Ogi Berri Migel Soroa Txapelketa

Labakak eta Imazek ezustekoa eman dute

asierimaz 2014ko mar. 31a, 17:25
Iñaki Artolak eta Gorritik finalerako txartela lortu dute Ogi Berri Migel Soroa txapelketan.

Ogi Berri Migel Soroa pilota txapelketako lehen bi finalerdiak jokatu ziren igandean. 21 urte azpikoan lau pilotari handik partida izugarri polita jokatu zuten. Labaka-Imaz izan ziren nagusi, 22-17ko emaitzarekin, eta ezustekoa eman zuten, txapelketaren hasierako ligaxkatik iritsitako bikotea izanik. Aurkariek, Altuna-Sarasak, maila ona erakutsi arren, ez zuten euren eguna izan.


Labakak lehen tantoetan min handia egin zuen, sake errematean ausart jokatuz. Ander Imaz atzelariak maila handiko pilotaria dela erakutsi zuen berriro ere. Oiartzuarra ikustea gozamena da, eta pilota bizi ibili zuen partida osoan zehar. 10-2 jarri ziren aurretik urdinak, baina ordura arte egineko jokoaren amaierak, eta Altunaren berpizteak, markagailua 13na jarri zuen. Gorriak 22ra iritsiko zirela ematen zuen, baina Imazen pilotakada onenak partidaren bigarren zati horretan iritsi ziren, eta Labakaren laguntzaz, finalerako txartela eskuratu zuten urdinek.


Jaialdiko bigarren partida, nagusien mailakoa, ez zen hain ikusgarria izan. Iñaki Artola jaun eta jabe izan zen, eta punta-puntako pilotaria dela erakutsi zuen Alegiako aurrelariak. Oinak azkar mugitzen ditu Artolak, eta nahiz eta airez ez asmatu partidaren lehen zatian, eskuin golpe bortitzarekin nagusitasuna erakutsi zuen alegiarrak, partida serio eta landu bat osatuz. Atzean, Gorritiren laguntza izan zuen aurrelariak, eta txapelketa osoan bezala, serio jokatu zuen atzelari gorriak. Aurkariek markagailuak islatzen duena baino lan gehiago egin zuten. Yoldiren hutsunea Dorronsorok bete zuen, eta gogotsu aritu zen, defentsa lan polita eginaz. Linzoainek ere lehia serioa jokatu zuen, pilotari langilea dela erakutsiaz. Gakoa, ordea, aipatu bezala Iñaki Artola izan zen, eta igandean, finaletik kanpo gelditzeko prest ez zegoela erakutsi zuen.  
Ogi Berri Migel Soroa pilota txapelketaren gainerako finalerdiak igande honetan jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan. Ondoren finalen txanda izango da, eta hiru partida horiek, apirilaren 12an jokatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!