"TAK egon ez balitz, gu gaur egun ez ginateke San Juanen estropadak irabazten ariko"

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abu. 29a, 15:41
Irati LarraƱaga, Ioana Alijostes eta Nerea Perez arraunlariak.

Euskotren ligak ez du arrosa beste kolorerik izan aurten eta, ezustekoetatik urrun, batelerek eskuratu dute erregulartasunaren garaikurra, laugarrenez; hiru tolosarren indarrak ere balio izan du, sanjuandarren palmaresa osatzeko.

Jokatutako guztietatik, bandera bakarra ukitu gabe etxeratu dira, aurten, Irati Larrañaga (Tolosa, 1992), Ioana Alijostes (Tolosa, 1988) eta Nerea Perez (Tolosa, 1997) arraunlariak. Olatuaren aparretan joan zaie Euskotren liga eta, aparrik gozoenetako batean, Zarauzko estropada preziatuan, erregulartasunaren saria jaso zuten.

Tolosaldeko Arraun Klubeko harrobiak emandakoaren lagin bat baino ez dira eta, beste behin, lehorreko sena kresaltzeko gogotsu dira, hitzorduetan hitzorduenaren atarian: irabaztera doaz.

 

Ikuslearen begietatik, liga erraz irabazi duzuela dirudi. Barrutik ez da hala izango, ezta?

 

Nerea Perez: Bai, noski, lan handia egin behar izan dugu aurretik.

 

Ioana Alijostes: Erraza ez da sekula izaten. Estropada guztiak irabazten dituzunean, kanpotik erraz ikus daiteke guztia, baina azaroaz geroztik ari gara entrenatzen, ia-ia egunero. Gauzak ondo ateratzen ari dira, baina hori udan ikusten da; atzetik, ordea, lan-ordu asko daude.

 

Laugarren urtez ligako txapeldun izan da San Juan, eta badirudi ia behartuta zaudetela irabaztera. Presiorik sentitzen duzue?

 

Irati Larrañaga: Alde batetik, bai. Gainera, askotan jendeak ez ditu hitzak neurtzen: “Utzi beharko diezue besteei ere irabazten”, eta halakoan entzun izan ditugu kalean. Baina guk ere irabazteko egiten ditugu entrenamenduak, besteek bezala, eta horregatik joan gara estropadaz estropada. Argi geratu da Hibaika ere hortxe egon dela, baina aldea ehuneneko eta segundutakoa izan denetan, gure alde izan da askotan. Dena den, ez gara inongo momentutan erlaxatu, bai baitakigu ligaren bila eta Zarauzko banderaren bila zihoazela, eta Kontxaren bila ere joango direla. Presio hori, beraz, guk geure buruari jarritakoa da, batetik, eta baita jendeak jarritakoa ere.

 

N.P.: Bai, hiru urtez jarraian liga irabazita, presioa ia halabeharrez etorri da aurten. Dena den, nik uste dut presio hori eramaten asmatu dugula.

 

Badirudi Euskotren ligako lehen hiru postuak finkatuta daudela, azken urteotan: San Juan, Hibaika, Orio. Horri dagokionez, beste taldeen aldetik espero al zenuten aldaketarik aurten?

 

I.A.: Aurredenboraldia jakin minez betea izaten da, ontzi guztiek izaten baitituzte aldaketak. Sekula ez da jakiten, ez non egongo zaren zu, ez non egongo diren besteak. Askotan, gainera, nahiz eta taldea mantendu, edo nahiz eta taldekide berriak txertatu, espero baino okerragoak izaten dira emaitzak. Beraz, badirudi azken urteotan gauzak ez direla aldatu, baina denboraldi guztiak desberdinak dira.

 

I.L.: Bai. Guk, esaterako, entrenatzaile aldaketa izan dugu denboraldi honetan. Gerta zitekeen, iazko ibilbide-orri bera jarraituta ere, gauzek ez funtzionatzea, baina kontrakoa gertatu da. Iazko blokea mantendu dugu, zenbait altarekin, eta entrenatzailea aldatuta ere, gauzak ondo ateratzen ari zaizkigu; ez da sekula jakiten. Orio, adibidez, Getxo eta Zierbenako asteburu horretan oso-oso ondo ibili zen, eta Kontxara beti ondo iristen dira.

 

N.P.: Batelek eta trainerillek emandakoa ikusita, espero zitekeen Hibaikarekin lehia estu hori izatea eta, alde horretatik nik ez nuen aldaketarik espero. Egia da aurten garaipen gehiago eskuratu ditugula guk, bai traineruan, eta baita ontzi txikiagoetan ere, eta horrek, akaso, halako frustrazio bat sortu lezake beren ontzian.

 

Aldakortasun hori horrela izanda ere, datorren denboraldiak zein itxura izango duela uste duzue?

