Inpunitatearen harresian ageri diren lehen arrakalak

Jon Miranda Labaien 2019ko ots. 10a, 12:59

Jokin Sarasolak, Jon Goñik, Josetxo Zabaletak, Elixabete Nosellasek, Juan Arangoak eta Joxe Ramon Begiristainek salaketa jarri dute, Tolosako epaitegian, 1975 eta 1978 urteen artean, Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean torturatu egin zituztelako. Torturaren Aurkako Egunaren bezperetan bildu dira, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, bizi izan zutena kontatzeko.

Aitzindariak dira salaketa jarri duten sei lagunak. Lehen aldia da gisa horretako kereila bat jartzen dela Euskal Herrian. Joan den urtarrilaren 16an, besteak beste, Jesus Muñecas (Zaragoza, Espainia, 1939) Guardia Zibilaren kapitainaren aurkako salaketak jarri zituzten, sei herritar horiek, Tolosako hirugarren eta laugarren instrukzio epaitegietan. Aratz Estonba abokatuak azaldu duenez, hori dute komunean sei kereilek: «1975etik 1978ra bitartean, momentu eta egun diferenteetan atxilotu eta torturatu zituzten arren, guztiek, euren tortura saioetan, Muñecas identifikatu zuten. Ikusi egin zuten».

Torturetan parte hartu zuten guardia zibil gehiago ere identifikatu dituzte auzi-jartzaileek, baina ezizenarekin. Sei lagunetako bakoitzak 70 orri inguruko kereila aurkeztu du eta, ezizen horien berri eman, eta era guztietako dokumentazioa gehitu dute. «Garaiko gobernadore zibilak emandako atxiloketa agindua, zigortu zituzteneko sententziak edota orduko argazkiak eraman dituzte epaitegira», esan du Estonbak. Bereziki ezagunak egin ziren Amparo Arangoari Javier Yabenek, Patxi Zabaletaren laguntzarekin atera zizkion irudiak. Tolosako kuarteletik pasa ondoren, Iruñeko Virgen del Camino ospitalean, sindikalista leitzarraren gorputz ubeldua erakusten duten erretratuak, Zeruko Argia-n argitaratu zituzten aurrena eta, geroago, The Times egunkarian ere eman zituzten argitara.

Aitzindariak dira salaketa jarri duten sei lagunak, nahiz eta, aurretik ere, urratsa egina duten Argentinako Justiziaren aurrean. Frankismo garaian egindako krimenak ikertu nahian, 22 lagun inputatu ditu, dagoeneko, Maria Servini epaileak, baina Espainiako gobernuak sistematikoki ukatu du horien estradizioa. Josu Ibargutxi Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformako kidearen ustetan, «ez dutelako ate hori ireki nahi, ez dutelako inongo interesik benetako justizia egiteko».

Ez, bakarrik, Argentinatik egindako estradizio eskaerak ukatzeko; aurreko urteetan Euskal Herriko hainbat udalek egindako salaketak atzera botatzeko ere, argudio berak erabili izan ditu Espainiako Justiziak: auzitan jarritako gertaerak preskribatuta daudela, eta ikertu beharko liratekeen ekintza horiei 1977ko Amnistiaren Legea aplikatu beharko litzaiekeela. «Ez da guk asmatutako kontua», dio Ibargutxik: «Lege hori zuzendu edo indargabetu egin behar dela esana du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Iazko irailean, Fabian Salvioli Nazio Batuetako giza eskubideen errelatore bereziak ere Madrilen esan zuen, ez dela onargarria gisa horretako 'azken puntuko' lege bat. Espainiako estatuak ez entzunarena egiten du, ordea».

Salaketa jarri duten sei lagunek argi dute gizateriaren kontrako delituak izan zirela beraien aurka egindakoak. Estonbaren esanetan, salatu dutena jazarpen politiko eta ideologikoa da, «kolektibo zehatz baten aurka egin zutena, propio, horretarako oinarrizko giza eskubideak urratuta». Nazioarteko Giza Eskubideen epaitegiek esaten dutenaren arabera, gizateriaren kontrako delituak ez dira behin ere preskribatzen. Epaitegi horiek esandakoa hartu zuen bere gain Espainiako kode penalak eta, beraz, ordutik aurrera egindako delituak preskriba ezinak dira, Espainiako Justiziarentzat. «Justizia printzipioa kontutan hartuta, tortura kasu bat, giza eskubideen kontrako delitua izanik, preskriba ezina bada, berdin-berdin da preskriba ezina, delitua 2015etik aurrera edo duela 40 urte egina bada. Bestela, inpunitatea sortuko litzateke», dio auzi-jartzaileen abokatuak. Ibargutxik gehitu duenez, «Espainiako Konstituzioari berari erreparatuko baliote, eta 96. artikuluak esaten duena konplitu, behin estatuak nazioarteko hitzarmenak sinatutakoan, ezinbestean bete beharrekoak lirateke, barne lege bilakatzen baitira hitzarmen horiek».

