'Tranpantojo'
Ez da denbora asko Tranpantojo hitza lehen aldiz entzun nuenean, sukaldaritzako telebistako saio batean. Fonetikoki gustatu eta hiztegian begiratu nuenean, bitxia iruditu zitzaidan arte eta sukaldaritza arloan nola jolasten den ikusmenarekin, ez den hura azaltzen duen teknikaren bitartez.
Larunbateko senior mailako nesken partidaren amaieran, etxerako itzulerako bidaian, tranpantojo hitza zetorkidan burura. Ez dakit hala den baina ez nuke pentsatu nahi larunbat arratsaldean taldeak Luberriren aurka eginiko partida tranpantojo bat izan zenik.
Talde gogotsu eta bizi bat zen kantxan. Korri eginez, bi eta batekoen bitartez taldekideen gabeziak murrizten eta kantxan disfrutatuz. Saskibaloiaz disfrutatzen zuen talde bat zegoen kantxan, fisiko eta kalitate handiagoa zuen talde baten aurka.
Azkenaldiko emaitza errepikatu zen, porrota, baina aulkitik ikusitakoa oso desberdina izan zen. Espero dugu, denboraldia amaitu bitartean taldeak jarrera eta gogo bera mantentzea eta larunbatekoa tranpantojo bat ez zela izan argi uztea.