Ogi Berri Migel Soroa Txapelketa

Larunbatetik igandera pasa da Ogi Berri Migel Soroa Txapelketa

Asier Imaz 2014ko ots. 20a, 09:30

Ogi Berri Migel Soroa Pilota Txapelketako partidak igandean jokatuko dira asteburu honetan. Larunbatean kaldereroak ospatuko dituzte Tolosan, eta horregatik, partidak egun bat atzeratzea erabaki dute. Txapelketako hiru partidak, beraz, hilaren 23an izango dira, 18:00etatik aurrera.

Igandean, jubenilen eta nagusien mailako partidak jokatuko dituzte. Eskualdeko ordezkari ugari egongo dira Beotibarren, eta horien artean, Artola alegiarra azpimarratu behar da. Iturriagarekin osatuko du bikotea. Biak enpresek gertutik segitzen dituzten pilotariak dira, eta ikusleek euren jokoaz gozatzeko aukera ederra izango dute igandean, lehen aldiz osatuko baitute elkarrekin bikotea. Azpiri eta Irusta izango dituzte aurkari, eta jaialdiko bigarren partida jokatuko dute. Aurretik, jubeniletan, Zubiria-Urizar eta Peña-Martija ikusteko aukera egongo da.

Pilota jaialdiko azken partida, aurrekoa bezala, nagusien mailakoa izango da. Dorronsoro-Gorrotxategik Arrieta-Arratibelen aurka jokatuko dute. Bi aurrelariak maila handiko pilotariak dira, eta joko ikusgarria eskaintzera joango dira Beotibarrera. Atzelariei dagokienez, euren sendotasuna nabarmendu behar da.

Azken jardunaldia, iragan larunbatekoa, handia izan zen benetan. Alde batetik, pilotariek joko bikaina erakutsi zuten kantxan, eta bestetik, pilota zaleak bikain erantzun zuen, Beotibarko harmailetan giro ederra jarriaz: 400 ikusle joan ziren frontoira.

Intxurrekoen partidak

Alegiako pilota elkartekoek bihar jokatuko dituzte euren partidak. Alegian 19:00etatik aurrera hiru partida lehiatuko dira, Udaberri Txapelketaren barruan. Ordu berean, Ikaztegietako pilotalekuan, bi partida jokatuko dituzte Intxurrekoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!