'Nekatutak'

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2022ko uztailaren 1a

Zer moduz?» galderari, «ondo» protokolo erantzunaren ordez, «buf!» batekin erantzuten diogu aurten Ibarran. Urte sutsua espero genuen. Hala izaten ari da. Malkoak eta algarak, gorakada latzak eta beheraldiak balaztarik gabe. Tentsio elektrikoa.

Eta irribarrak, milaka… benetako irribarrak.

Ikasten ari gara denok. Sare sozial kudeatzaile profesionalak baino hobeak sortu dira, modan adituak, manager lanak egiten dituztenak, txosnetan aritzetik 200 lagunei jaten emateko gaitasuna hartu dutenak, etorri berri diren bizilagunak «epa» eta irribarra batekin agurtzen jaioak, bertako produktu eta gastronomian teoriatik praktikara pauso batzuk emandakoak… eta geure burua koordinatzen lanak genituenok ere, asko ikasitakoak.

Gogorra izaten ari da urtea, baina baita ederra ere. Askok esan didate, herritar batzuk bistaz soilik ezagutzen zituztela, eta orain, lagun direla Kilometroetan elkarlanean arituta. Kristorena da ondoren hori uztea. Atzera begira jarri gara, eta ekimen ugari atera ditugu aurrera denon artean, zein baino zein ederragoa; herritarren protagonismotik eta parte hartzetik, «herritik herriarentzat» lema hari bizia emanez. Bestelako Kilometroak sortzeko gure ekarpena utzi dugu aurreragoko ere. Eta geure buruari erakutsi diogu, txikiak izan arren, gauza handiak egin ditzakegula.

Bizi honetan, aterpean egon zaitezke, eroso; konfort egoeran. Edo, bustitzea erabaki dezakezu. Bustitzen bazara, gozatu euriaz. Nekatutak gaude, baina umorea ez dadila amaitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!