Bai, ziurrenik ez zaie arrazoirik faltako, baina a zer erretorika! Diskurtso hori oso pisutsua egiten zait. Egia da: aisialdiari denbora aprobetxatzea esaten diogu, gauzak egin eta egin aritzea, edo kontsumitu eta kontsumitzea. Asteburu pasa, autokarabana aisialdiko plan ideala, eta mendira oinez joatea, jada denbora galtzea. Erosketetan txartela astindu, eta denbora gutxi irauten duen plazera sentitzen dugu.
Ohiturak aldatuz doaz, hala da hori. Baina duela 60 urte sekulako boluntario lanak egiten irudikatzen duzue jendea? Tarteka auzolanerako bilduko ziren, baina ez dezagun gehiegi idealizatu, orduan ere txakurrak hanka-hutsik ibiltzen ziren eta.
Iltzatuta dut irudi bat honen harira: asteburu batean umeekin Igeldo parkera joan ginen, 100 urte fosilizaturik dagoen Donostiako mendira. Estres batean ibili ziren, hara eta hona, hura eta hori ibili nahian. Haserretu ere egin ziren, ia ezin aseta. Azkenean, gustura joan ginen etxera, sekulako eguna ez igarota. Hurrengo egunean, sagar bilketan aritu ginen familian, etxeko sagardoa egiteko. Sagarrak bilduz, sagarrez betetako traktorean ibili ziren, pozez gainezka irribarrearekin. Gozatzen ari ziren benetan.
Berastegiko artzaintzaren etnografian ere ikasi dut, artzain eta gazta egitea ere, aisialdia izan daitekeela. Lana egiten ere aisialdiko orduetan, gozatu daitekeela. Egungo ohitura eta hobbyen aurka ari direla sentitzen badute ere, marearen kontra, askok hala aurkitzen dute zoriontasunerako bidea.
Baliarrainen ere, herri bizia izateko lan boluntario mordoa sartzen dituzte herritarrek. Festa komisioan ez bazaude, elkarteko zuzendaritzan egongo zara. Bestela guraso elkartean, txekor jatea prestatzen, udaleko taldean, edota, ekonomatoko orduak sartzen. Lan karga, noski, baina ze poza ematen duen herria bizirik ikusteak!
Kilometroak egingo ditugu errepidean asteburua pasatzeko, bi eskuak arropa poltsez erosita gozatuko dugu, baina aizue, oraindik badago diruarekin erosi ezin daitekeen plazera ere. Boluntario lana egiteak, komunitatea sortzeko egiten diren ordaindu gabeko lan horiek, momentu horietan ere sortzen diren harremanek, horrek ere plazer handia ematen du, denboran iraun eta erosi ezin dena. Ah! Eta plazer honetaz gozatu nahi baduzue, jarri harremanetan Auzolan batzordeko Gibe, Minde edo Koldorekin, ehunka boluntario behar ditugu eta Kilometroak egunean.