informatikoki kudeatutako robotaren bidez jeizten dira. Horrez gain, praktiketarako makinaria espezializatua, 4.000 metro karratuko negutegi lursaila, erlategia, gaztandegia, laborategia, sagardotegia, estazio meteorologikoa, baso autoktonoa, txakolin mahastia edota lorategiak ere badituzte Zizurkilgo txoko eder honetan.

 

Tolosaldea: aukera ugari, eta kalitatezkoa

Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe integratua ikastetxe publikoa da, langileei eta langabetuei eskainitako etengabeko prestakuntzan, baita ikasleek enpresetan egiten dituzten praktiketan ere esperientzia handia duena. Jatorria XX. mende hasieran kokatzen bada ere, 80ko hamarkadaren erditik aurrera ikastetxea enpresa mundura hasi zen gerturatzen. Urtetik urtera, handitzen joan da, etengabeko formazioa lortuz eta ziklo gehiago eskainiz. Gainera, autonomia handiagoa bereganatzen joan da, erreferentziazko ikastetxeetako bat bihurtu arte.

Heziketa integratua, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, nazioartekotzea eta ikastetxearen kudeaketaren eraldaketa dira institutuaren zutabe nagusiak. Kalitatezko lanbide prestakuntza aurreratua eta berritzailea bermatzen du, aro digitala aintzat hartzen du, askotarikoa da, proiektuetan eta metodologia berrietan oinarritua, eta enpresa eta erakundeei zerbitzua eskaintzen die. Partaidetza, prestakuntza eta elkarlana oinarri hartuta, pertsona arduratsu, ekintzaile, eleaniztun eta trebeak heztea du helburu, eta horretarako, irakaskuntza pertsonalizatua eta metodologia aktiboak erabiltzen dituzte.

Goi Mailako nahiz Erdi Mailako zikloak irakasten dituzte. Azken honetan, esaterako, Soldadura eta galdaragintza, Mekanizazioa, Mikroinformatika sistemak eta sareak, Instalazio elektriko eta automatikoak edota Merkataritza jarduerak aurki daitezke. Goi Mailan, berriz, Administrazio eta finantzak, Mekatronika industriala, Automatizazioa eta robotika industriala, Sareko informatika sistemen administrazioa, Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, Eraikuntza metalikoak eta instalazio termikoak eta fluidodunen mantentzea. Ziklo horiez gain, baina, badira bestelako ikastaroak ere, lanean ari diren langile eta sektore desberdinei zuzendutakoak, eta langabetuei zuzendutakoak. Urratsbat zerbitzua ikasleek beraien enpresa sortzen laguntzeko programa, aholkularitza zerbitzu integrala eta Ikastn programa ere badituzte. Azken hau, lan merkatutik urrunen dauden pertsonentzako bizi osoko ikaskuntza da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!