Xabi Fernandezek urteko estropadalari onenaren saria jasoko du

Ataria 2017ko abuztuaren 29a

Xabi Fernandez, hileko lehen astean ospatu zen Rolex Fasnet Race estropadan.

Irailaren 2an jasoko du Terras Gauda garaikurra, bela modalitateko Espainiako sari nagusia, Galiziako Baiona herrian. Bere ibilbide oparoaz gain, kontuan hartu dute Espainiako Estatuko estropadalari bakarra izan dela Amerika Kopan.

Abuztuko lehen astean, Rolex Fasnet Race estropadan aritu zen kirolari ibartarra; hura, urrian, Alakanten hasiko den Volvo Ocean Race lasterketa handirako proba modukoa izan zen. Orduan, bigarren sailkatu zen Fernandezek gidatzen zuen ontzia, lehenarengandik 56 segundotara. Hala ere, larunbatean jasoko duen sariarekin, zapore gazi-gozo hori kendu ahal izango du.

40 urteko estropadalari honen ibilbidea errepasatuz gero, garaipen ugarirekin egingo genuke topo. Hiru aldiz munduko zein Europako txapeldun izateaz aparte, Atenasko joko olinpikoetan urrezko domina lortu zuen, eta handik lau urtetara, Beijinen, zilarrezkoarekin konformatu behar izan zuen; gainera, bost aldiz eman dio itzulia munduari belaontzian.

Bera izango da, datorren irailaren 2an, Baionan saria jasoko duena, Monte Real Club de Yates elkarteak antolatutako ekitaldian, Asturiasko Printzipearen 32. Txapelketa ospatzearekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!