«Zubigilea», «kementsua», «euskaltzalea», «eredugarria»,... Ramon Labaien (Tolosa, 1928-Donostia, 2013) definitzerako orduan bat etorri ziren haren hileta elizkizunetan bildu ziren politikariak eta erakundeetako ordezkariak. Egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu zein lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Carlos Garaikoetxea izan ziren atzo Tolosan, EAJko, Bilduko, Ezker Abertzaleko edota PPko ordezkariekin batera. Besteak beste, han ziren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Ramon Labaienen erraina, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburua edota Ibai Iriarte, Joseba Egibar, Eneko Goia, Olatz Peon, Tasio Erkizia, Floren Aoiz, Pernando Barrena, Juan Carlos Izagirre, Maria Jose Usandizaga eta beste hainbat politikari eta agintari. Halaber, han ziren Miren Azkarate euskaltzaina edota Gorka Landaburu eta Martxelo Otamendi kazetariak. Horiekin batera, herritar ugari hurbildu zen Santa Maria elizara Ramon Labaien zenari azken agurra ematera.
Euskaldun eta euskaltzale
Larunbat goizaldean hil zen Ramon Labaien politikari tolosarra 86 urte zituela. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Donostiako alkate izan zen 80. hamarkadan. Euskalduna eta euskaltzalea zen, eta Euskal Estatua zuen helburu. Dena egiteko zegoenean sartu zen frankismoaren ondorengo Eusko Jaurlaritzan, eta dena egiten saiatu zen. Euskarazko telebista eta irrati publikoa, HABE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzerti eta Euskararen Legea bere agintaldiko fruitu dira.
Antonio Maria Labaien politikari eta idazlearen semea 1928. urtean jaio zen Tolosako San Frantzisko pasealekuan. Aita Tolosako alkatea zen, EAJ alderdikoa, 1936ko gerra piztu zenean, eta Lapurdin babestu zen familia osoa. Ziburun eta Saran 9 urtez bizi ostean, Donostian jarri ziren bizitzen, eta han batxilergoa bukatu zuen. Madrilera jo zuen gero, eta han Kimikan lizentziatu zen. Familiak San Adrianen (Nafarroa) zuen izotz fabrikan aritu zen kimikari, baina ez zuen askorik iraun. 1958an Donostiako Londres hotelean hasi zen, eta zuzendari izatera iritsi zen. 1980an, bertan lanean ari zela, deitu zioten Eusko Jaurlaritzara joateko.
Ordurako sartua zen politikan, EAJren eskutik. Donostiako alkateorde zela joan zen Jaurlaritzara. Carlos Garaikoetxearen gobernuan izan zen Kultura sailburu. Herrizaingo sailburu izatea ere proposatu zioten, baina, gauzak konplikatu zitezkeela aurreikusten zuen, eta ez zuen onartu. Donostiako Udalera itzultzeko utzi zuen Jaurlaritza, alderdiak hala eskatuta. Donostiako alkatetzara aurkeztu zen, eta kargu horretan aritu zen 1983tik 1987ra. «Burgesiaren alkate» definitzen zuen bere burua. Beste lau urtez alkatetzan egoteko saioa ere egin zuen, baina EAJren eta EAren arteko banaketak kaltea besterik ez zion ekarri Labaieni: EAJ seigarren indarra izatera pasa zen Donostiako Udalean, bi zinegotzirekin. Labaienek dimititu egin zuen orduan, eta enpresa pribatura itzuli zen, SAPA arma fabrikara. Gai militarrean aholkulari izan zen ordutik, 2010. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Bazuen inoiz utzi ez zuen afizio kurioso bat ere: metal zurizko soldadutxoak egiten zituen, eskuz. Erretiroa hartu zuenean ere ez zen erretiratu lan horretatik. Egunero ordu pare bat egiten zituen etxean horretarako propio prestaturiko txokoan. Gudariño —berak asmaturiko hitza— deitzen zien. Labayen SA enpresa ere sortu zuen horretarako, Fermin Galarretararekin, 1960ko hasieran, afizioari ekin ziotenean.
Euskal Estatua
Txikitatik bizi izan zuen Euskal Estatuaren ideia, alderdiarena baino gehiago. Labaienen pentsaera ulertzeko gakoetako bat erbestealdiaz kontatutakoan topa daiteke. 1936ko gerran, aitak eta gainerako senitartekoek bananduta egin zuten Lapurdirako bidea. Aita iritsia zela, Ramon anaia eta amarekin Zarautzen egon zen lehenbizi, eta Oñatin gero. Batetik bestera bidaia egin zuten egunean Loiolan bazkaldu zuten, eta han gudarien kuartel nagusia zegoen: «Guk sinesten genuen Euskal Estatu bat zegoela. Guk ikusi genituen gudariak. Loiolan. Han zeuden gudariak. Guretzat ez zegoen alderdirik. Han (Iparraldean) hazi garenok ez gara sekula alderdi bateko pertsonak izan. Euskal Estatu batean sinistu dugu. Gaur egun falta zaigun estatu zentzua izan dugu».
