Ramon Labaienen heriotza

Joxemi Saizarrek idatzitako soslaia: "Ramon Labaien, tolosarra eta euskaltzalea"

Joxemi Saizar 2013ko abe. 16a, 15:28

Euskal Herriko azken mendeko historiaren lekuko zuzena hil da asteburuan: Ramon Labaien Sansinenea. Gerra zibila, frankismoa eta trantsizioa zuzenean bizitu zituen. Horregatik ez da harritzekoa gai hauei buruz Tolosaldean egin genituen bi liburuetan errepikatzen den pertsonai elkarrizketatu bakarra bera izatea. Aurretik ezagutu genuen eta bagenekien oroimen handiko pertsona zela, tratu errazekoa, kultura eta mundua zuena. Horregatik aukeratu genuen bi liburuetarako. Eta ez ginen damutu.

Gizon abertzale eta euskaltzalea ezagutu genuen. Etxetik jaso zituen bi ezaugarri horiek eta bizitzan zehar tinko eutsi zien. 1936ko gerra piztu zenean bere aita zen Tolosako alkatea eta erbestera joan behar izan zuen familia osoak. Ihesa, Sarako bizimodua eta kultur giroa azaltzen zituen. Jaioterrira itzultzean aurkitu zuen giro ilun eta tristea kontatzen zuen, Sindikatu Bertikalak konfiskatutako etxea nola berreskuratu zuten, burgesiako familiako partaide izanik bere mailako kideekin nola erlazionatzen ziren normaltasunez Casinon, frankismoaren bukaera aldera pixkanaka eman zen bilakaera herriko gizartean…  

Gerra aurreko ikastolako ikaslea izan zen eta XX. mendeko gertaerarik garrantzitsuena kultur mailan 1967an Laskorain ikastola sortzea izan zela azpimarratzen zuen. Bere aita izan zen sortzaileetakoa. Tolosako gizartean shock bat izan omen zen ustez desagertuta zegoen euskaltzaletasuna berpizten ikustea.

Ezkondu zenean joan zen Donostiara bizitzera. Bertako alkate izatera iritsi zen eta geroago Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, EITB, Euskadiko Orkestra eta HABE sortuz besteak beste. Baina Tolosarekin ez zuen sekula harremanik eten. Oso tolosarra sentitzen zen, Plaza Zaharrean jaioa zela gogoraraztea gustatzen zitzaion. Edozein ekitaldiren aitzakian, gustura etortzen zen. Azkena, Euskal Pizkundeari buruzko jardunaldietan, adibidez.

Jelkide heterodoxoa zela adierazten zuen azkenaldian, bere ekintza eta adierazpenetan, normalean bere alderdiak sinatzen ez zituen ekimen eta plataformetan bere laguntza emanez. Presoen eta independentziaren alde, besteak beste.   

Gizon alaia, jantzia, ekintzailea, bizia, atsegina eta euskaldunon eredua joan zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!