Txapela kentzeko modukoa

Mikel Iraola 2015ko ots. 25a, 13:15

Talde lan bikaina eginda irabazi dio TAKE-k (66-61) Santurtzi indartsuari. Partida ikusgarria izan zen.

Motibazioan aditu diren entrenatzaile ugarik diote zerbait lortu nahi bada horretan guztiz sinetsi behar dela, ez dagoela mugarik. Talde txikiek hori baliatzen dute handien aurka irabazteko. Izan ere, norberaren indarguneak ongi erabili, eta aurkariaren ahulguneak azaleratzea lortzen bada, ez dago handirik. Nortasunak egiten du handi talde bat.

Eta duela bi aste azken sailkatuaren aurka ez bezala, TAKEk bere nortasuna berreskuratu zuen larunbatean Santurtziren aurka. Ligako talderik indartsuenetako bat da, igoera lortzeko borrokan dagoena. Joanekoan 30 puntuko aldeaz galdu zuten tolosarrek, sekulako jipoia hartuta. Baina partida osoan zehar egindako talde lanak fruituak eman zituen eta TAKE nagusi izan zen larunbatean.

Eta meritua are handiagoa da kontutan hartzen bada lau jokalari gutxiagorekin egin behar izan ziotela aurre neurketari: Kaiet, Goar eta Ion Izagirre baja izan ziren arrazoi ezberdinengatik; Ibai Gilek beroketa lanetan min hartu zuen. Barruko jokorako More eta Julen geratzen ziren soilik, eta azken hau gainera, sukarrarekin ari zen jokatzen.

Hasieratik egoera zaila bazen, are gehiago konplikatu zen bi pibotak hiru faltekin aulkira joan behar izan zutenean. Miguel eta Jon Azaldegik minutu askotan bete behar izan zuten lan hori. Eta ez edonola: bizkaitarren barneko jokoa deuseztatu zuten eta zeharo galduta zeuden erasoko jokoan.

Ordurako TAKEk zabaldua zuen aldea markagailuan. Hasieratik hamar puntuko tartea izan zuten alde, 6,75 metroko marratik egindako saskiratzeak baliatuz. Atsedenaldian 32-23 zihoazen, eta 10-0eko partziala lortu zuten tolosarrek aldageletatik itzultzerakoan.

Arazoak iritsi zirenerako, baina, tartea zuen Gonzalez eta Rekondoren taldeak. Izan ere, azken laurden ia osoa pibotik gabe izan zen, More eta Julenek bost falta egin baitzituzten. Epaileen lan eztabaidagarria eta barrualdeko hutsune hori baliatuz, hiru puntura hurbildu ziren santurtziarrak. Baina Maiza eta Azaldegiren puntuek, eta defentsan egindako talde lanak lasaitasuna ipini zuten Usabalgo harmailetan. Aipatzekoa baita Andoni Elustondoren debuta, hiruko bat sartuta (Entzun elkarrizketa):

Eta kontuak kontu, zortzigarren garaipena eta sailkapenerako arnasa lortu ditu TAKEk. Seigarren da une honetan, hirugarren postutik partida bakarrera; jaitsieratik hirura. Sinatuko lukete urte hasieran. Egin ahal dela sinesteak dakarrena...

Entzun neurketa amaitu ondoren Yon Gonzalez entrenatzaileak esandagoak:

 

Partidako argazki galeria
Harmailetatik: "Hasiberri bat Usabalgo harmailetan" (Ane Artutxa)
Aulkitik: Uxue Lasa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!