Agian kazetari honen irudipena besterik ez da izango, baina larunbatean inoiz baino jende gehiago hurbildu zen Usabalera, eta zaleen bultzada izugarria izan zen.
Beste aldetik, parez pare, ikustekoa izan zen behin baino gehiagotan harmailetan bizi izan zen eromena. Jendea zutik, txaloka, eta pozaren pozez. Eta ikustekoa izan zen neurketa bera ere: apoteosikoa, emozioz beterikoa, gozatzekoa.
Izan ere, helburua lortu arren, argi zuen TAKE-k borrokan jarraituko zuela: «Zaleengatik, klubean egunerokoan lanean dihardutenengatik, laguntza ekonomikoa eman dutenengatik», dio Gonzalezek. Jokalariek eman, zaleek erantzun; zaleek bultza, jokalariek erantzun. Elkarreragina da hori. Eta nabaritu zen, bereziki neurketa ia galdutzat jo zitekeenean, nork daki nondik, indarrak atera eta egoerari buelta eman ziotenean.
(Entzun Yon Gonzalezen hitzak Ataria Irratian):
Izan ere, lehen laurdenean egindako lan ona —10 puntuko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira— kolokan jarri zuen hirugarren laurdeneko pattalaldiak. Saskiraketak lortzea kosta zitzaien, eta nafarrek beren indarra nagusitu zuten barrualdean.
Baina garaipen gosea zuten tolosarrek, eta dinamika negatiboari buelta eman zioten: Morek baloi bat lapurtu zuen uztai azpian, eta saskiraketa lortu zuen. 20 segundoren faltan hiru puntuko desabantailarekin ziren etxekoak, eta orduan iritsi zen Goar. Ordura artekoak ez ziren sartu, baina garrantzitsuena, ordea, bai. A zer nolako hirukoa sartu zuen, segundo gutxiren faltan. Airean zela, guztiz okertuta, ez sinesteko moduko jaurtiketa asmatu zuen: «Falta egingo zidatenaren beldur nintzen eta ez nuen beste aukerarik». 65-65 markagailuan eta kanpotarrek ez zuten asmatu azken segundo horietan.
Luzapenean irabazi ala galdu jendea gustura zen, baina gehiago nahi. Hor iritsi zen Gaizka Maizaren erakustaldia. Guztira 29 puntu eskuratu zituen. Eta denen bultzadaz, garaipena. 80-73. Hamairugarrena.
Zaleengandik jasotakoa itzuli nahi zuten jokalariek. Usabaldik zaleak ere taldearengandik zerbait jaso zutenaren sentsazioarekin joan ziren.