Ramon Labaien: «Bataila galdu genuen, baina euskara eta nazio zentzuaren gerra irabazi»
Bere aita Tolosako alkate abertzalea zen gerraren hasieran; Saran egon ziren urte batzuetan itzuli ahal izan bitarte
joxemi saizar
Gerra hasi zenean, umea zen Ramon Labaien Sansinenea (Tolosa 1928). Aita, idazle eta euskaltzale ezaguna, Tolosako alkate abertzalea zen orduan. Ama, Carmen Sansinenea donostiarra, eta bi semeak, Ramon eta Matxin —pintore ezaguna— hartu eta Iparraldera joan behar izan zuten urte batzuetarako. Itzuli zirenean Kimika ikasi zuen Madrilen, hainbat lanbide eta zaletasun izan ditu eta Donostiako alkate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta legebiltzarkide izan da. Gerra Zibilaren 70. urtemugan, bera aukeratu dugu sail honi amaiera emateko.
Zer gogoratzen duzu gerra aurreko Tolosaz?
Aita alkate zen eta Azurza karlistarekin eztabaida handiak izaten zituen. Aita zeharo urduri etorten zen udaletxetik sekulako giro nahasia zegoelako garai hartan. Bokazio politikorik ez zuen. Biolina, antzerkia eta horiek zituen gustuko. Baina amaren osabak, Doroteo Ziaurrizek, sartu zuen hor. Oso EAJkoa zen, EBBko lehendakaria izana. Ni ikastolan nenbilen, Laskorain kalean. Arantxa Munita zen andereñoa. Gorriti plazan beste ikastola zegoen, Dolores Arbilla andereñoarekin. 1936ko uztailaren 7an lehen jaunartzea egin genuen San Frantziskok, lehen aldiz ikastolak antolatuta. Inork ez zuen susmatu zer zetorren handik hamaika egunera.
Nola izan zenuen gerraren berri?
Uztailaren 18an Donostiara joan ginen amarekin eta Kontxan paseatzen ari ginela Maritxu Moraizekin, Nauticoren parean, altxamendu bat izan zela esan zion norbaitek amari. Etorri ginen Tolosara eta aitak hori Sanjurjada bat izango zela esaten zuen, hamabost egun iraungo zuela. Handik egun gutxira, aita etorri zen eta militarrak Beasainen zeudela eta atera egin behar genuela esan zion amari. Maletak egin eta Zarautzera joan ginen. Lehen gudari boluntarioak eta EAJ osoa han kontzentratu ziren. Terraza zegoen hondartzaren gainean eta katalejo batzuk zeuden. Handik España eta Cervera untziak Donostia bonbardatzen ikusten genuen. Jende asko harrapatu zuen Zarautzen, Espainiako aristokrazia guztia, oporretan zegoelako. Horietako asko gudariei eskerrak ebakuatu ziren Getariatik eta ezbeharrik ez zen gertatu.
Eta Tolosan zer gertatu zen?
Aitak dimititu egin zuen. Sekulako istiluak izan ziren. CNTkoek eta beste batzuk hamaika lagun fusilatu egin zituzten Donostiako paseo Berrian eta aitari leporatu zioten hori, baina ez zuen zerikusirik izan. Lehendik aitak eta jakin zuten Aranburu, Caballero eta horiek karlistekin San Sebastianeko ermitan, Gazteluko bidean, bildu zirela eta, besteak beste, nire aita Fernando Poora desterratuta bildaltzea erabaki zutela. Artileria hartu Loiolako koarteletik eta noizbehinka tiro egiten zuten Gaztelu eta Leaburu aldera, han baitzeuden karlistak, jaistera ausartu gabe. Eta oraindik Leaburuko elizak badu tiro baten marka. Izaskungo kaskoan azaldu zirenean trenbidetik alde egin zuten Anoetara, Alkizara eta Zarautzera. Gu han ginen jada, jendeak nola alde egiten zuen ikusten.
Zenbat denbora egin zenuten Zarautzen?