 

I.A.: Oso zaila da egoera asko aldatzea. Emakumeon ligan mailak gora egin du, oro har, baina alde handia dago hamar urte pasatxo arraunean daramatzan jendearen, eta ia hasiberriak diren taldeen artean. Deusto, Portugalete edo Hernani nahiko talde berriak dira, eta uste dut gainerako traineruok esperientziagatik ere ateratzen diegula aldea, gu hasi ginenean beraiek ez zeudelako.

 

Helburuak ere desberdinak izango dira beteranoenen eta hasiberrienen artean, ezta?

 

I.A.: Bai, batez ere, esperientziagatik. San Juanen, Orion edo Hibaikan ari garenok urteak daramatzagu arraunean, eta horrek gainbalio bat ematen dio taldeari. Gu baino hasiberriagoak diren taldeentzat zaila izango da, egun batetik bestera, gora egitea. Baina, pixkana-pixkana, ontziari jarraipena emanez gero, hobekuntza urtez urte iritsiko zaie. Orduan iritsiko dira benetako aldaketak ligara.

 

Emakumezkoen arrauna hazten joan den bezala hazi zarete, zuek, arraunlari moduan. 2017an nola ikusten duzue zuen arrauna, mailaz eta babesez?

 

I.L.: Hasi ginenetik hona, uste dut emakumeon arrauna asko hobetu dela kirol mailari dagokionez; orduko eta gaur egungo denborei begiratu besterik ez da egin behar. Asko prestatzen gara, eta uste dut, oro har, kirolaritzat hartzen gaituela jendeak, ez lehengo begiekin. Babesari dagokionez, berriz, aurrerapausoak eman ditugu, noski, baina uste dut oraindik egiteko asko dagoela; emakumeak gara, eta askotan gu gutxiesten jarraitzen dute oraindik. Sarietatik hasi eta beste hainbat kontutara iritsi arte. Beti esaten dut, gu ez garela diruagatik arraunean ari; baina laguntza handiegirik ere ez dugu jasotzen. Denboraldi bat dirua galduz amaitzen dugu guk.

 

N.P.: Bai, gizonezkoen arraunak askoz ere pisu handiago du oraindik eta, egoera asko hobetu den arren, baldintzak orekatzea litzateke justuena.

 

I.L.: Eta distantziena ere aipatzekoa. Gainerako modalitateetan –bateletan nahiz trainerilletan– gizonezkoen distantzia berberak egin behar izaten ditugu, baina traineru estropadetan ez: gizonezkoen erdia egiten dugu. Pentsa, gure trainerilla estropada bat luzeagoa izaten da, trainerukoa baino. Ez al gara gai gizonezkoen distantzia bera arraunean egiteko, ala? Prestatuz gero, noski baietz. Baina gero inkoherentziak iristen dira, eta liga oso bat bi luzeko estropadak egiten pasatu eta gero, Espainiako txapelketa lau luzetara jokatzea nahi dute. Amaituko genuke proba, noski, baina ez genuke maila bera emango, ez dugulako hori prestatu.

 

 

 

Distantziarenak zerikusia izan dezake telebistako emankizunarekin?

 

I.A.: Bai, uste dut baietz. Dena den, dugun harrerara itzuliz, iruditzen zait emakumezkoon kirolaren barruan arraunak nahikoa babes jasotzen duela; ez gaude hain gaizki. Gure liga osoa emititzen dute telebistaz, eta idatzizko prentsak ere jarraipena ematen dio. Aurten antolatu dituzte emakumezkoentzako bakarrik diren estropadak ere, gizonezkoen balizak eta antolakuntza probestu beharrik izan gabe.

 

I.L.: Bai, baina estropada horietako hiru lotsagarriak izan dira. Urumean, ia urik gabe, bihurgune batean, itsasoan baliza bat jartzen dirurik ez xahutzeagatik.

 

I.A.: Gizonezkoei ez liekete estropada eremu hori jarriko.

 

I.L.: Ez lukete onartuko baldintza horietan arraunean aritzea.

 

Sentitu izan duzue, politikoki zuzena delako babesten zaituztela?

 

I.A.: Bai. Argi dago gaur egun politikoki zuzena dela eta izen ona ematen duela emakumezkoen zerbait sustatzeak. Baina horren kontra ere ezin dugu hasi, hori baita dugun babes bakarra. Guk egin behar duguna zera da, erakutsi gurea kontu serioa dela, eta merezi dugula erakundeen babes hori. Gizonezkoek ez dute ezer demostratzen aritu beharrik, egia da; baina gu gutxiengoa gara oraindik ere, eta gizarteko gutxiengo guztiak bezala, demostratzera behartuta gaude.

 

Afizioei begira jarriz, zale fidelak dituzue.

