Ogi Berri Migel Soroa Pilota Txapelketa finalerdietara iristen ari da, eta herenegun, ligaxkako azken partidetak jokatu ziren Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdiko hirugarrena, Urbieta-Galarza eta Artola-Gorritiren artekoa, ikusgarria izan zen; bai markagailuan eta baita jokoan ere.
Atzelariek euren lana bikain burutu zuten. Tantoari eutsiz eta huts gutxi eginaz. Jokoa aurrean egon zen, eta bi izen handiren arteko lehian, Iñaki Artola nagusitu zen. Alegiarrak partida amaieran erakustaldia eskaini zuen, airez tantoa bikain amaituz. Urbietak partida guztian zehar hortzak erakutsi zizkion Artolari, baina 22-21 amore eman behar izan zuten urdinek. Garaipen honekin, Artola-Gorritik finalerdietarako txartela lortu dute.
Jaialdiko partida nagusiaren aurretik, Yoldi-Linzoainek eta Arrieta-Arratibelek jokatu zuten. 22-19 irabazi zuten lehenek, eta lauretan onena, Eneko Yoldi aurrelaria izan zen. Zalantzak agerian utziz irten zen kantxara Yoldi, baina buelta eman eta tanto ederrak lortu zituen errematearekin. Galtzaileen artean Arratibel ataundarra azpimarratu behar da, golpe ederreko pilotaria dela erakutsi baitzuen Beotibarren. Jubenilen partidan, Espinal-Otaduyk 11-22 galdu zuten Laso-Martinezen aurka. Lau pilotarietan ikusgarriena Laso izan zen, etorkizun handiko gaztea dela erakutsiz.
Ogi Berri Migel Soroa pilota txapelketaren ligaxkako azken partidak hurrengo igandean jokatuko dira. Ondoren, lehia finalerdietan sartuko da. Martxoaren 30ean eta apirilaren 6an jokatuko dira lehia erabakigarri hauek. Azkenik, finala apirilaren 12rako aurreikusita dute txapelketaren antolatzaileek.