Kilometroak kontuekin ikastolan lanean ari nintzela, antropologo izateari ezin uka, ordenagailuan nuen begi bat, baina bestea, alboko pasilloan. Duela bi hilabete, Nikaraguako neska bat hasi zen Uzturpen. Amak lagunduta etorri zen. Urte batzuk lehenago iritsi zen Euskal Herrira ama, eta orain, bere ametsa betez, alaba etorri berri da. Irudikatu besarkada. Ikastolan, hasiberritan, irakasle batek egin zion harrera; goxo. Maskarak estaltzen bazuen ere, irribarra batekin hitz egiten zion. Gazteleraz hitz egin zuten. Baina egun batzuk beranduago, eskaileran behera ikusi nituen irakaslea eta biak. «Abajo es behera, arriba se dice gora». Laster, euskara ere izango du komunikaziorako hizkuntza, eta arrotz zitzaion Euskal Herria gertuago sentituko du.
Twitter-eko eztabaidetatik harago, praktika errealak ikusten ditut hemen, haragizkoak. Prozesu honetan gauza asko daude egiteko oraindik, baina benetako konpromisoa nabari da, lana izatetik harago doana. Eta Kilometroak proiektuaren helburuetako bat dugu, gure ikasle diren familiengana gerturatzea, eurak ere ikastolako komunitateko kide sentitzea, hartu-emana lantzea; elkarri hartu eta ematea. Herrian bizi eta urrun gaudenak hurbiltzen gaitu irribarra batek, eta bai, euskara dugu helburu, baina bidean beste hamaika mugimendu gertatzen ari dira, harremanen garrantziak halako toki berezia hartuz. Euskara, ondo pasa eta harremanei atea irekitzearekin lotu behar dugu, irribarra ateratzeko.
Aurreko hilabetean, kafe-te tertulia izan genuen ikastolan. Bertan, irakasle eta jatorri desberdinetako gurasoak elkartu ginen. Ze polita izan zen! Harreman baten hasiera, eskertu zigutena, eta guk eskertu geniena; elkarlanaren abiapuntua. Laster, herriko elkarteetan bilduko gara, maiatzean Munduko sukaldeak azoka antolatuko dugu plazan, herriko txoko, ohitura eta errituak erakutsiko dizkiegu, irailean etxeetan bazkariak antolatuko ditugu ikaskide direnak euren gurasoekin…
Ikastolak elkartu gaitu, euskararen bueltan, Euskal Herrian. Kilometroak proiektuan ikastolako komunitatearen parte diren guraso horiek erakartzea lortuko ez bagenu, Kilometroak poriektuak ez ditu bere helburuak lortuko. Eta erakartzeaz gain, lan txandak egitera animatzen badira, parte sentitzen direlako, irribarra benetakoa izango da.