Azken urteetan, Independentistak sarean zebilen. EAJkoa bazen eree, jeltzale askorik gabeko tokietan ere azaldu zen Labaien, konplexurik gabe, bere ideiei jarraituz. Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldietan ere parte hartu zuen, eta baita, Bateragune auzian zigortutakoak aske uzteko eskatuz egindako beste hainbatetan. Egunkaria auziaren kontra ere aritu zen sutsu lanean, besteak beste, diru bilketan. Azkenak Taldearen sortzaileetako bat izan zen.
Erreakzioak
Ibai Iriarte - Tolosako alkatea
«Euskaltzalea eta askatasunaren laguna zen»
«Egun tristea da euskaldunentzat, euskal kulturgintzarentzat, euskaltzaletasunarentzat. Belaunaldi baten ispilu izan da. 1936an alde egin behar izan zuen herri honekiko konpromisoarengatik. Euskalduna, euskaltzalea eta askatasunaren laguna, pertsona librea zen zentzu guztietan. Bere oroimenik hoberena da utzi digunean lanean jarraitzea, Euskal Herriaren alde, kulturaren alde eta herri hau eraikitzen».
Jokin Azkue - Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendaria eta EAJko zinegotzia Tolosan
«Galera handi bat da»
«Euskararentzat eta euskal kulturarentzat galera handia da. Belaunaldien arteko transmisioa egiteko ezinbesteko erreferentzietako bat galdu da. Izan ere, 36ko gerra osteko Euskal Pizkundea bizi eta ongi ezagutu zuen. Gizon kementsua zen, eta bere iritziak irmotasunez defendatzen zituen, baina aldi berean, besteen ideiak errespetatzen zituen. Eginiko lan guztia aitortzea dagokigu orain».
Joseba Egibar - GBBko presidentea
«Euskal kulturaren aldeko aktibista handi bat zen»
«Euskaltzale, abertzale handi bat zen, aktibista handi bat ere bai; euskararen eta euskal kulturaren aldeko aktibista handia. Herrigintzarekin lotura zuen guztiaren alde zegoen, eta mila eratara maite zuen herri hau. Belaunaldi berriek haren testigantza hartu beharko lukete».
Bakartxo Tejeria - Eusko Legebiltzarreko lehendakaria
«Bere naturaltasuna nabarmenduko nuke»
«Azken urteetan oso gertu egon gara, asko hitz egin dut berarekin. Bere naturaltasuna nabarmenduko nuke, edozein herritarrekin errespetuz egoteko eta hitz egiteko zuen jarrera. Denon begien bistan ikusten zen hura zen Ramon. Lan handia egin zuen euskararen eta euskal kulturaren alde, eta argi eduki zuen euskara guztiena zela».
Cristina Uriarte - Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburua
«Izugarrizko ondarea utzi digu»
«Lehen Eusko Jaurlaritzaren gobernuan hartu zuen parte, eta erreferentziazkoa izan da kulturan hark eginiko lana. Izugarrizko garrantzia du hark arlo horretan eginiko lanak, izugarrizko ondarea utzi digu eta hori, gurekin gelditzen da».
Juan Karlos Izagirre - Donostiako alkatea
«Alkate on bat galdu dugu»
«Alkate eredugarri bat joan zaigu. Nik pertsonalki ezagutzeko zortea izan nuen, eta esan dezaket alkate on bat galdu dugula. Beti zegoen lanerako prest, eta batik bat, euskaltzale gisa eginiko lana goraipatuko nuke beste ezeren gainetik».
Olatz Peon - EAJko zinegotzia Tolosan
«Tolosako enbaxadorea izan da munduan»
«Euskara eta euskal kulturaren alde eginiko lana goraipatu behar da. Eta Tolosari lotuta, nabarmentzekoa da oso tolosarra izan dela; Tolosako enbaxadorea izan da munduan zehar. Hemen egin genituen ekitaldietan ere aktiboki parte hartu zuen, dela Batzokiaren inaugurazioan dela Aitzoli eginiko omenaldian».