 

I.A.: Bai Hibaikakoek eta bai guk sekulako afizioa dugu, egia esan. Oriokoena zailagoa da, gizonezkoen traineruak indar eta mala handia duelako, eta joera orokorra delako lehenengo gizonezkoak animatzea. Dena den, Orion arrauna oso sustraituta dago, kultura da han.

 

Hiru tolosar zaudete Euskotren ligako irabazleen artean. Bada zerbait, ezta?

 

I.A.: Bai. Egia esan, Tolosaldeko Arraun Klubetik arraunlari asko atera gara; hemen jubenil mailara bitarte aritu, eta gero kostaldeko herriren batera joandako asko gara. Bitxia da barrualdeko eskualde batean arraunak hainbesteko garrantzia izatea, baina zaletasuna sortu zen. Gaztetxoetan ere, TAK izango da neska-mutil gehien dituen taldeetako bat.

 

Xume hasitako proiektu bat izanagatik, TAKen ekarpena garrantzitsua da, ezta?

 

I.L.: Bai. Gu geu hortik atera gara, bateletan arraunean hasita. Zortedun izan ginen, seniorrak ginen garaian Getaria-Tolosako proiektua sortu baitzen. Klubak lagundu zigun trainerurako jauzia ematen, eta oso ondo ibili ginen. Argi dago, TAK egon ez balitz, gu gaur egun ez ginatekeela San Juanen estropadak irabazten ariko.

 

I.A.: Tolosako klubak sekulako lana egiten du, eta askotan ezkutuko lana izaten da, gainera. Neska-mutil oso gaztetxoekin hasi, eta jubeniletara iritsi bitarte aritzen dira TAKen. Baina horrek gero ez du ikusgarritasunik traineru batean eta, egia esan, arraunean ikusgarritasuna traineruak ematen dizu. Badirudi talde horiek egiten duten lanak ez duela errekonozimendurik jasotzen, baina harrobi hori hor dago, eta benetan orduak eskatzen dituen lana da harrobia osatzearena.

 

N.P.: Bai, TAKen altxorra harrobia da, eta hori gainerako taldeek oso ondo etortzen zaie gero.

 

I.L.: Bide beretik, TAKek ez du arraunlari propiorik, trainerurik ez duelako. Horrela, arraunlari batek fitxa TAKen izanda ere, beste edozein talderentzat doakoa da kirolari hori bere ontzira eramatea; TAKek arraunlari horiek trebatzen ditu, baina ez du dirurik jasotzen. Berez, arraunlarientzako abantaila handia da, askatasun osoa baitute edozein taldetara joateko.

 

Era utopikoan edo ez, Tolosako ontzi bat osatzearen ideia esku artean izango zen noizbait.

 

I.A.: Bai, nik uste dute askotan atera den gaia dela. Tolosan inoiz arraunean, entrenatzaile lanetan nahiz zuzendaritzan aritu garen guztiok pentsatu dugula, noizbait, polita litzatekeela Tolosako traineru bat ateratzea. Baina zailtasun handiak daude: entrenatzeko kostaldeko herri batera mugitu behar da talde oso bat, egunero, Orian trainerurik ez delako sartzen; finantziazioa behar da, eta horrek norbaiten inplikazioa eskatzen du...

 

I.L.: Nik uste dut zailagoa dela gure kokapen geografikoagatik, baliabide ekonomikoengatik baino. Traineru zahar bat lortuko balitz, eta herritarrek ikusiko balute TAKen ari direla zerbaitetan trainerua ateratzeko, laguntza iritsiko litzateke, bai ekonomikoa, bai bestelakoa.

 

I.A.: Eta zerotik hasi beharko litzateke, hori ere bai.

 

I.L.: Bai, baina TAKetik ateratako arraunlari asko gaude, eta baita utzitako jendea ere. Lehia gorenean aritzera akaso ez lirateke animatuko, baina gure taldeak trainerua atera behar duela jakinda, nik uste dut batek baino gehiagok lagunduko lukeela. Auskalo, akaso traineruren bat ikusiko dugu noizbait, Tolosaren izenean.

 

N.P.: Hain zuzen, hurrengo denboraldirako gizonezkoen Tolosako trainerua atera ote daitekeen aztertzen ari dira orain klubean. Ea posible den eta uretan ikusten dugun!

 

Gauza jakina da datorren osteguna zein ostegun den...

 

I.L.: Ostegun Santua.... [barreak].

 

Prest?

 

N.P.: Prest bai, eta urduri ere bai, noski.

 

I.L.: Bai, azken finean, urte osoan horren zain egon gara, eta jakinik zazpi ontzi sailkatuko garela, gauzak oso-oso gaizki egin beharko genituzke, aurten barruan ez izateko. Beraz, gogotsu gaude, eta urduritasun puntu horrekin.