Errepresioa Tolosaldean

1975 eta 1978 urteen artean izandako gertakariengatik eraman dituzte, hainbat guardia zibil, auzitara, Tolosan. 1975. urteko azaroaren 20an hil zen Franco diktadorea, baina errepresioak segitu egin zuen Guardia Zibilaren kuarteleko lau pareten artean. Trantsizioa «paktu politiko negargarritzat» jo du Ibargutxik: «Frankismo osoa bertan geratu zen inpunitate osoarekin. Trantsizioa baino transakzioa izan zen. Erregimenaren egitura guztiak ukitu gabe geratu ziren».

Frankismoa bakarra izan zela nabarmendu du Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak: «Luzea, baina bakarra izan zen, 1936an hasi, eta zehazki ez dakigu non bukatzen den». Tolosako Udalarekin lankidetzan, Aranzadik iazko azaroan aurkeztu zuen, Tolosa 1945 -1975, Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean liburua, eta lanaren egilea da Buces. «1959. urtera arte errepresioa leunagoa zen, besterik gabe, oposizioa existitzen ez zelako. Francoren aurkakoak, edo lurpean, edo erbestean zeuden. Instituzio frankistak egonkorrak ziren, eta ez zuten errepresio zuzena erabili behar bizirauteko. 1960tik aurrera, ordea, oposizio politikoa piztu egin zen, gerra ezagutu ez zuen gazteen belaunaldia aktibatu egin zen, lantokietan eta kaleko mobilizazioetan. Orduan bai, errepresio zuzena erabiltzen hasi zen erregimena».

Tolosaldea Historia Bildumako 21. alean ageri denez, erregimenaren hiru errepresio-indar nagusiek destakamentuak zituzten, Gipuzkoan: Poliziaren Gorputz Nagusiak, Polizia Armatuak eta Guardia Zibilak. Bucesen esanetan, Guardia Zibila zen gorputz errepresibo nagusia, baita Tolosaldean ere. Gipuzkoan 143. Komandantziak ordezkatzen zuen Guardia Zibila eta, teniente-koronel batek, lehen buruzagi batek, bi komandantek, 9 kapitainek, 19 tenientek, 29 brigadak, 41 sarjentuk, 114 kabok eta 800 guardia zibilek osatzen zuten: «Brigada Politiko eta Sozialeko kideak lantokietan eta erakunde politikoetan infiltratzen ziren informazioa biltzeko eta, ondoren, atxiloketa gehienak guardia zibilak egiten zituen, manifestari, grebalari eta atxilotuen aurka bortizkeria erabiliz».

Errepresioa poliziala zen, baina baita judiziala ere, TOP Tribunal del Orden Publico delakoaren bitartez gauzatzen zena. Oso zaila da, ordea, artxibo horietara sarbidea edukitzea. 50 urte igaro behar dute artxiboak irekitzeko eta Aranzadi zientzia elkarteak, esate baterako, iaz eman zituen argitara, 1968ko salbuespen egoeraren ingurukoak, guardia zibil eta polizien izenak ezagutaraziz. «Testigantzei esker dakigu Muñecas Tolosako Guardia Zibilaren kuarteleko burua zela, ez inon jasota dagoelako. Informazio hori nonbait egongo da, baina guk ezin dugu kontsultatu», aipatu du Bucesek.

Tolosako epaitegian, sei lagunek aurkeztutako salaketa aintzakotzat hartu, eta epaileek gertatu zena ikertzeko instrukzio fasea abiatuko balitz, Estonbak azaldu du, defentsak froga eskaerak egingo dituela: «Estatuak dituen artxiboak zabaltzea eskatuko genuke, garai hartan Muñecas hemen ote zebilen edo polizien fitxetan argazkirik gorde ote zen jakiteko. Orain ezizenez ezagunak diren polizia horien izenak identifikatzea ere eskatuko genuke. Guk akusazioarekin segitzeko asmoa dugu, eta delitu horiek eragin zituzten guardia zibilak zigortzea eskatuko dugu, betiere, gizateriaren aurkako delituetan oinarritut a».

Tortura kasu ugari

Frankismo garaian, atxiloketa zentroetan, polizia gorputz horietako funtzionario publikoek «maiztasunez erabiltzen zuten tortura», Bucesek azpimarratu duenez. Tolosa 1945 -1975, Giza eskubideen urraketak eta errepresioa diktadorea hil artean liburuan, KREI Kriminologiaren Euskal Institutuak eta Euskal Memoria Fundazioak 1960 eta 1975 urteen artean Tolosan identifikatutako tortura kasuak bildu dituzte. 25 pertsona dira, baina Tolosan salaketa jarri duten herritarretako bakar bat ere ez da azaltzen zerrendan. «Agerikoa da, hortaz, liburuan aipatutako horiek baino gehiago izan zirela torturatutakoak. Beti geratzen gara labur», aipatu du Aranzadiko ikerlariak.

