Altuna-Artola, Donostia Hiria torneoko finalean

Ataria 2017ko abu. 31a, 13:02

Artola eta Altuna III.a, iazko udaran, elkarren aurka jokatu zuten partida batean.

Bihar gauean jokatuko da udarako txapelketa garrantzitsuenetako baten azken partida. Donostiako Atano III.a pilotalekuan erabakiko da nor izango den aurtengo irabazlea: Artola-Albisu edo Altuna III-Rezusta.

Biek hala biek, ezberdin igaro dute aurtengo udara. Altuna III.ak, presentzia handiagoa izan du txapelketetan, eta Artolak, berriz, ez du azken bi hilabeteetako torneo handietan parte hartzerik izan, Asegarce enpresan, aurreko koadroetako pilotarien artean dagoen borroka estuagoa delako. Hala ere, Donostia Hiria txapelketan eman diote aukera, eta alegiarrak ez du huts egin. Azken bi urteetan ez bezala, aurten finalerdietan irabaztea lortu du, hein batean, Jon Ander Albisu bikotekidearen ezinbesteko lanari esker.

Izan ere, uztaileko nahiz abuztuko emaitzak errepasatuz gero, ataundarra izan da Bilboko enpresako atzelarien artean gehien jokatu duena, baita final gehienetara heldu dena ere. Gasteizen bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta Zarautzen nahiz Bilbon (taldeka jokatu zen Bizkaiko txapelketan) garaile izan zen. Hain zuzen, Altuna III-Merino II bikotea izan zen txapeldun Andre Mari Zuriaren txapelketan, Arabako hiriburuan. Eta uztailean, lehen txapelketan, Beñat Rezusta izan zen garaile, Ezkurdiarekin batera, Iruñeako San Fermin txapelketan. Baina, hori ez da amezketarraren lorpen bakarra izan.

Altuna III-Rezusta, Aspeko bikotea, izan da, pilotari askoren esanetan, 2017ko udarako aurrelari eta atzelari indartsuenak. Izan ere, beraiek izan dira, Bilboko Aste Nagusian, Bizkaia pilotalekuan jokatu den txapelketako garaileak. Bergararra gainera, lehen aipatu bezala, Iruñean txapeldun izan ondoren, Bizkaiko taldekako txapelketan bigarren izan zen, amezketarrarekin bikotea osatuz.

Aspekoak faborito

Donostia Hiria txapelketari dagokionez, bi bikoteek emaitza ezberdinak lortu dituzte finalerdietan. Artolak eta Albisuk, asteartean irabazi zieten Olaizola II.a eta Imazi (22-20). Partida nahasia izan zen, lehen zatian alegiarra eta ataundarra nagusitu zirelarik. Imaz izan zen gehien sufritu zuena, baita pilota gehien galdu zituena ere, eta 9-16 aurretik jarri ziren gipuzkoarrak. Hala ere, Goizuetako aurrelariaren susperraldiarekin batera, 20-18 aurretik jarri zen Olaizola-Imaz bikotea. Baina, azken lau tantoak, urdinek egin zituzten.

Altuna-Rezusta eta Irribarria-Zabaleta bikoteek, asteazkenean, jokatu zuten bigarren finalerdia. Hemen ere, espero zen partida ikusi zen, luzea eta amaierara arte borrokatua, nahiz eta lehen zatian, gorriak nagusi izan. 7-2 aurreratu ziren gipuzkoarrak, eta hortik aurrera, erosoago jokatu zuten, bigarren zatian, zortzi tantoren aldea lortu arte (18-10). Baina, orduan zaildu zitzaizkien  pixka bat gauzak. 22 tantotara heldu baino lehen, hiru tantoren aldea besterik ez zen markagailuan (20-17), Irribarria aurrelari aramarraren susperraldi baten ondoren. Ondorioz, Altuna eta Rezusta finalera, non faborito argiak izango diren.

Hala ere, Albisuren bilakaera eta Iñaki Artolaren pilota gosea ikusita, argi ibili beharko dute Aspeko pilotariek bihar, txapela etxera eraman ahal izateko. Bikote gipuzkoarren arteko lehia, hiriburuan. Bi jotzaile handi atzeko koadroetan, eta buruz azkarrak eta teknika handia dutenak, berriz, aurrean. Lehia estua eta borrokatua espero da, Atano III. pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!