Auzolana 2.0

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2022ko urt. 9a, 16:58

Auzolangin(L)tza proiektuaren aurkezpena. I.S.

AUZOLANGIN(L)TZA: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza: Tolosaldean saiakera izenburu pean, Tolomendik jardunaldi polita burutu zuen udan. Harrezkero, auzolan hitza entzutean, klik bat pizten zait barnean. Zer da auzolana?

Makina bat aldiz entzuten dugun hitza da. Historikoki, irudi bat datorkigu burura: landa eremuko bizilagunak elkartuta, taldearentzat onuragarri ziren jarduerak burutzen; erabiltzen zituzten bideak konpondu eta garbitzen, esaterako. Azkenaldian, maiz ikusi eta entzuten dugu ere, marketin esamolde moduan. Baina hori ez da auzolana, baizik eta hitzak berak sinbolikoki iruditerian duen pisua erabiltzea, edozein ekintza edo ekimen panpoxago egiteko. Izan ere, euskal identitatearen osagai bat da auzolana, eta honek, gure balioetan eragina du. Hau dela eta, ezinbestekoa da auzolanaren inguruan pentsatzea. Batetik, folklorizaturik hiltzeko arriskua duelako, eta bestetik, funtsik gabe erabiliz gero, kontzeptu huts batean galdu daitekeelako.

Auzolan kontzeptua birdifinitu beharra dago, eta zentzu honetan txalotu Tolomendiren saiakera. Honenbestez, definitu beharra dago, baina ez esanahi itxi batean. Auzolanak ateak ireki diezazkiokeelako herrigintzako hainbat lani, herriko jaiak antolatzeko batzordeei adibidez, eta balioa zein ikusgarritasuna eman ekintza eta pertsona zehatzei, eta honek berarekin, hainbat aldaketa ekar ditzake, indar eta eskulanez gain, bestelako boluntario lanei garrantzia eman, kasu. 

Nahiz eta auzolana idealizatu dugun, kontuan izan behar dugu gizonen lanean jarri izan dela fokua askotan, indarrari lotuta. Eta erromantiko ikuspegia eman badiogu ere, bolondres lana izan bada ere, presio soziala ere egon da bere baitan, behartze ikusezin bat.

Auzolan indartsuak ere egiten dira gaur egun: 150 lagun auzolanean urte osoan ariko dira Ibarrako Kilometroak jaian, ehunka egunean bertan, eta auzolan horretan parte hartzeak, euskara, ikastola eta Euskal Herriarekiko atxikimendu handiago sortzea ekarriko du. Eguneratzen ere saiatuko gara, elkar-zaintza eta girotze lana sartu beharko ditugu kontzeptu berrituan, eta auzolana parekideago izateko lan egin.

XXI. mende honetan auzolanak badu foklorizaturik hiltzeko arriskua. Auzolana biziko bada, berritu egin beharko du; gaurkotu. Eta benetako auzolanei, auzolan izena eman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!