Adrenalina litroka jariatu zaigu gorputzetan. Sentsazio hori sekulakoa da, batez ere emaitza sentitzean, aurreko lan guztiaren ondorena bizitzean. Eta hurrengo egunetan, gorputza hustuta eta edanik gabeko ondoren latza.
Duela urte luzetik bizi gara horrela, eta orain konturatu naiz, gorputz egoera hori bilatzen dugula, plazer hori, eta horrek ere, bizioa sortzen duela. 16 urte genituela, Berri Txarrak-ek lehen diskoa ateratzean, kontzertua antolatu genuen gaztetxean: edaria eskatu, kartelak egin, antolaketa guztia… eta lehen adrenalina txuteak. 22 urterekin ur handiagotan sartu ginen, garagardo festa antolatuz, ehun boluntario, jantoki handiak, 25 garagardo eta kalimotxo desberdin… eta herri bat martxan sentitu. Eta gero etorri ziren Euskal Herria eguna eta bere hamaika aktibitate. Halako goraldiak beste hamaika saltsa, istorio eta ekimenetan. Baina batez ere, herrigintzan sortzen den adrenalina da bikaina, konpartitua delako eta herriaren aldekoa. Onartu beharra dago, adrenalina hori bilatzeak, neke eta desgaste handia duela, eta lan asko egoten dela atzean. Eta, azpimarratu, etxean aztoramendua sortzen dugula, eta etxekoek kaos puntu hori bizitzen dutela, horrek sortzen dituen kontraesan guztiekin.
Kilometroen aitzakian, bizitzan zehar makina bat aldiz adrenalina hori konpartitu dugunok, berriro elkartu gara urte batzuk pasa badira ere.
Kilometroen aitzakian, bizitzan zehar makina bat aldiz adrenalina hori konpartitu dugunok, berriro elkartu gara urte batzuk pasa badira ere. Oraingo honetan, gainera, ehunka herritarrekin batera, ia 600 herritar ibili baikara 800 boluntarioko taldean. Eta hainbeste adrenalina jariok, atmosfera berezia sortzen dute, etortzen denak sentitzen du, eta ondorioz, sekulako giro jatorra bizi izan genuen Ibarran urriaren 2ko Kilometroak egunean. Kilometroak jaiak sortu duen gauzarik politena, adrenalina horren sentsaziopean, herritar askok harreman berriak sortu dituela, eta asko gozatu dut harreman berri horiek ikustean. Lehen, batzuk agurtu soilik egiten ziren, etorri berri batzuk ezta ezagutu ere… baina orain lagun dira. Eta egoera horretan egiten diren harremanak, oso bereziak eta sakonak izan ohi dira, denboran luze irauten dutenak.
Adrenalina horren jonkiak gara, ez dugu metadonarik nahi, baina dosia jaitsi beharko dugu.