Zortzi urte dituzunean denboraren zentzua ez da berdina. Niri iruditzen zait denbora asko egon ginela, baina ez dakit. Altxatutakoak hurbildu zirenean aita tropekin laguntzera joan zen Bizkairuntz. Mutrikura iritsi eta han txalupa motordun bat hartu eta Ziburura pasatu zen. Aitak ez zuen gerra egin. Gu berriz, Oñatira joan ginen, han familia genuelako. Etxea agustindarren elizaren ondoan genuen eta gogoratzen dut ondo karlistak tiro batzuk botaz nola jaitsi ziren. Buruan sartua daukat. Eta kalean dozena bat miliziano edo gudari kamioi batean sartu eta San Prudentzio aldera joan zirela. Eta atzetik mutil gazte bat fusil batekin eta jendea esaka korri egiteko, besteak bazetozela. Bi falangista eta txapelgorriak sartu ziren auto txiki batean. Gero hasi ziren mutil koskor guztiak formazio paramilitarretan sartzen: pelaioak (karlistak) eta fletxak (falangistak). Amaren etsaiak karlistak zirenez eta besteez ezez ez zekienez, ni falangista sartu ninduen, fletxa. Han estazio aurrean egiten genuen formazioa egurrezko fusil txiki batekin. Falangistak Mussoliniren faszismoaren bertsio espainola. Karlistak berriz, foralistak ziren. Benetan gure arteko gerra zibila izan zen, desberdintasun oso txikiak zirelako, abertzaleak eta karlistak denak sustrai berekoak ginen. Francok engainatu egin zituen karlistak. Gerran odola isuri egin zuten azkenean diktadura militar bat kontsolidatzeko.
Oñatitik nora joan zineten?
Tolosatik aitonak Donibanera zortzi egunetarako joateko baimena gestionatu zigun. Aitona etorri zen bila, joan ginen Tolosara, egun pare bat pasatu bere etxean eta Ildefonso Kalparsororen autoan joan ginen Iparraldera. Gurekin batera Teresa Elosegi joan zen autoan, bere senarra —Bandres, idazkaria, tuberkulosia zuen— zaintzera Baionara. Bidai osoa negarrez egin zuen, bere semea Luis falangista erahil berria zuelako frontean, buran tiro bat emanda. Gu Ziburura joan ginen eta han gelditu ginen udazken hura eta Sarara 1937ko apirilean joan ginen.
Nola bizi zineten Saran?
Eskola komunalera joan ginen. Dena euskaraz egiten zen herrian, baina eskolan frantsesez eta ez genuen ulertzen. Frantses gutxi ikasi nuen orduan. Ondoan Candido Bolibarren familia bizi zen, katedratikoa zen natur zientzietan, Negrinen idazkaria izana. Eskursioak egiten genituen animaliak ikustera, mitxirrikak —orduan hala esaten zitzaion Tolosan tximeletari—. 1939an, kanpaiak jotzen hasi ziren, munduko gerra hasi zela eta. Gerra Zibila amaitzean Pio XII. Aita Santuak Franco bedeinkatu zuenean disgusto handia izan zen guretzat.
Tolosako ondasunak galdu egin al zenituzten?
Laborde y Labaien enpresa ez zuten itxi, jarraitu egin zuen martxan familiako besteekin. Aita hango kontablea zen. Etxea bai, sakeatu egin zuten eta sindikatoa eta Falangea jarri zuten bertan.
Noiz itzuli zineten?
Maristetan hasi nintzen batxilergoa egiten eta Donostiako jesuitetan bukatu nuen batxilergoa. Ni izan nintzen lehena itzultzen. Pasaian bizi nintzen osaba Jesusekin. Gaizki pasatu nuen, giro libre errepublikazale batetik etorrita hemengo nazional-katolizismora... Gurasoak han zeuden oraindik. Gero anaia etorri zen ikastera eta aita 1947an itzuli zen, baina Donostiara, etxea okupatuta zegoelako. Tolosara 1951-52an itzuliko ginen.
Eta Tolosan ere giro hori aurkitu al zenuten?
Ez. Nolabait burgesiaren arteko elkartasuna izan zen. Harremanak normalak ziren jendearekin, nahiz eta beste aldekoak izan. Politika gutxi aipatzen zen. Azurza, Aranburu eta karlista horiek etsita bezala zeuden, hanka sartu zutela konturatuta. Enpresetako nagusien artean denak parienteak egiten ginen. Raguan bai, gaixtoa zen, berez, ez politikagatik. Amaren lehengusu batekin zegoen ezkondua eta aitak Escenas papeleras liburua idatzi zuenean salatu egin zuen.
Beraz, aldaketa handirik ez zenuen somatu.
Ez. Karlismo zaharra eta nazionalismo sabinianotik abertzaletasuna sortu da. Burgesia liberal zaharra PPri botoa ematen jarraitzen du, hori ez da falta. Aldaketa nagusia ez zen gerraren ondoren izan, azken 25 urteotan baizik. Euskaldundu egin da Tolosa. Beste Tolosa bat da orain. De Gaulleren esaldia erabilita, bataila galdu genuen, baina euskalduntasunaren eta nazio zentzuaren gerra irabazi dugu.