Kilometroak Basque Festival

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2022ko ira. 9a, 16:58

Berrogei urtetik gora ditu Kilometroak festak, guk bezala. Hastapen haietan ibilaldi bat zen, eta kilometro bakoitzarengatik ordaindu egiten zuen parte hartzaile bakoitzak, Ameriketako Estatu Batuetatik inportatutako ideia. Denborarekin, ibilaldiak garrantzia galdu eta guneek hartu zuten protagonismoa. 

Milaka pertsonen elkargunea zen, Euskal Herria eta euskararen aldeko indar erakustaldia. Azken urteetan, ordea, errepikakorra suertatzen ari zen, eta gazte askok ere, nortasunarekin baino litroekin lotzen zuten gehiago. Ezinegon horretatik, hausnarketa prozesu interesgarria burutu dute azken urteetan: eredu berri baten beharra ageriagoan utziz.

Antropologiatik jaiak aztertzen aritzen naiz, eta oraingo honetan, jaia eraikitzea zen proposamena, irakasle, guraso eta herritarrekin batera. Teoriatik praktikara salto egitea ere ederra da! Eta eredu berrihorretan barneratu ginen, oraindik inork zer zen ondo ez genekiela.

Ia Kilometroak egunaren bezperatan, eredu berria ulertzen hasi gara. Eredu berria da jaiaren kalitatea eta esperientzia hobetzen saiatzea, horrek memoria eta emozioetan arrasto handiagoa uzten duelako. Kilometroak jaiaren antolaketa ere prozesu bezala bizitzea da, ez eskema itxi bezala, baizik eta herri bakoitzak bere eredua sortzea, herriaren arabera moldakorra dena. Herritik herriarentzat egiten den festa da, eragile, ikasle, gurasoek… herritarrek orokorrean parte hartuz. Eta parte-hartzaileak, ikusle hutsetik aktibo eta aktore izaten saiatu gara. Auzolanean antolatzen da, esfortzu handiko eta momentu nekagarriak izaten dituelarik, baina satisfazio handia uzten duena. Eta hor, ez da erraza oreka bilatzen, norberaren izate eta egitea desberdina baita. Eta hau dena, Euskal Herria eta euskara oinarri hartuta.

Aire berria eman diogu Kilometroak jaiari, salto kualitatibo garrantzitsuak utzi ditugu: komunitatea indartzen (munduko gastronomiak), gastronomian (bertako produktuak bultzatuz eta eskaintza erakargarria sortuz), Irribartea (sormenari garrantzia emanez), Izaskun kulturan (haurrak protagonista natura eszenatoki izanda), Milimetroak (harremanak Euskal Herriaren testuinguruan), Pipar ibilbidea (ikasi aire libreko museoan)… Mugarritxo bat jarriko dugu Kilometroak ekimenaren historian. Hau dena bizitu nahi baduzue, urriaren 2an elkartuko gara Ibarran, sekulako eguraldia egingo du eta.

Meritu berezia ere badu eredu berriaren prozesu honek: Euskal Herrian zerbait berria eta berritzailea sortu dugu, ingelesezko izena jarri gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!