Ion Azpirozek laugarren postua eskuratu du Mont Blanc-eko Ultra Trail gogorrenean

Tolosaldeko Ataria 2017ko abuztuaren 31

Azpiroz, Chamoix-en helmugaratzen.

119 kilometroko lasterketa 14 ordu eta 42 minutuan osatu du, liderrarengandik 9 minutura helmugaratuz.

1.817 parte hartzailek bat egin zuten, Courmayeur-en (Italia), Mont Blanc-eko Ultra Trail gogorrenari aurre egiteko: 119 kilometro, eta 7.200 metroko igoera. Korrikalari frantziarrek osatu zuten podiuma, baina Ion Azpiroz berastegiarra gertu iritsi zen, laugarren postua eskuratuz. 14 ordu eta 42 minutu behar izan zituen lasterketa osatzeko.

Azpiroz hirugarren posturako lehian ibili zen kontrol-gune askotan, Silvain Camus frantziarrarekin, liderragandik 10 minutura. Michel Lanne liderrak, ordea, tartea handitzea lortu zuen 96. kilometroan. Horrela, 14 ordu eta 33 minutuko kronoarekin biribildu zuen Ultra Traila, txapela eskuratuz.

Atzetik eta batera, Antoine Guillon eta Silvain Camus helmugaratu ziren, 14 ordu eta 36 minutuko denborarekin. Beste sei minutu behar izan zituen Azpiroz berastegiarrak, laugarren sailkatzeko; 8 km/h batezbesteko abiaduran osatu zuen proba.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!