Ikasgela berriak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2022ko mai. 7a, 09:58

Eskolak eta ikastolak bizitzarako tresna ikusezinak ematen laguntzen digute, kaleko unibertsitateak eskaintzen dizkigunekin batera. Idazten, irakurtzen, autonomo izaten, hausnartzen… irakatsiko digute, eta hala, ia bizitza osoa ikasten pasata ateratzen gara hezkuntza formaletik; ia burujabe. Lehen sosekin batera gurasoen etxetik independizatzea ere oso presente izan ohi dugu. Bagoaz!

Eta segituan, lehen hortzetakoa: erosketak etengabe egitea eta egunero hiru otordu egin beharra. Eta orduantxe, jartzen dugu balioan ordaindu gabe dagoen lana eta ardura. Orduantxe konturatzen gara, ia 30 urte ikasten egon ondoren, ez dugula kozinatzen ikasi.

Hezkuntzaren lehen ikasgaietan beharko lukete baratzezaintzak, nutrizioak eta gastronomiak. Ia sinboliko izatetik, benetako ikasgela izan beharko luke baratzak, esaterako. Bertan saiatu ikasten naturaren balioa, garaian garaikoa zergatik den, eta elikagai bat sortzearen denborak. Baina, zertarako balio du hori dena irakasteak, praktikan beste eredu bat irakasten ari bagara? Zertarako teoriak, gero catering merkeenari ematen bazaizkio gure ikasleen bazkariak? Pentsatu gabe betetzen badugu saskia?

Gure ikastolan duela urte mordoa erabaki zuten sukaldari propioa izatea, bertan kozinatu eta inguruan erosketak egitearen garrantzia praktikara eramatea.

Gure ikastolan duela urte mordoa erabaki zuten sukaldari propioa izatea, bertan kozinatu eta inguruan erosketak egitearen garrantzia praktikara eramatea. Goizero, usain desberdin batek hartzen du ikastolako sarrera, ikusten ditugu bertako harategietatik bazkarirako haragia ekartzen, baserritarra barazkiez saskia beteta... Hala ere, oraindik asko dugu ikasteko. Ikasleak bertaratu beharko genituzke goizean, kazuelak ireki, usainak sentitu, Iñigo sukaldariari entzun nondik datorren produktu bakoitza, eguraldiaren eraginaz hitz egin edota produktoreak ikasgeletara gonbidatu. Kilometroak hauek ere, bide horretan pauso batzuk izatea nahi dugu, eta saiatuko gara bertakoa zaintzen, eta sukaldeetan ere bilerak egiten.

Ikasi beharra daukagu, jaten dugun produktu bakoitzak zenbat kilometro egin dituen guk platerean izan arte, eta horrek uzten duen arrastoa. Ikasi beharra dugu lurrean eta inguruan hazitako tomateek zein zapore duten, eta zapore hori ikastean, ez dugu besterik nahiko. Ikasi beharko dugu, elikagaien atzean familiak daudela, gure inguruko paisaia produktu horiek erosiz eta janez egiten dugula. Ikasi dezagun eskuekin jaten, sudurrera gerturatu eta usaintzen, zaporeei gustua hartzen…

Behin, sukaldari bati entzun nion, supermerkatuan karroa betetzen dugun aldiko, inguruko produktoreak fusilatzen ditugula. Irudi latza! Jakoba Errekondorekin tertulian, momentu honetan jaten dugunaren %15 soilik produzitzen dugula esan zidan. Jantoki kolektibo guztietan (ospitaleak, eskola eta ikastolak, lantokiak…) bertako produktuak jango bagenitu, beste Euskal Herri bat izango genukeela, eragile diren baserriak, osasuntsuago dagoen gizartea, eta beste paisaia bat: ederragoa eta biziagoa. Gure kontraesanak kontziente egin behar ditugu, gure erosketen eragina sentitu eta pausoak ematen jarraitu. Bilakatu ditzagun baratzeak eta sukaldeak benetako ikasgela berri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!