Jendea animatzen da salaketa jartzera Ibargutxiren ustetan, «baina ez dira alferrik hainbeste urte pasatu». Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformako kidearen esanetan, «batzuk ez dute ezer jakin nahi eta, besteek, orria pasatu behar dela esanez, ahaztu egin nahi dute kontua. Guk ere pasa nahi dugu orria, baina irakurri eta gero. Eta, ondo irakurtzeko, aurrez ondo idatzita egon behar du. Ezin du orri zuria izan». Puntu horretan kokatzen du beren egitekoa, Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko ikerlari eta historialariak: «Herri batek jakin nahi du zenbat pertsonak jaso zuten giza eskubideen urraketa, hemen. Pausoak kronologikoki eman behar direla uste dugu; aurrena gertatu zena jakin, gero justizia eta erreparazioa egiteko».

Kezka bat ere agertu dute ikerlariek: 36ko Gerrarekin gertatu zen gauza bera ez gertatzea, eta torturak jasan zituztenek, Tolosan bezala, euren testigantza eman ahal izatea, berandu baino lehen. Ibargutxik pentsatzen du, justizia egin egingo dela, baina ez justizia osoa. «Ez biktimak bakarrik, biktimario asko ere desagertuta dago. Ez dugu denekin justizia penalik egingo, baina bai bestelakoa. Biktimei duintasuna adieraztea, elkartasuna erakustea eta, ahal den neurrian, erreparazioa egitea garrantzitsua da. Benetako gizarte demokratiko batek egiten ez badu, gizartea bera usteltzen da». Babesa emateko asmoarekin antolatu zuen plataformak elkarretaratzea, joan den urtarrilaren 16an, Tolosako epaitegi atarian. Bertan izan ziren Tolosan ordezkaritza duten alderdietako hautetsiak eta, auzi-jartzaileek, besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusien babesa ere jaso dute. «Hainbeste urtetan gutxietsi ondoren, biktimek jakin behar dute bakarrik ez daudela», esan du Ibargutxik.

Kontzientzia kolektiboan beste egoera bat sortzea da kontua, sei auzi-jartzaileen abokatuak esan duenez: «Tolosan emandako pausoak zalantzan jartzen ditu ezarrita dagoen status quo-a eta normalitatea. Aurrekariak sortu dira, eta hori da gure estrategia juridikoa. Kereilak sartzen joan gaitezen hainbat epaitegitan eta, akaso, epaileren batek, momenturen batean, aurrera egingo du instrukzioarekin». Tolosako epaitegiaren kasuan, Estonbak ez daki salaketaren erantzuna noiz emango duten: «Prozesalki eta lege mailan ez dago epe muga bat ezarrita. Epaileen erritmoaren eta agendaren araberakoa da». Tolosako hirugarren eta laugarren instrukzio epaitegien funtzioa da, lagun horiek salatutakotik abiatuta, zer gertatu zen ondorioztatzea, gertatutako hori nork egin zuen argitzea, eta gertatutako hori delitua izan zen edo ez ebaztea. Horren arabera erabakiko dute, epaileek, prozedurarekin jarraitu edo ez.

Urtarrilaren 16an salaketa jarri, eta orain eztabaida juridikoa egiten ari dira epaitegian. Fiskala txostena prestatzen ari da, eta auzi-jartzaileen defentsak horri erantzuteko aukera izango du, epaileak erabakia hartu aurretik. Esperantza printza bat badute abokatuek, besteak beste, duela pare bat aste, Valentzian, PCEko zenbait militantek 1971n jasandako torturengatik jarritako salaketa aintzat hartu, eta instrukzioa abiarazi baitzuen epaileak. «Hemen, Euskal Herrian, gero eta jende gehiago dago kereila jartzeko prest», esan du Estonbak. Pixkana, Frankismoan eta ondorengo urteetan torturak jasan zituzten pertsonen kontzientzia piztu, eta indarra hartzeko balioko du ekimenak, inpunitatearen harresia pitzatzen has dadin.

Erlazionatuak

Jokin Sarasola, Txarama, 1956

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Leaburu-Txarama

Jon Goñi, Txarama, 1953

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Leaburu-Txarama

Josetxo Zabaleta, Leitza, 1953

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Tolosaldea

Juan Arangoa, Leitza, 1954

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Tolosaldea

Elixabete Nosellas, Belauntza, 1959

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Belauntza

Joxe Ramon Begiristain, Altzo, 1958

Tolosaldeko Ataria 2019 ots 10 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!