Hilabeteko azken azala

Tolosaldeko Ataria 2017ko abu. 31a, 11:52

Abuztuko azken asteak eman duen guztia biltzea oso zaila da. Hala ere, gu saiatu gara hori lortzen eta honakoa izan da emaitza: festen nahiz kirolen ingurukoak izan dira azken egunetako albiste garrantzitsuenak.

Amezketan, Bidanian eta Ibarran San Bartolome festak amaitu baino lehen hasi ziren, Berrobin, San Agustin jaiak. Baina, horiek ere heldu ziren bukaerara, eta orain, txanda, Izaskun auzoko festena izango da. Bihar lehertuko da txupina, eta ondorengo hiru egunetan, dantzarako, lasterka egiteko, edota tortilla nahiz sagardo onenak dastatzeko astia izango da. Gainontzean, amaitu dira abuztuko festak, eta bertako argazki galeriak eta bideoak ikusgai daude ataria.eus webguneko bereziak atalean.

Bestetik, kirolari dagokionez, eskualdeko talde gehienen denboraldi-aurrea aste honetan hasi bada ere, beste batzuek, udara osoan lehiatu behar izan dute, oporraldiko azken egunetara ahalik eta maila onenean heltzeko. Hori da, San Juan traineruko arraunlarien kasua. Orain, Kontxa dute begiz jota hauek. Bestetik, ezin aipatu gabe utzi Unai Iribar txirrindulari ibartarra, munduko junior txapelketan pistako kirolari onenekin aritu baita nor baino nor. Bestetik, Irene Caminos, munduko kopako laugarren proban, podiuma zapaltzetik gertu ibili zen, baita Ion Azpiroz ere, Mont Blanc-eko Ultra Trailean.

Azkenik, etxean lehiatzen aritu direnen artean, hiru izen nabarmendu behar dira. Batetik, Alatzne Etxaburua zizurkildarra, eta bestetik, Altuna III.a eta Artola, Amezketako eta Alegiako pilotariak. Lehenak, Europako Sega Txapelketan parte hartu ondoren, bigarren postua lortu zuen, Igor Esnaola legorretarrarekin batera, Euskal Herriko trontza txapelketa mistoan. Eskualdeko bi pilotariek, berriz, bihar jokatuko dute, Donostia Hiria txapelketako finala, Atano III.a pilotalekuan, Rezusta eta Albisu bikotekide dituztelarik. Hemen dituzue albiste guztiak:

- Xabi Fernandezek urteko estropadalari onenaren saria jasoko du

- Unai Iribar zazpigarren, munduko junior txapelketan

- Altuna-Artola, Donostia Hiria torneoko finalean

- "TAK egon ez balitz, gu gaur egun ez ginateke San Juanen estropadak irabazten ariko"

- Irene Caminosek laugarren postua lortu du Munduko Trial Kopako laugarren proban

- Ion Azpirozek laugarren postua eskuratu du Mont Blanc-eko Ultra Trail gogorrenean

- Etxaburua eta Esnaola bigarren, Euskal Herriko Txapelketa mistoan

- Amezketako San Bartolome festak 2017

- Bidaniako San Bartolome festak 2017

- Ibarrako Sanbartolome festak 2017

- Berrobiko San Agustin festak 2017

- Izaskun auzoko festak 2017

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!