Izarrak, estu eta larri

M.Iraola 2015ko api. 1a, 11:54

Estu hartu arren, 65-75 galdu du TAKE-k Estelaren aurka.

«Sufrida victoria ante el TAKE». Titular horixe jarri zion Estelak asteburuko bere kronikari, sufritu behar izan zutenaren lekuko. Oraingoan ere tolosarrek ezin izan zuten sorpresarik eman, ez zen posible izan. Baina dirudunak, ahalguztidunak, indartsuak, azkenaldian dena irabazten ari direnak... estu eta larri izan ziren, Usabaldik garaipena lortuta alde egiteko.

Izan ere, atsedenaldira aurretik iritsi ziren tolosarrak, minutu oso onak jokatuta gainera. Presiora irten ziren Gonzalezenak eta horrek ezustean harrapatu zituen kantabriarrak. Kanpoko jaurtiketetan oinarritu zuten jokoa tolosarrek; kanpotarrek, berriz, barrualdetik, jokalarien fisikoa baliatuz. Hamar puntuko aldea izatera ere iritsi zen TAKE, nahiz eta seira jaitsi zen tarte hori aldageletarako bidea hartu aurretik: 40-34.

Usabal garaipenean sinetsita zen. Baina hirugarren laurdenean iritsi ziren arazoak. «Beste hainbat neurketetan sartzen diren, eta ordura arte ere sartzen ari ziren saskiraketak ez ziren horren erraz lortzen; aukariak ere beren kalitatea martxan jartzen hari ziren», azaldu du Yon Gonzalezek. Puntako jokaldiak ikusi ahal izan ziren, zaleen gozamenerako.

Jokaldi erabakior bat ere izan zen hirugarren laurdenaren amaieran: posesioko denbora argi eta garbi amaituta zegoela saskiraketa bat ontzat eman zioten Estelari. Usabalen denek ikusi zuten, eta protestak nabariak izan ziren, baita aulkikoen partetik ere. Teknika bat jaso zuten horren erruz, eta une batetik bestera zortzi puntuko aldea zena –eta baloia tolosarrentzat–, hamabira handitu zuten kantabriarrek.

«Hamar puntuko muga hori psikologikoa da taldearentzat eta hortik aurrera besoak jaitsi genituen». Azkenean, 65-75.

Porrotak alde on bat ere izan zezakeen: maila mantentzea lortzea. Baina horrek ere itxaron egin beharko du. Izan ere, Valladolidek eta Burgosek irabazi egin zuten, eta zilarrezko LEB ligan Iraurgi jaitsiera postuan sartu da. Horrek, EBAko azken laugarrenari ere eragiten dio. Astebeteko atsedenaren ondoren, datorren larunbatean izango du hori lortzeko aukera, Arrasaten gainera: «Polita izango da oroitzapen politak ekartzen dizkigulako kantxa horrek. Gainera, igoera lortu genuen kantxan lor genezake EBAn mantentzea».

Neskak indartsu
Emozioa nagusi izan zen Usabalen TAKE eta Atletico San Sebastianen aurkakoan. Neskek neurketa bikaina jokatu zuten, borrokatua, eta lan horrek garaipena ekarri zien: 42-38.

Harmailetatik (mutilak): Jose Llorente 'Dele'
Aulkitik (neskak): Amaia Iraola

Erlazionatuak

Apoteosikoa!

M.Iraola 2015 api 22 Tolosa

Zergatik ez amestu?

M.Iraola 2015 mar 18 Tolosa

Helburua begibistan

M.Iraola 2015 mar 11 Tolosa

Indigestiorik gabe

Mikel Iraola 2015 mar 04 Tolosa

Aulkitik: Uxue Lasa

Uxue Lasa 2015 ots 25 Tolosa

Txapela kentzeko modukoa

Mikel Iraola 2015 ots 25 Tolosa

Aulkitik: Ane Aierbe

Ane Aierbe 2015 ots 11 Tolosa

Harmailetatik: Iñaki Azaldegi

Tolosaldeko Ataria 2015 ots 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!