 

I.A.: Estropada hori jokatu egin behar izaten da, eta beti gerta daiteke zerbait, baina gauzak ondo bidean, ez genuke arazorik izan beharko.

 

Helburua bandera, zalantzarik gabe, ezta?

 

I.A.: Bai.

 

I.L.: Bai.

 

N.P.: Bai, helburua bai. Lortuko dugun edo ez, ikusi egin behar!

 

Kontxak magia berezi bat du, zale, ez zale eta arraunlarientzat. Zuek ere hala bizi duzue?

 

I.A.: Nik uste dut arraunlari guztiek bizitzen dutela Kontxa, estropada berezi bezala. Irabaz ditzakezu dozenaka estropada eta irabaz dezakezu liga, baina Kontxa ez baduzu irabazten, badirudi ez duzula ezer egin. Eta hori ez da, soilik, jendearen pertzepzioa; arraunlariona ere bada.

 

I.L.: Gure kasuan, liga irabazi berri dugun honetan, Kontxako bandera ez irabazteak itzala egingo lioke aurretik lortu dugun guztiari. Eta, berez, denboraldi on baten erakusgarri onena liga irabaztea da, erregulartasunaren saria delako. Kontxa, berriz, bi jardunalditako estropada bat da, baina, hala ere, ezinbestekoa da.

 

Ligak ez du halako dirdirarik lortu.

 

I.L.: Kontxa Kontxa da, eta beti izango da. Beti entzun izan dugu arrauneko olinpiar jokoak direla, eta egia da. Arrapalan egoten den jendetza, eta han sentitzen duzun guztia ligan ez duzu sentitzen. Gainera, Euskotren ligan zortzi estropada bakarrik jokatzen ditugu, lau asteburutan, eta oso-oso motz geratzen zaigu.

 

N.P.: Nire ustez, ligak lortu du izen on hori, halako prestigio bat. Gainera, zortzi estropada dira, eta Kontxa bitara jokatzen dugu. Hala ere, Kontxa Kontxa da, eta beste edozeren gainetik dago.

 

I.A.: Ligari zerbait falta zaio, bai. Badira Kontxaz aparteko estropada bereziak ere ligan, Zarauzko bandera kasu. Baina egia da, liga amaierako trofeo horrek ez duela barrena hainbeste mugitzen.

 

Pronostikoren bat egitera ausartuko zarete?

 

I.A.: Edozer gerta daiteke, baina, egia da, Euskotren ligan parte hartu dugun lau ontziak sailkatzea kiniela ia guztietan sartuko dela. Hibaika, Orio, Arraun Lagunak eta gu. Hiru traineru galiziar ere badatoz, eta beren maila ez dugu ezagutzen.

 

I.L.: Iaz Cabo da Cruzekoak etorri ziren, eta aurten ez dute estropadarik irabazi. Ez dakit, besteek maila igo duten, edo eurak jaitsi. Beren aurka ez gara aritu, beraz, zalantza nagusia hor izango dugu.

 

I.A.: Nire ustez, beste hiru postu horietarako hautagaiak galiziarren maila ezagutzeko zain daude, eta hori izango da sailkatze estropadan jakin min handiena piztuko duena.

 

I.L.: Nik esango nuke Hernani sailkatuko dela, eta beste bi postuak galiziarren eta bertakoen araberakoak izango dira. Edo, akaso sekulako ezustekoa emago digute, eta susto galanta hartuko dugu, auskalo!

 

I.A.: Egia esan, traineru galiziarren maila asko hauspotzen ari dira, eta ikusi egin beharko da. Azken finean, bi estropada eremutako denborak ezin dira alderatu, beraz, ostegunean parean jarri arte, ezin da ezer jakin.

 

N.P.: Nire pronostikoa argia da: gu lehen postuan, gero Hibaika eta gero Orio. Horretan saiatuko gara, behintzat.

 

I.L.: Baina, pronostikoetan pronostikoa egitekotan, esango nuke guk irabaziko dugula bandera, bestela ez goaz! [barreak].

 

Badian entrenamendurik egingo duzue?

 

I.L.: Momentuz ez, eta ez dut uste egingo dugunik. Nik, gainera, nahiago dut: hara joanez denbora galtzen da, beste talderen bat ari baldin bada kontzentrazioa galtzen da...

 

N.P.: Niretzat zailena urduritasun hori baretzea izatean da. Zurrunbilotik ihes egiten saiatzen naiz, planak eginez, mendira joanez eta, bestela, tila edanez [barreak].

 

I.A.: Urduritasuna pizten da eta buruan lan handia egiten du. Eta egunotan, burua kontrolpean izatea da okerrena. Hoberena denboraldi osoan bezala jarraitzea da, gure entrenamenduak eginez, izan ere, entrenamendu bat ona baldin bada, ona da Pasai San Juanen edo Donostian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!