Guraso ameslariak ziren eta gara

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita: KMK koordinatzailea 2021ko aza. 5a, 16:58

Uzturpe ikastolaren sorrera. ATARIA

Hemeretzi ikaslerekin hasi zen Ibarrako ikastola, Bittori Olaetxea irakasle zela, eliza alboko lokalean. Urte batzuen ostean irakasle gehiago batu ziren: Rosarito, Patri, Maite... eta baita herriko haur gehiago ere. Frankismo testuinguruan, beste hezkuntza eredu batean sinesten zuten irakasleak ziren, euskara, euskal kultura eta herrigintza modu praktikoan, Euskal Herriko historian izan den mugimendu aipagarrienetako baten aktore.

Guraso ameslariak

«Gurasoak ere oso ausartak ziren», komentatzen dute andereñoek, oraindik ere emozioz. Ez da gutxiagorako, gurasoek beraien seme-alabak modu prekarioan zegoen hezkuntza eredu alternatibo eta berritzaile batera eramaten zituzten. Zerotik hasitako proiektua, amets bat haragiztatzeko utopia. Zozketak egiten zituzten dirua ateratzeko, herriko festetan txosna jartzen zuten, auzolanean gela berriak eraldatzen zituzten: udalak materiala jartzen zuen eta herritarrek eskulana. Herri proiektu bat izan zen, guraso ez ziren herritarrek ere parte hartu zutena.

Lehen urteetan irakasleek ez zuten kobratzen, diotenez, ez ziren oso kontziente ez zutela ezer, baina egin egin beharra zegoen, eta ilusioa borborka zutenez, aurrera atera zuten. Hala, gurasoek tranpak egiten zituzten delegaritzan ikastolako ikasgaiak justifikatzeko. Edota, gaur ikastola dagoen eraikineko gela batzuk okupatu behar izan zituzten. Eskola nazionalak zeuden bertan, baina gela asko hutsik. Bide horretan, hezkuntza delegaritzaren onespena ez bazuten ere, udalak ez zien ezezkorik esan, eta herritarren legitimazioa zuten.

Ikastolaren sendotzea

Metodologia berritzaileak praktikan jartzen zituzten, haurrek euskaraz hitz egiten zuten, utopia zirudien hura, errealitate bilakatzen ari zen.

Gaur, 51 urte beranduago, ia 500 ikasle daude Uzturpe ikastolan; 73 langile. Herriaren nortasun eta komunitatearen zutabe ezinbestekoa delarik. Oraindik ere, berrikuntza grina dute irakasleek, pasio eta ilusio atmosfera batek hartzen ditu bertako pasilloak. Eta 51 urte beranduago, 2021 urtean, auzolan erraldoi bat sortzen ari da Ibarran, kasu honetan, euskara eta Euskal Herria oinarri dituen Kilometroak berezi bat sortzeko. Guraso ameslariak ziren eta gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!