Eneko Goia - EAJko zinegotzia Donostian
«Denbora zailetan lan handia egin zuen»
«Sinesten zuen ideien alde oso sendo egiten zuen, pertsona erradikala zen, oso sutsua sinesten zuen ideiaren aldeko defentsan. Abertzalea, euskaltzalea... denbora zailetan lan handia egin zuen Ramonek. Gaurko Euskadiren zutabeak hark eginiko lanari esker eraiki dira».
Txutxi Ariznabarreta - Independendistak sareko bozeramailea
«Zubigile gisa pertsona aparta izan zen»
«Hasieratik izan da independentistak sareko kide; gure aktibista sutsuenetako bat joan da. Oso lan interesgaria egin du, eta oso gogotsu parte hartzen zuen hainbat ekitalditan. Zubigile gisa pertsona aparta zen, sentsibilitate ezberdinetako jendea biltzeko gaitasuna zuen. Nik pertsonalki oso harreman gozoa eduki dut berarekin, luze eztabaidatzen genuen».
Jose Mari Otermin - Euskadi Irratiko zuendari ohia
«Euskalduntasuna erakustea gogoko zuen»
«Bere euskalduntasuna eta Euskal Herriarekiko maitasuna nabarmengarriak dira, eta horiek leku guztietan erakustea gustatzen zitzaion. Artearekiko zaletasuna ikaragarria zuen; arte eta kultura munduko disziplina asko lantzen zituen».
iñaki Arratibel - Kirol medikua
«Euskal kulturaren alde bultzatzaile lana egin zuen»
«Alde batetik, gizon jakintsua zela, kultua, nabarmenduko nuke. Eta euskal kulturaren alde bultzatzaile lana egitea nola egokitu zitzaion. Halaber, beti aritu zen euskararen alde eta abertzaletasunaren alde gogor lanean; herri honek aurrera egiteko eman beharreko pausoak emateko gogotik egin zuen lan. Eta hori guztia alderdi desberdinen arteko elkarlana bilatuz, herri honek hainbeste behar duen elkarlana».
Emeterio Zaldibia - Laskorain ikastolako zuzendari ohia
«Oso garbia zen bere jarreretan»
«Sekulako pena hartu dut haren heriotzarekin. Nik ez nuen zuzeneko harremanik izan berarekin, ni Tolosan nenbilenean lanean hura Donostian ari baitzen. Baina hark eginiko lanak zuzeneko ondorioak izan ditu. Esate baterako, Euskal Telebista euskaraz izaten. Nik Ramonen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna nabarmenduko nituzke, argi eta garbi esaten zuen abertzalea zela. Oso garbia zen bere jarreretan, eta eskertzen da hori».
Martxelo Otamendi - ‘Berria’-ko zuzendaria
«Abertzale handi bat joan zaigu»
«Gizon alaia izan da beti, oso hizketa zalea. Abertzale handi bat joan zaigu. Gogoratzekoa da ze lanak izan zituen Eusko Jaurlaritzako kultur sailburua zenean, konbentzitzeko lehenengo Jaurlaritza ETB egiteko euskaraz, ez baitzegoen dirurik, eta ez baitzuten ikusten euskarazko telebista egiteko beharrik. Ramonek esaten zuen beti Euskal Telebista zela euskararen defentsa ministerioa. Jelkidea zen, baina, alderdiaren disziplinatik aparte, beti oso aske ibili zen. Bertso libre bat zen. Belaunaldi oso bat joan zaigu, eta gure belaunaldiak zor dio belaunaldi horri gu abertzaletasunaren bidean sartu izana. Haiek amestu zuten Euskal Herri libre, euskaltzale eta abertzale hura lortzeko bidean sartu izana zor diogu belaunaldi hari».
Kike Amonarriz - Soziolinguista
«Euskararen eta Euskal Herriaren eraikuntzan beti egon da prest lanerako»
«Atsekabea sentitu dut, ikaragarri estimatzen nuen pertsona zelako. Euskal Herria Euskaraz-en izenean Eusko Jaurlaritzara joan ginen euskarazko telebista bat eskatuz gutun bat ematera, eta segituan jarri zen gurekin harremanetan, eta babes osoa erakutsi zigun. Euskararen eta Euskal Herriaren eraikuntzaren inguruko ekinbide guztietan beti prest egon da lanerako. Beti ezagutu dugu indartsu, kementsu, alai, ilusionatuta Euskal Herriaren geroa eraikitzeko. Galera handia izan da. Belaunaldi oso bat galtzen ari gara. Belaunaldi horrek jakintza eta esperientzia bat bizi izan du, eta beraien irakaspena ere bada azken urteetan eskatzea urrats berri eta sendoak ematea eta elkartasunezko bideak urratzea Euskal Herrian. Herri gisa, nazio eraikuntzan eta hizkuntzaren normalizazioan, eratzeko».